facebookinstagramyoutuberssrss

mintzalasai

Euskararen berriak #euskarabiziarazi

Euskararen aurpegiak: Fermin Muguruza

Egunero hamarnaka herritar edo egiturek biziarazten dute euskara. Bertrand 6 hilabeteko ikastaro trinkoa egiten ari da euskara ikasteko, eta Fermin Muguruza elkarrizketatu du.

2019ko Ekainaren 20a

Aspalditik nahi nuke jakin Euskaldun berri-berria zirenez? Egia baldin bada nola egin duzu?

Hogei urterekin sartu nintzen AEK-n Irunen udako ikastaro intentsibo bat egiteko (1984an). 1985ean, berriz, hilabete bateko ikastaro intentsibo bat egin nuen, baina ez nuen asko ikasi, beraz 1987an barnetegira joan nintzen, Gaztelura nire anaiarekin. Geroztik ere, ikasten segitu nuen ikastaro intentsiboekin eta kurtso arruntekin (egunero bi orduz).

Garai hartan, 1988an, idatzi nituen Kolpez Kolpe diskoko lehen kantak euskaraz (Kortaturen hirugarren diskoa). Irunen jende gutxik zekien euskaraz, gure lagun taldean ere hala zen, baina denak hasi ginen euskara ikasten. Oso militante bilakatu ginen eta jende guztiarekin hitz egiten genuen euskaraz.

Lagun talde osoa euskaldundu zen, eta aldi berean Mosku, gure auzoa, euskaldundu zen. Militantzia handia zegoen eta bazegoen euskararekiko grina. Negu Gorriak taldearekin hasi ginen, dena euskaraz egin genuen, eta Mosku osoan gazte gehienek hitz egiten zuten euskaraz, euskaldun berriak zirelako.

 

Zein da formula magikoa euskara ikasteko?

Ez dago formula magikorik. Lan egitea eta nahi izatea. Lortu arte.

Hizkuntza maitatu behar da eta denekin erabili. Garai hartan korronte handi bat zegoen euskalduntzeko eta euskararen alde.

AEKren pedagogian oso garrantzitsua zen erakustea jendea euskara ikasten ari zela : Mintzapraktika egiten genuen tabernetan, euskara taldeak antolatzen ziren… Oso garai polita izan zen, baina zaila ere.

 

Zer liburu edo disko gomendatzen ahal diozu euskara ikasten ari den norbaiti?

Nik euskara ikasten nuenean Ez dok hamairu entzuten nuen (Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi…) eta gero gauza gogorragoak: Zarama eta Hertzainak taldeen lehen diskoak atera ziren. Bageneuzkan lanabes batzuk musikaren inguruan ondo heltzeko.

Nik aholkatuko nuke sustraietatik hastea: Laboaren lehen diskoak. Adibidez, ingelesa ikasteko The Beatles entzutea bezala da euskara ikasteko Laboa entzutea.

Liburuei dagokienez, Atxagarenak irakurtzen genituen euskara ikasten ari ginelarik. Momentu hartan argitaratu zen Obabakoak liburua, eta guk azpimarratzen genuen, ulertzen ez genituen hitzak hiztegian bilatzen…

Eta gero, Sarrionandia, konplexuagoa da baina adibidez " Ni ez naiz hemengoa " oso interesgarria da.

 

Lehenik rock erradikala, gero Negu Gorriak (ska, rock, hip hop), gero reggae disko bat atera zenuen, gero dokumentala eta orain komikia eta filma… Zein da zure motorea?

Alde batetik, bizitza maite dut eta bizipoza lantzen saiatzen naiz, baina munduko injustiziek ez didate uzten, beraz hori da nire bigarren motorea : injustizien kontra errebelatzea.

Bestalde, musika maite dut, esperimentatzea, jendearekin harremantzea, bidaiatzea, gauza berriak deskrubitzea…

Esnatzen naizen bakoitzean ospatzen dut bizirik nagoela.

 

Zer nahi duzu egin sekulan egin ez duzuna?

Hemendik zenbait urtetara, espazio bat ikusten dudanean nire bizitzan, arabiera ikasi nahiko nuke Beiruten. Han instalatu bolada batez, arabiera ikasi eta handik proiektu berriak sortzen badira, bikain.

 

Mediateka, 2019-06-05, Bertrand Aupetit-Durand

Urrunago joateko: http://www.muguruzafm.eus/

Email Facebook Google Twitter LinkedIn

AGENDA

AGENDA OSOA

Informa zaitez, berripapera elektronikoari harpidetu