PortretakAMETS PEREZ
Amets, Euskaraz Amesten
Baionako Unibertsitatean elkartu gara Amets Perezekin (1998). Duela guti bertan egon zen Euskal filologia ikasten eta orain bulegoaren bestaldean hasi da lanean Biarritzeko gau eskolan.

2021eko Urtarrilaren 22a | | ± 05min 31s
Baionan ikasle zinen duela guti eta orain irakasle zara Biarritzen.... Kontaiguzu zure ibilbidea.
Aita Oreretarra eta ama Iruindarra ditut, alta Baionan pasa nuen haurtzaroa. Oihana ikastolan pasa nituen lehen zazpi urteak. Ondotik Iruñera joan behar izan ginen ama eta biok eta han pasa nuen nerabezaroa. 16 urterekin (lizeora sartzeko garaian) Baionara itzultzeko hautua egin nuen, Etxepare lizeoan, baxo zientifikoa pasatu nuen, nire ikasketak Biologia arloan zentratu nahi nituelako. Ondotik Biologia fakultatean bi urte igaro nituen eta egia esan zaila egiten zitzaidan frantsesez kurtso guztiak segitzea. Nire pasioa euskara zela ohartzean orientazioz aldatu nuen eta hurrengo bi urteak Baionako Euskal ikasketetan igaro nituen.
Aurten AEKn hasi naiz lanean, bertan denbora tarte ertain/luze batez segitzearen esperantzarekin.
Errexa da Biarritzen euskara sustatzea?
Nire ustez euskara sustatzea edonon da misio nahiko konplikatua. Euskaldunon ardura da gure herrian bizi diren erdaldunei euskal kultura eta “Aitorren hizkuntza zaharra” erakustea. Egia da Herriko Etxeak azken urteetan hein batean laguntzak eskaintzen dituela kultura arloan, baina ez da aski. Ausartuko naiz esaten, euskara normalizatzeko denbora asko pasa beharko dela gai hori lantzen independentzia linguistikoa lortu arte. Bestalde, estatu frantsesak euskara ofizial bilakatuko balu, euskaraz bizitzea errazago izango litzateke.
Zein da Biarritzeko gau eskolako ikasleen artean perfila ohikoena?
Denetarik aurki dezakegu, ez dut uste perfila bakarra dagoenik, gau eskolan eskaintzen ditugun ordutegi eta formatuen araberan ezberdinak izaten dira. Adibidez, goizez langileak datoz, haien laneko formakuntza moduan finantzaturiko klaseak hartzera eta langabeak eta erretretan diren jende asko dago ere. Nahiko erritmo lasaia daramagu eta oso aberasgarria da ikasle zein irakaslearentzat.
Arratsetan perfila ugari nahasten dira, gurasoak, ikasleak, langileak, gazteak eta beteranoak. Festa eta irri giroa handitzen da irakasle eta ikasleen ezagutza igotzen den heinean. Azkenik, guraso taldea dugu, seme-alabekin euskaraz hitz egiteko asmoz heldu diren burasoak alegia.
Kanpotar asko dator kostaldera bizitzera; Gau eskolara hurbiltzen dira hauek?
Ezaguna da Euskal Herriko kostaldea urtetik urtera kanpotarrek kolonizatzen dutela eta zoritxarrez gutxiengo batek bakarrik egiten du euskara ikastearen hautua. Honek ez du bakarrik hizkuntzaren aldetik arazoa sortzen, gizarte arazoa bilakatzen da, adibidez hemengo gazteek etxebizitza lortzeko duten zailtasuna bezala.
Euskara txikitatik dakizu?
Euskaraz entzun nituen nire lehen hitzak. Amak euskara erlatiboki berandu ikasi zuen arren (6 urte nituelarik), aitak betidanik hitz egin dit euskaraz. Euskararekiko zuten maitasuna berandu ulertu nuen arren, haien transmisioari esker bizi naiteke euskaraz gaur. Asko eskertzen ditut niregatik eginiko esfortzua, nahiz eta ni momentuan aspertu. Lapurdin bizi den eta guraso napar eta gipuzkoarra dituen euskalduna naiz, Joseba Sarrionaindiak esaten duen moduan “Euskara da gure territorio libre bakarra”.
Eguneroko bizitzan nola estimatuko zenuke euskaraz eta frantsesez pasatzen duzun denboraren bataz bestekoa?
Etxean zein lanean euskaraz ari naiz eta lagunekin ere bai. Esango nuke euskaraz bizi garen askotariko pertsona bat naizela. Horrek sekulako plazera egiten dit, altxatzen naizen momentutik oheratzean amesten dudan arte.
Zer egingo zenuke euskara gehiago erabil edo ikas dadin?
Ez dut ez soluzio magiko edo mirakulurik. Argi dudana gutxienez, euskaraz bizi behar garela da, eta horren eskubidea irabazi behar dugula borroka anitzak eramanez. Onartezina da, adibidez gaur egun Baxoa frantsesez pasatu behar izatea, edo Herriko etxe batean euskaraz ez galdegin ahal izatea, eta beste hainbeste medikuarenean edo epaile baten aurrean.
Leku goxo bat euskaraz momentu goxo bat pasatzeko BAB aldean?
Orain itxiak diren eta espero, laster irekiko dituzten tabernak! Eta, Baiona txikiko kaleetan edo Biarritzeko hondartzan. Edozein leku da aproposa euskaraz momentu goxoa pasatzeko.
Gorroto duzun zerbait?
Gorroto dut Estatu frantsesak askatasunaren izenean hizkuntza eskubideak ematen ez dizkigunean, Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa delako, injustua eta ilogikoa iruditzen zait. Estatu frantsesean euskara ofiziala balitz, hobekuntza txikia izan arren, gauza asko erraztuko lituzkela uste dut.
Maite duzun zerbait?
Nire herria maite dut, gure jai herrikoiak, parrandak, poteoak, herri kirolak, maskaradak, NOR-NORI-NORKa, tradizioa zein modernitatea eta batez ere euskal herritarrak. Munduko herri guziek dute xarmaren bat, gorde dezagun gurea.
Zein izango litzateke zure ametsetako euskararen herria?
Euskal Herri independente, gizarte libre eta justua duen herria, eskubideak aldarrikatzen eta babesten dituena.
Bukatzeko, txikitatik esan didate amesten duenak bakarrik lortu dezakeela nahi duena, orain naiz konturatzen egia dela!
- Argazki gehiago: https://www.instagram.com/mintzalasai/