PortretakOLENTZERO ETA MARI DOMINGI
“Guk ere bagenuke zerbait galdetzeko jendarteari…”
Elkarrizketa mamitsua eskaini digute Olentzero eta Maridomingik. Guraso, irakasle, edo heldu gisa, galdera batzuk pausatu ahal izan dizkiegu pertsonaia misteriotsu hauen zentzuari buruz.
2021eko Abenduaren 3a | | ± 04min 51s
- Zer errango zeniokete Olentzero euskal bizar xuri dela uste duen pertsonari?
Argi eta garbi oker dela erranen genioke! Bi pertsonaia guztiz ezberdinak dira. Olentzero euskal kulturari eta naturari lotua da. Urtero, argiaren mezua ekartzen die herritarrei: neguko solstizioa iragartzen du. Mezua itxaropentsua da: egunak laburtu dira, uztak ttipitu, tenperatura hoztu… baina oroitarazten dugu egunak gaua garaitukoduela, hots argiak ilunari gaina hartuko diola.
Pertsonaia honen erroak antzinakoak dira, izan ere, euskal mitologiaren eta kultur zaharraren elementuak berriz hartzen ditu eta denbora berean arrunt gaurkoa den mezuarekin gatoz. Eta bizar zuri ez dea Ipar Polokoa? Bere eremutik pixkat urrundu da ez?
- Eta Mari Domingi Olentzeroren emaztea dela uste duenari?
Azken urteetan hedatu da Mari Domingi Olentzeroren emaztea denaren ustea, baina ez da hala. Lagunak dira. Mari Domingi ez da Olentzeroren osagarria, apaingarria edo idazkaria. Bere eginbehar berezia du: berak abisatzen du Olentzero etorriko dela eta berak du lotura egiten Olentzeroren eta herritarren artean. Pertsonaia honek Olentzerok ez duen goxotasun bat ere ekartzen du.
- Prestaketetan hasiak zarete aurtengo Eguberrirako? Zein dira egin behar dituzuen lanak?
Ikatza jadanik prest da etxeak berotzeko eta haurrei ikatz berezia (jatekoa) ekarriko diegu. Laster hasiko ditugun lanak herriz herri eginen ditugun bisitak dira. Atseginez joaten gara jendearengana neguaren ondotik argia itzuliko dela eta egunak luzatuko direla iragartzera. Euskal kulturaren parte bat garenez, euskaraz hurbilduko gara haur eta helduengana eta zuengandik, euskal kantuak errezibitzea espero dugu.
- Nola portatu dira aurten euskaldunak?
Aurten ere euskaldunek frogatu dute badutela merezimendu. Neguan gazteek inoiz baino gehiago hartu dituzte plazak euskaratik eta euskaraz libertimenduetan. Udaberrian, 10.000 herritar ibili dira euskararen alde Baionan. Udan Xiberoa eta Baxe Nafarroako herritarrek Herrika antolatu dute gau eskolen alde. Eta sartze huntan usaian baino haur gehiago sartu dira ikastoletan. Ezin dugu erran gaizki portatu direnik.
Hala ere, gure hizkuntzaren egoerak tristetzen gaitu. Euskaldun anitzek ez dute euskara erabiltzen. Eta usu erraten dugun bezala, “Olentzero bizi deno, euskara biziko da eta euskara bizi deno, Olentzero biziko da.”
- Nork merezi ditu opariak eta nork ikatza?
Gu ez gira hemen pundu onak edo txarrak banatzeko. Bakoitzak jakingo du bere jokamoldea egokia edo desegokia izan den. Olentzeroren oparia argia da eta denek merezi duzue. Ikatza ere badugu denentzat, etxeak berotzeko negu honetan. Haurrek, ikatz berezia jasoko dute, sukratua.
- Zein aholku eta ideia ematen diguzue eguberri garai hau ongi pasatzeko?
Helduek ere Eguberri ospa dezazuen aholkatzen dizuegu, haurren ber ilusioarekin. Kantuak ikasi, haurrekin batera Olentzero ikustera joan, elkarrekin kantatzera… Familiarekin ospatu garai hauek, berriz elkar topatu. Azkenean, Olentzerorena ez da besta soil bat, euskararen eta euskal kulturaren inguruko elkarretaratze bat ere bada; momentu goxoak pasa ditzazuela.
- Zein mezu helarazi nahi zeniokete jendarteari urte bukaera honetan?
Esperantza helarazi nahi genioke jendarteari: egun hobeak etorriko dira. Neguaren ondotik, egunak berriz luzatuko dira eta argia itzuliko da. Garai hauetan, neguaz gain, badugu beste iluntasun bat, pandemiarena. Horri buruz ere erran nahi dizuegu egun hobeak etorriko direla. “Ez dok hamairu”, etorkizuna aldatzeko gaitasuna badugu. Ez dezagun ahantz.
Usaian, haur eta helduek digute zerbait galdetzen; baina guk ere bagenuke zerbait galdetzeko jendarteari: segi ezazue euskal kultura maitatzen, eta batez ere, kultura bizitzen eta biziarazten.
Eguberri bukatu ondoren, mendira itzuliko gira 2022 bukaera arte. Itzuliko girelarik, ea euskara ez dakitenek ikasteko urratsa egingo duten eta dakitenek gehiago erabiltzeko ahalegina…
Bitartean, eguberri on deneri!
Info+:
- https://olentzeroren-lagunak.eu/eu/
- https://www.eke.eus/eu/euskal-etnopoloa/zer-da-euskal-etnopoloa/dokumentu-baliagarriak/ondarea/olentzero/olentzero-kantuz-jalgi-hadi-baionara-2016
- https://www.eke.eus/eu/euskal-etnopoloa/zer-da-euskal-etnopoloa/dokumentu-baliagarriak/ondarea/olentzero/olentzero-kantuz-jalgi-hadi-baionara-2016/olentzero-kantuz-jalgi-hadi-baionara-egitasmoa
- https://www.eke.eus/eu/euskal-etnopoloa/zer-da-euskal-etnopoloa/dokumentu-baliagarriak/ondarea/olentzero/olentzero-kantuz-jalgi-hadi-baionara-2016/olentzero-kantuz-jalgi-hadi-baionara-bideo-batzuk
- https://www.eke.eus/eu/euskal-etnopoloa/zer-da-euskal-etnopoloa/dokumentu-baliagarriak/ondarea/olentzero/olentzero-kantuz-jalgi-hadi-baionara-2016/argazki-bilduma