mintzalasai

PortretakDELPHINE VELASCO

Biberoien artean, euskaraz goxo goxo

Ogibidez aldatu nahian, Ohakoa haurtzaindegian lan egin ahal izateko euskara indartu eta mintzapraktikan goizetik arrats aritu da Delphine Velasco (Donibane Lohitzunen, 1986). Lankideen laguntzari esker eta haur txikien goxotasuna lagun, Biarritzeko lehen haurtzaindegi euskaldunean loriatzen da orain Sokoako arrantzale familiako alaba.

2021eko Abenduaren 17a | | ± 06min 06s

Zein da Ohakoan duzun momentu gustukoena?

Goizean, burasoak haurrak uztera heldu eta horiekin dugun tartetxo hori goxoa da; haurraren berri ematen digute, gaua nola pasa duen, zer jan duen, osasunez nola dagoen, lotura momentu hori inportantea da haurraren jarraipena egiteko. Hemen Ohakoan, harreman goxo bat dugu haurrekin, eta garrantzitsua zaigu jakitea umea nola den eguna nola kudeatu hobe asmatzeko, jarrera profesionala atxikitzea beharrezkoa bada ere.

Pazientzia handia erakusten didaten lankideei esker egunez egun trebatzen naiz hemen eta eskertzen ditut.

Ohakoa izan da euskaraz ireki den lehen haurtzaindegia Biarritzen eta Iparraldean, ezta?

Bai lehena izan da iparraldean nik uste, Miarritzeko Herriko Etxeak eta Uda Leku elkarteak partaidetzan zabaldu zuten haurtzaindegi euskalduna. Garaian jada, egiazko galdera bati erantzun zioten izan ere ikastolak existitzen ziren bi edo hiru urteko haurrentzat baina ume ttipi-ttipientzat, haurtzaindegi guztietan harrera frantsesez egiten zen. Ondorioz, etxean euskaraz ari ziren burasoek ezin zioten haurrari euskarazko ingurumenik eskaini, ez bazen etxean haurtzain euskaldun bat harturik. Gaur egun zortzi langile gira Ohakoan, batzuk denbora osoz eta besteak denbora erdiz, bi haur taldetan lan egiten dugu, adinaren arabera.

Zero eta hiru urte arteko tarte hori inportantea da hizkuntza jakiteko prozesuan?

Bai inportantea da dudarik gabe, lehen-lehenik euskaldunak diren familietan, haurrarekin ama-hizkuntzan aritzeko. Euskaldun ez direnen kasuan ere, ikerketa ezberdinek erakutsi dute hizkuntza ezberdinak entzutea ttipitatik ona dela burmuinarentzat, haurrak irekiagoak direla haurtzarotik hizkuntza ezberdinak entzunez geroz.

Ikastolak existitzen ziren bi edo hiru urteko haurrentzat baina ume ttipi-ttipientzat, haurtzaindegi guztietan harrera frantsesez egiten zen.

Haur txikiekin, euskaraz lan egiteko materialaren eskaintza zabala da?

Frantsesarekin konparatuz gero, egia da eskaintza askoz eskasagoa dela. Adibidez oihalezko liburuxkak anitz erabiltzen ditugu haur ttipiekin eta horiek euskaraz gutxi dira, pena da. Gero eskaintza handiagoa da hiru urtez gorakoentzat, hor liburu biziki politak agertzen dira euskaraz ere, baina orokorrean, beste hizkuntzetan dagoen eskaintzarekin konparatzen badugu, euskarazko materialaren ekoizpena eskasa gelditzen da, bada zer egin.

Hemen diren haurren burasoak zer hizkuntzatan ari dira?

Gehienak frantsesdunak dira, baina euskaraz ari diren Miarritzeko zenbat familien haurrak ere heldu dira Ohakoara. Orokorrean, euskara ikasi edo ikasten ari diren buraso andana dugu eta euskaldun berri horiek indar handia egiten dute haurrekin euskaraz aritzeko; bide batez gurekin ere euskaraz egiten dute eta horrek laguntzen die ikaste prozesuan.

Zure kasuan noiz eta nola ikasi duzu euskara?

Ni Donibane Lohitzunen sortua naiz eta luzaz Urruñan egon naiz bizitzen. Aita Sokoakoa da eta nire amatxi ere Sokoako arrantzale familia batean hazitakoa da, portu aldean arrantza sareak konpontzen zituen horietakoa da amatxi eta euskalduna ere noski. Aitak arrain enpresa batean lan egin du eta etxean zein lanean giro euskaldunean murgilduta egon da. Nire ama bretoia da eta harentzat ere inportantea izan da beti euskararekiko atxikimendua, orduan hiru urterekin hasi nintzen eskola elebidunean. Eskolan ez nintzen biziki trebea eta onartu behar da euskara sail elebiduneko euskarazko klaseetatik jasotzen baduzu bakarrik, ateratzen zarenean ez duzula euskara menperatzen. Hortaz oharturik, euskara utzi nuen kolegioan eta arkitektura ikasketak egin nituen gero, frantsesez. Orain dela sei urte gaitasun bilan bat egin ondoan, haurrekin lan egitea erabaki nuen eta Ohakoara etorri nintzenean lan elkarrizketa batentzat ohartu nintzen euskara ez nuela aski menperatzen. Orduan AEKn izenaeman nuen berehala, klaseak hartu nituen eta haurtzaindegian lanean hasi nintzenean, murgiltze eredu bat bezalakoa izan zen niretzat. Pazientzia handia erakusten didaten lankideei esker egunez egun trebatzen naiz hemen eta eskertzen ditut.

Bestalde, ohartu naiz ere euskararekin konfiantza gehiago hartu dudala, izan ere euskaraz hitz egin eta lan egin ahal izatea lorpen handia da niretzat, nire buruaz seguruago izateko.

Haurtzaindegitik kanpo zer da egiten gogoko duzuna?

Seguraski eskola publikoan egon naizelako nire lagun taldean frantsesez ari gara eta aukera gutxi dut euskaraz aritzeko. Halere lagun batzuk euskara ikasten ari dira orain baina espero dut laster askatzea eta egun batez lagunekin euskaraz aritzeko aukera edukitzea. Bestela Miarritzen badira leku batzuk euskaraz aritzeko, adibidez Marbella hondartza aldean buraso euskaldun asko gurutzatzen ditut eta euskaraz ari gira elkarrekin, Arima denda ere bada eta beste leku batzuk. Egia gutti dela baina haurrak edukiko ditudalarik espero dut euskaraz gehiago aritzea.

Bestetik, VAE delako gaitasunen berresteko ziurtagiria egiten ari naiz momentu huntan eta horrek denbora anitz hartzen dit. Bestenaz, lagunekin ateratzea eta horiekin denbora pasatzea gustuko dut, Poteria edo eltzegintza, artea, kultura orokorrean gustuko ditut.

Gorroto duzun zerbait?

Heriotza ez dut maite. Beldur handia diot!

Maite duzun zerbait?

Eskulanak gustuko ditut, eltzegintzan bezala, eskuz gauzak egitea.

Amets bat?

Zoriontsu bizitzea, bizitza lasaia edukitzea, buruhauste handirik gabe, bestei kasu egunez, besteekin komunikatzen jakitea eta uros izatea, besterik gabe.


Olentzero

Euskaraz bizi

Olentzero

Aurten ere, ikazkin mitikoa menditik jautsiko da Mari Domingirekin batera, argiaren itzulera ospatzeko.

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak | Ortzi Hegoas Maroteaux

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Ortzi Jauregi

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Enrike Lopez

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.