PortretakPATXI ETCHEVERRY
Patxi, euskara atzo baino + bihar baino -
Familien karta jokoan bezala, Patxi Etcheverryk (Angelu 1981) bere burua zuhaitz genealogikoan kokatu behar izaten du maiz elkarrizketa baten hasieran. Ttikitatik, euskal kulturan murgildu da, etxean, zein Angeluko Hardoy auzoko pilotalekuan. Hizkuntzaren, musikaren, erroen edota transmisioaren garrantziaz hitz egin digu besteak beste, Hardoytarraken plaza librean.
2021eko Apirilaren 23a | | ± 07min 21s
Etcheverry familia erraldoian, nor da Patxi?
Ni, Patxi naiz, Angelukoa, familia Heleta aldekoa jatorriz, kirol irakaslea naiz eta musika egiten dut ere. Ttipia nintzelarik jada, nire aita (Michel Etcheverry) anitzetan segitzen nuen haren kontzertuetara baina nik ez nuen kantatu nahi, sobera herabe nintzen. Ni bateriaren atzean hasi nintzen musikan, izigarri maite nuen tresna hori. Gero nire bi lehengusuekin hasi ginen musika jotzen, Otsoak taldea sortu genuen lehenik eta gero Xitoak dantzaldi taldea ere muntatu genuen. Egun batez, Jatsuko bestetan, kantariak ezin izan zuen etorri eta azken minutuan ordezkatu behar izan nuen. Dirudienez, ez nuen gaizki egin eta geroztik kantari gisa segitu dut bi taldeetan.
Zure aitaren urratsak segitzeko gogoa zenuke?
Egia erran betidanik Rock musika maitatu dut eta dakizunez nire aitak ez du estilo hori kantatzen eta gainera ez dugu batere ahots berdina. Orduan ez dakit nola gertatu den nire hautu hori, kasualitatea den edo edo aitarekiko bide ezberdina segitzeko, ez dakit, baina horrela da.
Euskal musika izugarri maite dut eta nire "playlista" biziki zabala da, Sutagar taldetik Benito Lertxundira.
Angeluko Hardoy auzoan gira, zure auzoa.
Bai, ni Hardoy auzoan sortua naiz eta erran daiteke euskaldunen txokoa dela hemen. Pilota plaza honetan hasi nintzen Hardoytarrak taldean jokatzen ttipia nintzelarik. Nire burasoekin eta aitatxi- amatxirekin bizi ginen eta euskara betidanik entzuten nuen etxean. Gero eskolan hasi nintzelarik ohartu nintzen kasik bakarra nintzela euskara ulertzen, ibili nintzen ikastetxeetan ez zen euskara ikasteko paradarik orduan pixkanaka, ulermena atxiki bai baina mintzapraktika galdu nuen. Handitzean musikari esker sentitu dut eta ulertu dut euskara ongi jakin behar nuela. Orduan berriz hasi naiz ikasten nire kabuz etxean alde batetik eta gero formakuntza bat segitu dut, klaseak euskaraz eman ahal izateko. Orain formakuntza hori on-line segitzen ari naiz eta Uztaritzeko Saint François Xavier eskolan kirola ematen dut euskaraz. Hor ere anitz ikasten ari naiz gazteekin eta uste dut inportantea dela gazteek jarduera ezberdinak euskaraz egin daitezkeela ikus dezaten.
Euskal irakaskuntzarentzat berriak izan dira Parisetik... Berri ona izan da zuretzat, murgiltze ereduaz Frantziak hartu duena?
Bai berri ona da dudarik baina dakigun bezala, gauza bat da legea bozkatzea eta bestea dirua eta baliabideak ematea, erabakia gauzatzeko eta irakasleak formatzeko. Baina momentuz berri onaz goza dezagun.
Gaur egun zure bizitzan zertan ari zara gehiago frantsesez edo euskaraz?
Lau urteko alaba dut eta hura sortu zenean, argi eduki nuen euskaraz hitz egin behar niola, transmisioa segurtatu behar nuela. Ez nuen nahi familian euskararen transmisio prozesu hori moztu... Nire bikotea ere euskara ikasten ari da. Gero egia da Angelun frantsesa dela nagusi, orduan alabak dena ulertzen du baina oraindik frantsesez hitz egiten du gehienetan. Pixkanaka espero dut euskara nagusitzea gure familian.
Euskaraz non zira erosoago, taula gainean edo ikasleen aitzinean?
Uff, egia erran mikro baten atzean inoiz ez da erresa, frantsesez ere zaila da hitza publiko aitzinean hartzea, hitzak ongi zaindu behar dituzu zozokeriarik ez errateko. Eskolan, urte hastapenean gazteei azaldu diet formakuntza segitzen ari nintzela euskaraz irakasteko eta prozesua luzea zela baina ere ona denentzat, heiek ere euskaraz praktikatzeko aukera gehiago ukan dezaten.
Uste dut ongi ulertu eta hartu dutela, orain akatsak zuzentzen dizkiogu elkarri eta behar denean hiztegia ere elkarrekin behartzen dugu, biziki ongi pasatzen da. Nolazpait, denok ikasten ari gara elkarrekin eta espero dut gero eta erosoago arituko naizela.
Norekin partekatuko zenuke oholtza?
Euskal musika izugarri maite dut eta nire "playlista" biziki zabala da, Sutagar taldetik Benito Lertxundira. Guztien artean, badut halere biziki maite dudan Berri Txarrak taldea, xantza ukan nuen horien azken kontzertura joateko Bilbora... Uste dut rock musika garatzen jakin dutela eta gainera Xitoak taldearekin eduki genuen Berri Txarraken ondotik jotzeko parada, orduan gurutzatu dut zenbait aldiz eta biziki taldekide atseginak iruditu zaizkit. Beraz Gorka Urbizurekin gustura kantatuko nuke.
Angelun zaila da euskaldun izatea?
Ikastolaren inguruan ibiltzen diren burasoekin uste dut gauzak emeki ari direla aldatzen izan ere euskara transmititu nahi diete haurrei. Euskara ez dakiten lagun batzuk baditut seme alabentzat euskararen hautua egin dutenak. Jende askorentzat inportantea bilakatu da erroetara itzultzea, nondik gatozen jakitea, eta horretarako euskara tresna izugarria da, emeki euskara garatzen ari dela errango nuke.
Eskolan, urte hastapenean gazteei azaldu diet formakuntza segitzen ari nintzela euskaraz irakasteko eta prozesua luzea zela baina ere ona denentzat, heiek ere euskaraz praktikatzeko aukera gehiago ukan dezaten.
Gorroto duzun zerbait?
Pandemia garaia gorroto dut. Nik xantza eduki dut gure gazte garaian, egunero pilotan edo noiznahi kanpoan egoten ginelako, gero herriz herri bestan aritzen ginen, dantzatzen, zinez gaztetasun zoriontsua eduki dugu. Oraingo gazteentzat, ez da batere gauza bera. Ez da posible horrela segitzea, bada birus gaizto bat baina niretzat ez da posible askatasunik gabe bizitzea.
Beste gauza bat ere gorroto dut, paperak eta administrazio kontuak egitea... Hemen Hitza hitz ala gizona hits erranaldi famatua dugu eta ni horren aldekoa naiz; milaka paper betetzea ez dut soportatzen.
Maite duzun zerbait?
Erran dudan bezala, euskal musika biziki maite dut eta harremanak ere. Baina zuzeneko harremanak maite ditut ez ditut maite sare sozialak eta horrelako trukaketak... Orduan garai birtual hauek ez ditut gustuko.
Euskararekin pasatu zaizun anekdota batbukatzeko?
Pilotari esker, Mexikora joan nintzen Munduko Txapelketa kari. Han euskara ikasten ari zen norbait ezagutu nuen, Mikel Zuloaga izeneko gazte Txiletarra. Inoiz ez zen Euskal Herrira etorri baina euskal sustraiak hobeki ezagutu nahi zituen; Mexikon euskaraz aritzen nintzen harekin eta topaketa biziki polita izan zen, biziki interesgarria izan zen eta azkarki sentitu nuen xantza genuela euskaraz hitz egiteko eta harreman hori atxiki behar genuela.