mintzalasai

PortretakDELIA DELANNE

Euskararen uhina surfeatzen

San Ferminetan hartzen diren ezohiko erabakien artean lehiatzeko modukoa da gaurko protagonista. Délia Delanneri (Biarritz 1996) Iruñako festa giroan piztu zitzaion euskara ikasteko determinazioa: Urte bat eta bi barnetegi beranduago, Euskal Herriko laborantxa ganbarako langile berria bihurtu da, Biarritzeko surflari dinamikoa.

2022ko Uztailaren 8a | | ± 07min 51s

Sare sozialetan kuxkuxeatu eta olatu baten gainean asmatzen zintudan gehiago, euskal mendi artean baino... Nor zara Délia Delanne?

Biarritzekoa naiz, Milady auzokoa eta familia osoa surf munduan murgiltzen da, ni zazpi urterekin hasi nintzen surfean. Aitaren partetik, amatxi Sarakoa zen, euskalduna, baina Bordelera joan zen eta nire aitak ez zuen ikasi. Kolegio eta lizeoan surf formakuntza berezia egin nuen, goizez klasean, arratsaldez olatuetan eta asteburutan txapelketak egiten nituen. Gero 18 urterekin Bordelera joan nintzen eta ohartu nintzen surfa plazerez egin nahi nuela, ez ogibidez edo lehiatzeko. Bordelen arkitektura ikasten hasi nintzen urte batez eta utzi nuen, geografia master baten egiteko. Bost urteko masterra bukatzean nire buruari galdegin nion nola lan egiten ahal nuen lurralde honetan, hemengo eragileekin hemengo hizkuntza jakin gabe? Euskara aspalditik ikasi nahi nuen baina gogoeta hori Covid garaian eduki nuen eta hor lehentasuna bilakatu zen. Gero, San Fermin bestetara joan nintzen lagun euskaldun batekin, mundiala izan zen zinez eta erran dezaket bertako giro euskalduna ezagutzean piztu zitzaidala euskararen sua hor!

Nola iragan da zure euskalduntze prozesua?

Ikusi nuen EEPk (Euskararen Erakunde Publikoa) diru laguntzak ematen zituela euskara ikasteko eta horri esker barnetegian eman nuen izena. Azkenean sei hilabeteko bi barnetegi egin ditut Lazkaon eta oso oso ongi pasa da eta asko ikasi dut. Egia erran ez da beti errex izan bereziki hastapeneko hilabeteetan, izan ere Lazkaora joan aitzin Iepa eta neska polita hitzak baizik ez nekizkien euskaraz...Gainera nik hitz egiten maite dut orduan egunak euskara ikasten pasatzea eta klaseak bukatzean erdi mutu egotea, kalakan hartzeko aukerarik gabe zaila egin zitzaidan, 3.hilabetean pixka bat ausartzen hasi eta indar guztiak egiten nituen euskaraz komunikatzeko. Gaur biziki kontent naiz elkarrizketak euskaraz edukitzen ahal ditudalako. Gainera nire lanean euskaraz ere ari naiz anitzetan, orduan ikasitakoa erabili eta atxikitzen dut.

Zinez pozik naiz giro eta mundu berri bat deskubritzen ditudalako. Bestalde, euskaldun anitzek euskara ikasteko indarra egiten duzula ikusten duten momentuan, badirudi muga bat desegiten dela, beste mundu bat irekitzen dela. Gero nik hizkuntzak maite ditut eta esaldiak nola egiten diren eta hitzak ere nolakoak diren euskaraz bizikigustatzen zait.

Biarritzeko lagunek, senideek nola erreakzionatu dute barnetegitik euskaldun itzuli zarenean?

Biarritzen lagun euskaldunak ditut eta ez ziren gehiegi harritu, izan ere surflarien artean ere bada “lokalismo” moduko bat uretan, nik uste dut anitzek euskara hitz egin nahi luketela, hemengoak direla ikus dadin. Gero nire anaia ere hasi da euskara ikasten eta haren neska laguna nirekin etorri zen barnetegira. Bada zerbait euskararekin hemengo kulturarekin eta atxikimendu hori Biarritzen ere, surf giroan ere, sentitzen ahal da.

Euskal Herriko Laborantxa Ganbaran hasi zara berriki, zertan?

Barnetegia bukatu bezain laster hasi naiz EHLGn lanean, idatzia zen nonbait. Bixente Eyherabide lankidea ordezkatzera nator. Hura izan da 15 urtez Lurrama eta beste gertakarien antolatzaile nagusia. Beharrik lanpostua utzi aitzin eduki dut harekin lan egiteko parada, ikasteko parada eta Laborantxa ganbararen inguruko laguntzaile guztiak ezagutzeko parada. Duela gutti EHLGren urtebetetze festa antolatu dugu eta EHZ festibalean prestatzen den zikiro besta ere bai. Orain Lurramaren antolaketari begira jarriko naiz baina ez naiz bakarrik izanen, Estelle eta beste jende anitz dabil gauzak antolatzen.

Gero biziki pozik naiz ere Ainiza Monjolosen lan egiteak euskaraz aritzeko parada ematen didalako eta jende asko ezagutzeko. Beldur nintzen izan ere anitzetan gertatzen da euskara jotake ikasten ibili ondoren, berehala galtzea aritzeko aukera ez duzulako. Halere hastapenean Lazkaotik etortzean denek hemen gipuzkoarra nintzela uste izan dute euskaraz hasten nintzenean, baina emeki lortu dut hemengo azentua eta hitzak nireganatzen eta pozik naiz.

Nola bizi duzu kostalde- barnealde bidai hori?

Gauza berdina gertatzen da iparralde-hegoaldearekin, guti batzuek ez dituzte gurutzatzeak gustuko.Baina nik pentsatzen dut beti aldarrikatzen dugula Euskal Herria herri bat dela, orduan bukaeraraino asumi dezagun! Lapurdikoa, Baxe-Nafarroakoa edo Gipuzkoarra, denak euskaldunak gara eta kitto! Gauza bera da euskalkiekin, herri honen aberastasuna dira orduan zergatik bereizi? Beharrik Biarritzekoa naizela eta euskara bi urtez ikasi dudala erraiten dudanean, inork ez dit ezer leporatzen, alderantziz, denak pozik dira eta ez dut kritikarik entzun Biarritzekoa izateagatik. Biarritzen euskaraz hitz egitea ez da errexa eta hori da kritikatu behar dena!

Hizkuntzaz gain, Ainizan naizenean, itsasoa faltan botatzen dut pixka bat. Kostaldean lanean zaudelarik hondartzara joan zaitezke lana bukatu ondoan, baina bestalde ikusten dut gero eta jende gehiago dagoela kosta partean eta egia da batzuetan ez dudala jendetza ikusteko gogorik.Barnekaldean lasaitasuna dago, mendia eta giro hori gustatzen zait gero eta gehiago.

Bada zerbait euskararekin hemengo kulturarekin eta atxikimendu hori Biarritzen ere, surf giroan ere, sentitzen ahal da.

Bidaiari ere bazara?

Xantza handia dut izan ere txikitatik anitz bidaiatu dut familiarekin, surf trip asko egin ditugu munduan zehar, Costa Rican, Zelanda Berrian, Marokon, Australian, Panaman eta abar...Gero ikasketen garaian ere Hego Korean eta Txilen egoteko parada eduki dut sei hilabetez.

Biziki gauza politak ikusteko parada eduki dut.

Zein da euskaraz goxo ari zaren lekua?

Lanean euskaraz aritzeko aukera dut eta gustura nago. Bestalde Biarritzeko gaztetxean ere saiatzen gira euskaraz hitz egiten lagun artean, hegoaldeko lagunekin ere bai. Azkenik, nire koinatarekin, eta festa egiten dudanean ere euskaraz aritzeko lotsa guztiak kentzen zaizkit!

Beste zaletasunik?

Kirola egitea gustatzen zait, mendian ibiltzen naiz edo bestela igerilekura noa, bestela musika entzutea, irakurtzea eta familian egotea gustuko dut.

Maite duzuna?

Nire familia. Oso ongi moldatzen gira, giro polita dugu eta harreman bikaina. Gero jendearekin harreman berriak sortzea gustatzen zait, gazteekin, adinekoekin, denekin. Uste horri esker lortu dudala lan berria, 25 urterekin sare berri bat osatzen ari naiz eta pozik naiz horrekin.

Gorroto duzuna?

Eraikin berriak nire auzoan. Miladyko etxe ondoan, eraikin bat altxatzen ari dira, eraikin zinez itsusia, etxe bakar bat zegoen lekuan. Pasatzen naizen aldiro, negar egiteko gogoa dut, ez dut ulertzen nola uzten dituzten horrelako proiektuak. Zinez pena handia ematen dit. Biarritz aldatzen ari da anitz eta ez dakit bertan bizitzeko gogoa dudan oraindik.

Amets bat?

Euskaraz bizi?


Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak | Ortzi Hegoas Maroteaux

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Ortzi Jauregi

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Enrike Lopez

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.