PortretakXEXILI FOIX
Xexili, euskara mikroan, “obalia” bihotzean
Haren ahotsa, uhin bidez egunero Euskal Herriko txoko guztietara iristen bada ere, Xexili Foix irratilariaren aurpegia ikusteko, Baionako Aviron errugbi taldearen zelaira hurbildu beharko duzue eta esatari euskaldunaz galdegin Pottokari.

2020eko Azaroaren 13a | | ± 05min 07s
Noiz hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?
Ideia hori pixkanaka ondu zen. Ni Baionan sortu naiz, ama euskalduna da eta aita gaskoia. Etxean gaskoia eta euskara entzuten nituen baina ez nuen ez bata ez bestea ikasi. Handitzean, euskara eskas nuela sentitu nuen eta hamabost urtetan, osabak animaturik, AEKn sartu nintzen nire anaiarekin batera. Garaian, jende anitzek erraten zigun euskara ikastea biziki zaila zela, baina nik lehen momentutik maitatu dut euskara ikasten.
Zenbat denbora iraun du euskalduntze prozesuak?
Hiru urte eman ditut guti gora behera, AEKn lehenik, gero ikastaldiak egin nituen eta mintza praktika asteburutan lagunekin; azkenean fakultatean euskal lizentzia pasa nuen. Uste dut lehen euskaldun berri diplomadunak izan garela anaia eta biok.
Zer ekarri dizu euskara ikasteak?
Pentsatzeko manera ezberdin bat ekartzen dizu lehenik. Euskarak egitura ezberdina du eta horrek erritmo bat dakar pentsamenduan, gero hitzetan agertzen dena. Hitz gutxitan gauza anitz erraten ahal dira euskaraz eta hori biziki maite dut. Beste hurbiltasun bat ekarri dit ere jende batzuekin, euskaldunen familia handian sartu naiz; euskara gure hizkuntza da, herriari, herritarren nortasunari lotua da eta guzti hori hunkitu dut. Familian, garai batean apurtu zen hizkuntza transmisioa berriz lotzea ekarri dit ere semearekin.
Lanean ere, irratigintzan aritzeko aukera eman dit...1997an, anaiak bultzaturik hasi nintzen miroaren atzean eta gaur egun, lantokiz aldatu badut ere, beti ari naiz horretan eta maite dut anitz, jendea ezagutzeko, gauzak ikasteko eta transmisiorako sekulako tresna delako.
Ligatzeko balio du euskarak?
Ligatu nahi duzunean batzuetan hitzak soberan dira....baina uste dut hizkuntza guztiak onak direla ligatzeko, ni adibide txarra naiz senar Marokoarra dudalako.
Eta haserretzeko?
Haserretzeko ere balio du. Gutxitan gertatzen zait baina gertatzen zaidanean, hobe urruntzea, azkar, ozen mintzo naizelako.
Baionan euskaldun izatea erraz da?
Euskaldun berri izatea ez da baitezpada erraz, euskaldun zaharrek ez dute beti laguntzen, anitzetan entzun dut “zure euskara ez da nirea bezalakoa”, hori gainditu behar litzateke. Manera anitz dira euskaraz aritzeko...Gero euskalduna zarela ez da zure aurpegian idatzia beraz batzuetan lehen hitza euskaraz aritzeko ohitura ez dugulako, galtzen ditugu euskaldunen artean aritzeko aukerak.
Eta euskaldun izatea errugbi zelaietan?
Errugbi klub anitz dira Euskal Herrian, nik Aviron Bayonnais taldea segitzen dut eta Baiona lehen mailara igo zelarik berriz, Francis Sallagoity garaiko presidenteak galdegin zidan Biarritzeko taldearekin jokatu beharreko derbiaren animazioa euskaraz eta frantsesez egiteko prest nintzenez. Pentsatu gabe, onartu nuen! Gero luzaz eta gustura segitu dut partidetan animazioak egiten, baina denbora faltagatik utzi dut lan hori. Orain ari den mutikoa biziki zintzoa da baina tamalez ez daki euskara.
Zure esperientziari begiratuta, zer proposatuko zenuke, euskararen alde?
Euskaraz dakiten lekuetan, pegatina bat jartzea ideia ona iruditzen zait, jadanik egin zen garai batean. Euskaldun zaharrei ere, ikasten ari den jendea laguntzeko errango nieke.
Zer errango zenioke hurbileko bati euskara ikas dezan?
Lehenik errango nioke ez dela zaila, ezberdina baizik. Hizkuntza erregularra da, logikoa da. Frantsesa askoz konplikatuagoa da, salbuespen anitzekin.
Bigarrenik, hizkuntza modernoa dela ere errango nioke eta euskararekin hobe ezagutzen dela herria, kultura, hitzek gauzak anitz dute beren baitan.
Zer errango zenioke euskaraz ezer ezagutzen ez duen atzerritar bati?
Lehenik hemengo berezitasunak aipatuko nituzke. Herri hau pasabide bat dela betidanik, aspalditik hemen bizi garela nahiz eta hori ez den irakurtzen historia liburuetan... Eta hemengo jendeak irekiak garela errango nioke, hemendik pasatako jende guztiek utzitako gauzekin aberastu den herri maitagarria.
Euskararekin loturiko anekdota bat bazenuke bukatzeko?
Nire senarra Marokoarra da eta behin Marrakex hirian ginela, nire ama, semea eta hirurok euskaraz hasi ginenean, saltzailearen harridura sortuz, ez baitzuen inoiz halakorik entzun. Orduan pareko saltzaile bat hurbildu zen eta Agur lagunak garbi bat bota ondoan, Urruñan lagunak bazituela esplikatu zigun...Te goxo bat edanez eta irri batzuk botaz bukatu genuen. Beraz Marrakexen denetarik dakite, euskara ere!
- Argazkiak: https://www.instagram.com/mintzalasai/
- Bideoa: https://youtu.be/Ppd0O4yrfDY