Euskaraldia eginen da!
COVID giroak eta berriz konfinatuak izateak hedatu du duda: Euskaraldia eginen ote da? Herri Batzordeek nagusiki adierazi dute baietz, Lankidetza Batzordea eta Topagunea horren berme agertu dira. Euskaltzaleon mezua argia da: Euskaraldia eginen dugu!
2020eko Azaroaren 9a | ± 02min 19s
500 ARIGUNEETARA GOAZ
500 Arigune, Ipar Euskal Herri osoan eta mota anitzetakoak: elkarte, saltoki, enpresa, zerbitzugune, erakunde publiko... Aniztasun hori eta usaian euskararen mugimenduan ikusten ez den jendea hunkitzea Herri Batzordeek eraman xinaurri lanari esker izan da. Lankidetzaren fruitua, 66 Herriko Etxe zuzenki inplikatzea. Konfinamenduagatik, engaiatu baino Arigune gutiago izanen da idekirik, baina denak Mapa batetara ekarriko ditugu, interneten eta telefonoetan eskuragarri.
500 Arigune, euskaraz lasai aritzeko 500 argi berde direlako, 15 egunez eta haratago, konfinamendutik haratago.
ARIKETA, LORGARRIAGOA
Bai, Euskaraldiaren hamabostaldian ere – azaroaren 20tik abenduaren 4ra - bizi-esparruak murritzagoak izanen ditugu eta, menturaz, euskara erabiltzeko aukera gutiago. Baina aukera dutenek lan egiten segituko dute. Segituko dugu ogia erosten. Segituko dugu lagunekin harremanetan eta etxekoekin gozatzen. Emailak, whatsappa eta sare sozialak erabiltzen. Irriz eta haserre.
Aukera paregabea da eguneroko esparru hurbil horietan hizkuntza aldaketa pizteko, euskara gehiago egiteko, bidean trebatuz eta ikasiz. Aukera gutiago baina horietan indar gehiago: ariketa lorgarriagoa izanen zaigu, asteburu konfinatuei biper zerbait ekarriz.
KONFIANTZA GIROA, ETA MOTIBAZIOA
Euskaraldia ez da nahi genuen giroan iraganen. Herri Batzordeek pentsatu mintzaldiak, tailerrak, iniziazioak, film proiekzio eztabaidak, ahalduntze bertso saioak... ezeztatu behar izan dira. Hala ere, Belarriprest eta Ahobiziek eskatzen dute euskara gehiago erabiltzeko konfiantza giro bat, eta motibazioa.
Mintzaldiak, gomendioak eta desafioak proposatuko ditugu, bide desberdinetatik: komunikabideak, streamingak eta sare sozialak beroaraziko ditugu, Euskal Herri osoarentzat pentsatu programazio baliagarri eta eskuragarri batekin.
AZAROAREN 20A HURBILTZEN ARI DA: EMAN IZENA!
Aurten ere izena ematea beharrezkoa da: euskara egunerokoan ulertzen dugun puntutik, izan gaitezke, gure engaiamenduaren arabera, Belarriprest (jendea gurekin euskaraz aritzera gomitatzeko), edo Ahobizi (lehen hitza nonahi eta denekin euskaraz egiteko). Ahal dela euskaraz aritzeko paradak biderkatu, ikasten hasi direnei ere indarra emateko, eta oraindik ez dakitenei gogoa pizteko!
>> Izena bi klikez emateko: www.euskaraldia.eus <<