mintzalasai

PortretakMAIDER LOUESSARD

Maider, euskara, nire kar handia

Angeluko itsas bazterra, uhain handien burrunba eta eguzkiaren azken izpiak... Maider Louessard, eskulangile hezitzaileak gustuko duen kostalde txokoan, irriño alaia aurpegian erantzun ditu Mintza Lasaien galderak.

© LaukitikAt
irudia ikusi | © LaukitikAt

2021eko Urtarrilaren 8a | | ± 05min 28s

Noiz hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?

Angeluko ikastolan, AEKrekin, euskara ikasteko klase bat antolatu zelarik burasoentzat, horrela hasi nintzen orain dela bi urte. Hortik goiti, ez naiz gelditu. Iaz Foruko barnetegia egin nuen bost hilabetez eta aurten segitzen dut AEKrekin Baionako gau eskolan.

Hastapenean, nire kultura aberasteko hasi nintzen, nire alabaren bigarren hizkuntza gehiago ezagutu nahi nuen ere bai. Gero klasean, fite ohartu nintzen euskaran biziki gauza ezberdinak eta interesgarriak badirela eta ulertu nuen egiazko abantaila izanen zela euskara nire bizitzan barneratzea. Kar handia ukan dudala errango nuke.

Zerk erakarri zaitu euskaldunen hizkuntzan?

Leku ezberdinetan bizitzen egon naiz, ikasteko edo lan egiteko, eta hizkuntza ezberdinak ikasi ditut, sei dakizkit. Baina euskararekin, sustraiak atzeman ditut, izan ere txikitatik etortzen nintzen Biarritzera, hemen familia dudalako. Gero, kultura gehiago, harreman soziala gehiago edukitzeko garrantzitsua izan da ere bai, Euskal Herrian bizi zarelarik euskaraz aritzea pieza garrantzitsua da puzzlean.

Zer ekarri dizu euskara ikasteak?

Aurten adibidez, lan bat lortu dut euskarari esker. Gero etxean alabarentzat naturala da euskaraz aritzea eta harekin aritzea goxoki bat hartzea bezalako sentsazioa da. Bestalde, euskarak arintasuna ematen dit, plazera, irri egiteko gogoa, jendea ezagutzeko parada. Orain adibidez irrintzilari naiz, Bizkaian ikasi dut eta indar horrek dena laburbiltzen du.

Egunean zenbat ari zira euskaraz?

Orokorrean, errango nuke denbora erdia pasatzen dudala euskaraz mintzo, aste egunetan % 80 inguru, lanean ere euskaraz ari naizelako. Gero dendetan, eta beste leku anitzetan, lehen hitza betieuskaraz ematen dut eta horri esker jende euskaldunak ezagutzen ditut.

Ingurukoek zer pentsatu dute euskara ikasten hasi zarenean?

Biziki harro egon dira. Berrogei urte ditut eta duela gutxi gertatu zait nire buruaz harro egotea lehen aldiz, lan elkarrizketa bat egin dudalako oren batez euskaraz! Gogoratu naiz duela bi urte ez nekiela hitz bakar bat ere euskaraz eta orain ordu betez egon naiz. Biziki harro naiz eta ingurukoek erran didate: Gailua bat zara! Maite dut gailua hitza!

Angelun euskaldun izatea erraz da?

Ez da erreza, baina posible dela errango nuke. Gero, Euskaraldia bezalako ekintzak biziki maite ditut, bertako jende euskalduna ezagutzeko parada ematen dutelako eta bide batez, harreman berriak euskaraz sortzeko. Beste lekuetan ere euskaraz hastea inportantea da; duela gutxi tabako saltegi batean euskaraz hasi nintzen alabarekin eta bertako langileak euskaraz erantzun zigun.

Nik, proiektua badut hemen Angelun eta Biarritzen, jarduera artistiko batzuk euskaraz antolatzeko. Ez dakit xuxen zenbat euskaldun garen kostaldean, iparraldean 75 000 inguru pertsona ari gara euskaraz, beraz egia da ez da erraza, baina bai posible da euskaraz mintzatzea.

Zein da zure gustuko txokoa euskaraz aritzeko?

Biziki maite dut goizez Biarritzeko kostaldean egotea adibidez, baina hemen leku guztietan etxean sentitzen naiz.

Zure esperientziari begiratuta, zer proposatuko zenuke, euskararen alde?

Uste dut inportantea dela egiten maite ditugun gauzak plazerez egitea eta euskaraz. Euskara naturala izan behar da, alor guztietan.

Zer errango zenioke hurbileko bati euskara ikas dezan?

Galdera batekin hasiko nintzateke: Ezagutzen dituzu hitz batzuk euskaraz?

Gehienetan jendeak badaki beti zerbait erraten, “egun on, garagardobat edo musu” bezalako hitzak adibidez....Gero pertsona horri errango nioke hitz batzuekin hasten dela mintzatzen eta animatuko nuke gehiago aritzera, lotsarik eta beldurrik gabe, nirekin adibidez. Euskara berea ere badela errango nioke, hori da nire politika.

Zer errango zenioke euskaraz ezer ezagutzen ez duen atzerritar bati?

Hizkuntza eta kultura zaharra dela; agian nire familiako historiarekin hasiko nintzateke, Biarritzen, eta hortik errango nioke zer den gure kultura eta euskal hizkuntza.

Ligatzeko balio du euskarak?

Ez dakizu Kupido euskalduna dela? Bai, biziki ongi funtzionatzen du!

Akatsak egiten ditut adibidez, maite ditut... erran ordez, maite zaitut bat eskapatzen zait eta gero inozenteki barkamenak eskatzen ditut. Estrategia ona da mezuak pasatzeko.

Eta haserretzeko?

Ez naiz anitzetan haserretzen, baina euskarak zernahi egiteko balio du beraz haserretzeko ere.

Euskararekin loturiko anekdota bat bazenuke bukatzeko?

Biziki anekdota polita dut nire alabarekin. Behin, besoan ikurriña ageri zen kamisetadun txirrindulari bat pasatu genuen autoz; kamiseta ikustean: “Begira, zer irringarria den” erran nion alabari eta hark erantzun zidan: “ez ama ez da irringarria, ederra da”. Txunditua gelditu nintzen.



Olentzero

Euskaraz bizi

Olentzero

Aurten ere, ikazkin mitikoa menditik jautsiko da Mari Domingirekin batera, argiaren itzulera ospatzeko.

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak | Ortzi Hegoas Maroteaux

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Ortzi Jauregi

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Enrike Lopez

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.