mintzalasai

PortretakANTHONY MICHEL

A.B eta O.M artean? Gora xuri ta urdinak!

Kirolarien arteko lehian, partiduen ondoko giroa lehenesten du Anthony Michel kazetari gazteak. Marseillako Kalankak atzean utzi eta lanerako etorri zen Baionara lehen aldiz, gero maitemindu zelakoan hasi zen euskara ikasten. Orain euskaraz entzun dezakezue egunero France Bleu irratiko uhinetan.

2022ko Martxoaren 4a | | ± 06min 49s

Marseillatik Baionara, kontaiguzu zure ibilbidea.

Marseillan handitu naiz eta 19 urterekin urrundu nintzen ikasketak kanpoan segitzeko. Bordelen kazetaritza ikasten egon ondoren, Baionan lan egiteko aukera eskaini zidaten. Garaian, ez nuen batere Euskal Herria ezagutzen, baina bizpahiru urtez iraun zuen lan kontratua bukatzean, gustora nengoen hemen eta egonaldia luzatzea erabaki nuen. Baionan egotea erabaki ondoren, euskara ikastea baliagarri izan zitekeela pentsatu nuen, lana topatzeko edo jendearekin hitz egiteko, horrela hasi nintzen AEKn klaseak hartzen. Gaur egun ongi sentitzen naiz hemen eta euskaraz eta frantsesez lan egiten dut France Bleu Pays Basque irratian.


Frantsesetik euskarara, nola pasatu da bidaia hori?

Hastapenean, euskaldun batekin maitemindu nintzen eta pentsatu nuen gure artean tarteka euskaraz aritzea interesgarria izanen zela; orduan internetetik jautsi nuen oinarrizko hiztegitxo bat, Egun on edota milesker ikasteko. Gero bikotea banandu zen baina euskara ikasteko asmoak iraun zuen eta garaiko lan kontratua bukatzean, Baionako gau eskolan hasi nintzen klaseak hartzen. Bertan, Foruako barnetegiaz hitz egin zidaten eta horrela sartu nintzen buru belarri euskalduntze prozesuan. Azkenean, hiru hilabeteko egonaldia bederatzi hilabetez luzatu nuen Bizkaian eta B2 mailarekin atera nintzen. Baionara itzuli nintzenean gau eskolan segitu nuen ikasten halere. Gaur egun, nire maila hobetzen segitzen dut lanari esker, elkarrizketak eginez, lankideekin hitz eginez eta horiek zuzentzen nautenean... Horrek laguntzen dit egunero hizkuntza kalitatea hobetzen.


Aholku bat euskara ikasi nahi dutenentzat?

Zinez, nahia behar dela errango nuke, borondate handia behar da, bestela zaila da, egitura oso ezberdinak dira frantsesarekin eta ulertzen ditugun beste hizkuntzekin konparatzen bada. Niri barnetegian egoteak lagundu nau anitz, izan ere, egunero euskaraz ari zarenean, aurrera pausuak ikusten dituzu fite eta horrek motibazioa areagotzen du erabat. Gau eskolan prozesua luzeagoa da eta denbora gehiago behar da aitzinamenduak ikusteko.

Orduan nahia eta barnetegia inportanteak direla errango nuke.


Nola erreakzionatu dute zure ingurukoek zu euskaraz entzutean?

Barregarri izan zen bereziki familiarentzat eta Marseillako lagunentzat. Erran behar da ez dudala batere loturarik Euskal Herriarekin orduan harritu ziren jakin zutenean.

Lagunek galdegin zidaten euskaraz hitz egiten zenez hemen, izan ere Marseilla aldean Proventzera hizkuntza bada baina ez da erabiltzen, edo zaharrek oso guti erabiltzen dute. Hemengo egoera azaldu behar izan nien, irratian ere euskaraz ari naizela lanean eta euskara karriketan ere entzuten dela, zaila zen heientzat hori sinestea.

Irratian lankideek bereziki eskertu dute beste euskaldun bat edukitzeaz. Gero Marseillatik etorri eta di-da batean lanean euskaraz ari naizela ikustean, batzuk aitortu dute esatari batzuk aspalditik erraten dutela euskara ikasi nahi dutela baina ez dutela oraindik urratsa egin.


Uste duzu euskara aski entzuten dela hemengo hedabideetan?

Ikusten dut hobekuntza bat, ni lanean hasi naizenetik behintzat. Baina denbora guti daramat hemen egoera ongi neurtzeko. Nik hemen Euskal irratiak edo Euskadi Irratia entzutenditut euskaraz eta France Bleu Pays Basque irratian ere, berri sail batzuk elebidunak dira eta eguerdian, oren beteko saioa euskaraz eskaintzen du Xexili Foix lankideak. Orduan bai gehiago izan daiteke, baina euskara gehiago entzuteko xedea badela uste dut.


Zein da zure leku kuttuna euskaraz aritzeko?

Ni Baiona ttipian bizi naiz eta egunero euskaraz aritzeko aukera dut, okindegian zein auzoko beste saltegi tiki ezberdinetan. Gero Kalostrape ostatuan euskaraz entzuteko leku egokia da eta giroa ere maite dut, gainera nire etxe ondo-ondoan da orduan biziki praktikoa da.


Zer du Baionak Marseillak ez duena? Eta alderantziz?

Nik Baionan bizitzea maite dut, abantaila guztiak ikusten dizkiot hiriari. Dena duzu hemen, zerbait hartzeko, zinemara joateko, kultura eskaintza zabala da, mendia, itsasoa hurbil dira eta hegoaldera joateko aukera ere. Gainera, hiri ederra da, ez da sobera handia, neurri ertain hori preziatzen dut biziki.

Marseilla aldiz, hiri ederra da baina sobera handia niretzat, jendearekin harremanak edukitzea zailago da.

Gero Marseillan, kalanka bezala ezagutzen den itsasartea zinez zoragarria da eta horrez gain, bertako jendeak bizitzari moldatzeko duena gaitasuna gustatzen zait niri. Beti B plana dute Marseillako herritarrek.


Zer egiten duzu mikro atzean ez zarenean?

Lanetik kanpo, txirrindaz ibiltzen naiz, lagunekin pote bat hartzea gustuko dut, zinemara joatea edo hegoaldera ere anitz joaten naiz, Donostiara eta Bilbora. Bestetik, Frantziako kazetarien LGBT elkarteko kide naiz ere bai. Elkartearen xedea da LGBT gaiak modu egokian tratatzeko informazioa ematea, hiztegi zuzena erabiltzea eta gai horiekin egon daitezkeen galderak erantzutea. Ez dut aspertzeko denborarik.


Zer zira O.M edo A.B zale?

Espero dut aitak ez duela nire erantzuna irakurriko izan ere OM zale amorratua da betidanik. Nik xuri eta urdinen alde naizela erratea ongi zaizu? Txantxak aparte, aitortu behar dut ez dudala kirola segitzen, baina kirolak pizten duen giroa gustuko dut, partidu batean edo ondoan sortzen den sentsazioa, zaleen arteko elkarrizketak entzutea eta abar...


Pastis edo patxaran?

Hor erraza da, Pastisa ez dut maite, bai ordea Patxarana.


Zein da Marseillan ikusteko aholkatzen diguzun lekua?

MUCEM museo handi eta ederra bisitatzea aholkatuko nuke eta bertatik abiatuta inguruan ibiltzea, Joliette auzoa, Le panier auzoa, portu zaharra eta noski kalankak ikusi behar dira absolutuki.


Amets bat?

Miss Francen moduko erantzun bat egingo dizut, bakean eta maitasunean bizitzea...

Serioago hitz egiteko, egia da azken bi urteak zailak izan direla krisi sanitarioaren ondorioz, orduan bizitza normalago batera itzultzea eskertuko nuke jende anitz bezala alegia.


Olentzero

Euskaraz bizi

Olentzero

Aurten ere, ikazkin mitikoa menditik jautsiko da Mari Domingirekin batera, argiaren itzulera ospatzeko.

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak | Ortzi Hegoas Maroteaux

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Ortzi Jauregi

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Enrike Lopez

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.