UEUren Udako Ikastaroak aurten ere, Baionan
47. aldiz antolatuko ditu UEUk Udako Ikastaroak Baionan, Eibarren eta Iruñean. Izen emateak irekirik daude.
2019ko Ekainaren 19a | ± 02min 50s
Baionako ikastaroak Bernat Etxepare lizeoan iraganen dira uztailaren 1etik 3ra.
Sormena lantzen: idatz dezagun ipuin laburra.
- Baiona, uztailak 1-2
- Sormena garatzeko estrategia batzuk aurkeztu nahi ditugu eta horretarako oinarrian dauden metodologien eta teorien berri eman nahi dugu. Autonomian eta adimen anitzetan oinarrituz, saio praktiko bat eskaini nahi dugu.
Informatika desentxufatua: posible da informatika ikastea gailu digitalik gabe?
- Baiona, uztailak 2-3
- Azken urte hauetan, ikastetxeak ordenagailuz bete dira eta ondorioz sistema informatikoekin gero eta trebeagoak diren ikasleak dauzkagu, baina informatika tresna edo baliabide gisa soilik ikusten da. Ikastaro honetan konputagailuak eta tresna digitalak baztertu egingo ditugu eta horrelako tresnarik gabe konputagailuen funtzionamenduaren oinarriak ikasiko ditugu.
Askapen bide(ar)en haritik '’Garelako, zer izan nahi dugu?’’
- Baiona, uztailak 1-2
- Euskal nazioaren zerumuga naziotik Estaturako jauzian irudikatu izan dugu, zertan da nazio-estatuaren formulazioa? Eta nolakoa nahi dugu gaurdanik, praktikatik eta hausnarketatik, abertzaletasunaren, naziotasunaren... bestelako ulerkuntza eta eraikuntza bat?
W. von Humboldt gurean: hizkuntza, kultura, herria.
- Baiona, uztailak 2-3
- Ze harreman dute hizkuntzak, kulturak eta herritasunak? Zein zentzutan lotu izan dira hiru elementu horiek euskaldunez aritzean? Wilhelm von Humboldt humanista prusiarrak galdera horien bitartez pentsatu zuen Euskal Herriaz. Era berean, Humboldtek ere eragina izan du auziari heldu dioten hainbat pentsalarirengan. Ikastaro honek bi alde horiek arakatu nahi ditu.
Antzerki fisikoa. Neutraltasuna landuz, bereizten gaituenaren bila.
- Baiona, uztailak 1-2
- Ikastaro honetan, gorputza, espazioa, mugimendua eta akzioa abiapuntutzat hartuz jorratuko dugu antzerkia. Maskara neutroaren lana zimendutzat harturik, narrazio fisikoaren baliabide ugari ezagutuko ditugu, inprobisazio teknikaren oinarrizko kontzeptuak eta mugimenduaren analisia lantzen ditugun bitartean.
Euskaraz beti eta hobeki, hizkuntza landuz.
- Baiona, uztailak 2
- Azken urteetan frantsesaren kalkoak franko emendatu dira Iparraldeko euskaldunen testu idatzietan eta ahozko mintzoan. Ikastaro honetan, delako tresna aurkeztearekin batean, huts edo petto ohargarrienak erakutsiak izanen dira eta zuzentzeko bideak eskainiko.
- Antolatzailea: IKAS zentroa
- Baiona, uztailak 3
- Ikastaro honek bi atal nagusi izango ditu: goizean Euskara Batuaren Eskuliburuaren (EBE) erabilera landuko da, Euskaltzaindiaren eskutik, eta arratsaldean euskarazko terminologia-lanaren normalizazioa, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Plangintza arduradunen eskutik.
- Antolatzailea: EEP
Izena emateko: http://www.ueu.eus/