mintzalasai

PortretakFILIPE OYHAMBURU

Philippe, adina bizkarrean, euskara bihotzean...

Euskal Herriak duen itzal handiko pertsona elegante baten bisitatzera joan da aldi honetan Mintzalasai. Philippe Oyhamburu Biarriztarrak (1921.06.26, Argelès-Gazost) liburutegi ondoko bere etxean hartu gaitu irriño alaia ahoan, kalakan hartzeko prest. Dantzari, kantari, idazle, mintzalari, politikari ospetsuaren portretak tarte luzeago behar luke, euskaraz, Euskal Herriaz, anarkiaz edota kulturaz kontatzeko dituen istorio guztiak agertzeko. Hona “Poupouk” mende batean bizitakoaren lagin xume bat.

Ekainaren 26an, Filipe Oyhamburuk 100 urte ospatuko ditu. © LaukitikAt
irudia ikusi | Ekainaren 26an, Filipe Oyhamburuk 100 urte ospatuko ditu. © LaukitikAt

2021eko Otsailaren 18a | | ± 06min 47s

Euskara txikitatik dakizu edo ikasi duzu?

Nere aita Biarriztarrak bere burua euskalduna sentitzen zuen baina euskara gutti zekien. Halere Ameriketan ginelarik kantuak irakasten zizkigun arreba eta bioi, “Ai, ai, mutilak” adibidez... Ama biarnesa zen, baina amaren familian Ezkurra Itsas lapurra bazen ere, beraz bi tokietatik euskotarra nintzen Sabino Arana Goirik erraten zuen bezala. 17 urtetan, hasi zait euskara ikasteko nahia, Parisen bizi ginen. Gehienetan, abertzale berriak, lehenik hasten dira abertzale izaten eta gero iristen zaie euskara ikasteko gogoa, niri alderantziz gertatu zitzaidan hasi nintzen lehenik euskara maitatzen. Ikasteko parada eduki nuen osaba baten hotelean, Hendaian pasatzen nituen uda sasoietan, hark ere ikasi nahi zuen eta elkarrekin Eyheramendy apezaren liburuaz baliatzen ginen. Gero 1940 aldean abertzaletu nintzen eta hor euskara ikasteko gogoa inoiz baino azkarragoa zen, baina ikusi nuen ere ez zela ikas errexa. Orduan baserri batera joatea erabaki nuen eta horrela egon nintzen Larresoron hilabete batez, gero Ezpeletan eta Alduden azkenik; han dena euskaraz zen. Baina hiru hilabete horiek ez ziren aski izan, eta Biarritzera itzuli nintzen euskaraz mintzatzeko kapable izan gabe. Garai hartan, Oldarra taldean hasi nintzen zuzendari artistiko bezala eta hor bazen Basterretxea izeneko Zarauzko mutiko bat, frantsesa ez zekiena eta hura laguntzeko euskaraz hasi nintzen. Taldean ere, Likiniano anarkista handiarekin eta Retolazarekin ari nintzen ere, eta Telesforo Monzonekin ere euskaraz ari nintzen anitz.

Oldarra, Etorki, Oyhamburu abesbatza, Etorburu abesbatza... Talde anitzetan ibili zara; zer hizkuntza hitz egiten zenuten?

Oldarra baino lehen Olaeta taldearekin hasi ginen eta hor Bizkaiko euskaraz ari ginen. Oldarra taldean aldiz, gehienak Biarriztarrak ziren eta frantsesez ari ginen, euskara ez zekiten. Gero Etorki taldea sortu nuen eta artista anitz jinarazten nituen hegoaldetik, musikari edo dantzariak ekartzen nituen, hori zen nire jokamoldea. Hor hiru mintzairatan ari ginen, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz alegia. Behin Errusiako Georgian egon ginen eta han biziki ongi errezibitu gintuzten, prentsaurreko, ministro eta guzti; nik nahi nuen euskara entzun dezaten izan ere anitzetan erraten da euskaldunak eta Georgiarrak ahaide direla... Orduan euskaraz hasi nintzen eta taldeko Azkaindar batek itzultzen zuen frantsesera.

Euskararen egoera aldatu da Biarritzen? Euskal Herrian?

Bistan da aldatu dela. Askok ez dakite baina Biarritzen kaskoinez hitz egiten zen garai batean, kaskoina zabaldua zen garaian eta Pasaiaraino entzuten omen zen, Pasaitar batek erranik… Garaian euskara guti entzuten zen hemen, beraz bai aldatu da. Bi egoera ikusten ditut, lehenik onera buruz: askok ikasten dute euskara orain, gazte anitz, beraz aintzinamendu bat da. Alde txarrera begira, adiskide asko ditut Baxe Nafarroan edo Xiberuan eta denek erraten didate gauza bera, haurrak frantsesez ari direla barnekaldeko herri txikietan. Gero euskara batua ikasten dute eta ni oroitzen naiz zer nolako euskara zuten Larresoroko edo Aldudeko jendek, euskara joria, aberatsa, nik uste galtzen ari den aberastasuna. Gero EITB entzuten dut eta sekulako aitzinamendua ikusten dut hor ere, hitz asko ikasten ditut. Tertulietan badira, medikuak, jakintsuak eta sekulako mintzaldiak ematen dituzte euskara ederrean. Baina kasu: ez dezagun ahantz Iruña, Bilbo edota Gasteizen, gure hiri handietan erderaz entzuten dela, ez da Katalunian bezala, Bartzelonan, aberatsak, jakintsuak katalanez ari dira hemen burgesia ez da euskaraz ari. Beraz alde baikorra eta ezkorra ikusten ditut.

"Euskaldunen elkartasuna ikaragarria da eta euskarak beti ukan du garrantzia handia."

Zer pentsatzen duzu euskararen etorkizunaz?

Pentsatzen dut euskara azkartzen, aberasten eta zabaltzen badugu Euskadiren nortasuna azkartuko genukeela, horretan da problema. Pentsa ezazu, hiru milioi inguru biztanle gira Euskal Herrian eta denok euskaraz ari bagina, nork errango luke horiek espainolak edo frantsesak dira? Orduan euskara oso oso garrantzitsua da.Zer egin behar den? Batua beharrezkoa da, dudarik gabe. Baina uste dut orain, separatuak girela euskaldunak eta gehiago gurutzatu beharko genukeela, Xiberutarrak Bizkaitarrekin eta abar... Horretarako EITB telebistak indar handia du, hor entzun behar genituzke euskalki ezberdinak ere, eta horiekin batua aberastu, batua berria egin, informazioak gehiago partekatu. Telebista hobea behar genuke, entzule gehiagorekin eta ondorioz euskara gehiago emanez; eta ez bakarrik euskara bat entzuteko baizik eta euskarak entzuteko, euskara aberasteko. Separatuak gira, gure faltaz edo heien faltaz agian, baina hor da korapiloa.

Zer errango zenioke euskara ikasi nahi duen bati?

Lehen gauza euskara ez dela ikasi errexa; asko hasten dira jo ta ke eta hiruzpalau hilabeteren buruan uzten dute. Egia zaila dela. Anitzek euskara pobrea ere ikasten dute, eta uste dut euskara joria behar dela ikasi.

Azken aholku bat, aholku bitxia agian... Nahi baduzu euskara ongi, errotik ikasi, zoaz Nafarroako herri ttiki batera erranez erdara ez dakizula. Horrela dena eginen dizute euskaraz. Zergatik Nafarroa iparraldea? Han asko hitz egiten delako eta gurea bezalako euskara ere badutelako. Orduan nire bidea segituz ala ez baina aitzina.

Baduzu euskararen inguruan anekdota polit bat kontatzeko?

Gerla denboran, gaztea nintzen, euskara gutxi nakien eta gose pasatzen genuen... Lagun batekin Donibane-Garazin ginen eta piknikatu nahi genuen, orduan joan ginen ogia erostera okindegi batera; saltzaileari frantsesez galdegin genion ogia eta hark janari tiketak genituenez galdegin zigun. Guk ezetz, tiketik ez genuela erantzun genion baina bi euskaldunentzat ogia balu berriz galdegitean, berehala eman zigun ogi pare bat. Euskaldunen elkartasuna ikaragarria da eta euskarak beti ukan du garrantzia handia.


Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak | Ortzi Hegoas Maroteaux

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Ortzi Jauregi

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Enrike Lopez

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.