Elebitasunaren hautua orokortzen
2012ko Urtarrilaren 30a | ESKOLAK | ± 01min 17s
2011/2012 ikasturtean, ama eskolan eta lehen mailan Biarritzen eskolatutako 1909 haurren artean, 389 sare elebidunean edo murgiltze ereduan ziren. Beste molde batera erranda, ikasleen %20ak euskara edo euskaraz ikasten du aurten Biarritzen.
Urtez urte emendatzen
Alta, ez da beti hala izan; duela 20 urte hain zuzen ere, 1991/1992 ikasturtean, 52 ikasle besterik ez zen (%2a) eta denak ikastolan. Geroztik, klase irekitzeak eta informazio kanpainak direla medio, geroz eta guraso gehiagok egin dute elebitasunaren hautua beren haurrentzat. 2000. urtean 200 ikasleen heina gainditu zen eta 2007an 300ena.
Gaur egun, lehen mailako 6 ikastetxe publikoetatik 3k klase elebidunak zabaldu dituzte: Thermes Salins, Reptou, Paul Bert (pribatuan 2/3k).
Erronka berriak
Baina kopuruez gain, errealitate berri horrek erronka berriak sortzen ditu Euskara Bulegoarentzat. 2012an, gurasoei elebitasun goiztiarraren abantailak zein diren oroitarazteaz gain, euskara ikasten duten haur hauei euskaraz bizitzeko parada eskaini beharko die. Gaurdanik aisialdi eskaintza ugaritu beharko da, baina bihar belaunaldi horri bizitzaren etapa guzietan euskaraz bizitzea ahalbidetu behar zaio, haurtzarotik heldutasunera, nerabetasunaren garai saihetsezinetik pasaz.