Euskaraz bizi #topaketa #rencontre
Santa Agate Miarritzen
Belaunaldien arteko loturak.
2020eko Urtarrilaren 30a | ± 01min 05s
Aurten ere, 50eko hamarkadan piztutako tradizioa mantenduko da Miarritzen, Santa Agate ospatuz. Gainera, azken 8 urteetan bezala, belaunaldien arteko transmisiorako baliatuko da hiriko eskola elebidunetan.
120 ikasletik gora, beltzez jantzirik eta makila eskuan, kantuz arituko dira Miarritzeko karriketan otsailaren 4an, 14:00etatik 16:00etara.
Kantu ibilbide horren bidez, euskararen guneak ezagutuko dituzte eta bertan opari edo goxokiak banatuko zaizkie: Gau Eskola, Mediateka, Clémenceau plaza eta Herriko Etxea.
Arroka elkarteko kideek aitzineko asteetan kantuak erakutsiko dizkiete eskolan bertan, eta Bertsularien Lagunak elkarteko kideek bertsoak prestatuko dituzte haurrekin batera.
Lehen aldiz, eskoletako haurrak eta Arrokako kantariak elkartuko dira Clemenceau plazan 15:00etan, ondotik Herriko Etxera joateko 16:30ean.
Santa Agatek segituko du larunbatean, otsailaren 8an. Hitzorduak: 10:00etan St Charles auzoan eta 11:30ean Merkatuan.
Ohitura zaharrari jarraipena emanen zaio aurten ere, bere elkartasun eta harreman baloreek gaurkotasuna baitute.