Okzitanieraren aldeko kanpaina batek Cap’Com saria irabazi du
Okzitanieraren Erakunde Publikoak sorturiko komunikazio kanpaina saritua izan zen abenduaren 9an, Cap’Com foroko komunikazio arloko profesionalen eskutik, Rennes hirian.
2021eko Abenduaren 21a | | ± 01min 01s
Akitania Berria eta Okzitania eskualdeetan hedatu zen okzitanieraren aldeko kanpaina hau. Radio France irratiko mediatore den Emmanuelle Daviet-en erranetan, epaimahaiari "kanpaina justu eta pertinentea" iruditzen zaio "nortasun bat aldarrikatzen duena baina bereizketarik sortu gabe". Sari honen bidez, okzitanierak ezagupen eta ikusgarritasun gehiago lor dezake.
Kanpainaren helburua herritarrak sentsibilizatzea zen, egunerokoan ikusi edo entzun dezaketen hizkuntza eta kultura bati interesa daitezen.
Lehen aldia da gisa honetako kanpaina bat bultzatzen dela Akitania Berrian eta Okzitanian bi instituzioen arteko elkarlanean.
Komunikazio euskarrietan, frantsesez erabiltzen diren okzitanierazko hitzak agertzen dira argazkien gainean. Helburua da erakustea egunerokoan entzun eta ikusten den hizkuntza dela okzitaniera. Afixa horiek geltokietan eta sare sozialetan hedatu ziren eta hizkuntzari buruz informatzeko eta ikasteko webgune baterako lotura ere ematen dute: www.jemejettealoc.com