”Korrika ez da AEKrena, herriarena baizik”
Korrikaren karietara, Ihintz Oliden AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea elkarrizketatzeko aukera izan dugu: bere lana, 22. Korrika, euskara ikasleen motibazio eta perfilak… aipatu ditugu berekin.
2022ko Martxoaren 7a | | ± 05min 36s
Zure burua aurkeztuko zeniguke: nor zara eta zer da zure ibilbidea?
Ihintz Oliden naiz, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. 23 urte Belfasten pasatu eta gero, iaz itzuli nintzen Euskal Herrira eta orduan hasi nintzen lanpostu honetan.
Zerk harritu zaitu gehien AEK-n hastean? Zer errango zenuke dela zailena zure lanean?
Nahiz eta kanpoko ikuspundutik AEK etxea ttipia dela iduri duen, behin barnean sartuta bere handitasunaz ohartu naiz. Lan asko bada. Eta egia da, urte gutxian gau eskolak fite garatu direla, gero eta ikasle gehiago ditugula eta langile berriak hasi direla lanean. Horrek zailtasunak sortzen ditu finantzetan. Formakuntza gehiago proposatu nahi genituzke baina ez da beti erraza gela berriak atxematea, alokatu ahal izatea, irakasle berriak kontratatzea…
Aurten 1200 ikasle dira gau eskoletan. Beste formakuntzak gehitzen baditugu 1500 ikasle kondatzen ditugu. Gainera, kontrakoa pentsa bazitekeen ere, pandemia garaian, izen emateak emendatu dira, kopuruak ez dira apaldu.
Azalduko zeniguke orokorki zer den korrika? Zenbat kilometro, zenbat egun, zenbat parte-hartzaile, zenbat laguntzaile…
Korrika 11 egunez eta 10 gauez egiten den euskararen aldeko lasterketa da. Euskal Herri osoa zeharkatzen du, 2500 km baino gehiago egiten ditu gau eta egun, gelditu gabe.
Aurtengo edizioa Amurriotik abiatuko da martxoaren 31an (azken Korrika Araban bukatu zen eta beti probintzia beretik abiatzen da hurrengo edizioan) eta Donostian bukatuko da apirilaren 10ean. Bi aldiz pasatuko da Ipar Euskal Herritik. Lehenik, apirilaren 4an, Arnegitik sartuko da arratsaldeko 4etan eta 12 oreneko itzuli bat eginen du Baxe Nafarroan eta Xiberuan; berriz Izpegitik Hego Euskal Herrira itzultzeko.Ondotik, apirilaren 9an,goizeko 7etan berriz etorriko da Ibardineko lepotik eta gauean itzuliko da Hendaiatik Irunera Santiago zubitik pasako da Donostiaruntz segitzeko. Zubi horrek karga sinboliko handia izaten du eta beti pasatzen da Korrika bertatik.
Antolaketaren aldetik, ezin dizuet erran zenbat laguntzaile ari den lanean, batzordeak sortzen baitira herrika, AEK-ko kideak, elkarteak eta herritarrak batuz. Azken finean, Korrika ez da AEKrena, herriarena baizik, herri mugimendu bat da.
Zein dira Korrikaren helburuak?
Euskara karriketara ateratzeko aukera bat da, jendea biltzeko, motibatzeko eta ikusgarritasuna emateko. Herriarentzat, elkartzeko momentu bat da eta gau eskolak ezagutaraztea eta izen-emateak suspertzea ere ahalbidetzen du.
Bestalde, momentu bat da ere instituzioekin pundu bat egiteko eta oroitarazteko zein diren beren engaiamenduak euskararen alde.
Azkenik, helburu ekonomikoa ere badu, AEKren iraupenerako beharrezkoa den diru-bilketa egiten baita.
Iaz, korrika modu berezian ospatu zen: herriz herri ekimenak eginez. Zer bilan egin zenuten?
Ezin dugu erran iaz Korrika izan zenik, Korrika ekitaldi berezi bat baita eta aurten eginen duguna baita. Beraz, hutsune bat izan zen iaz. Erabaki zen herriz herri ekitaldi xumeak egitea eta mezu bat irakurtzea. Orotara, 80 herrietan egin zen. Hiru helburu nagusi genituen. Lehenik, konfinamenduen garaian baikinen, nahi genuen jendeek kaletara ateratzeko eta elkar topatzeko aukera bat ukatea. Bigarrenik, instituzioekilako lotura atxiki nahi genuen bilkurak galdetuz eta gutunak igorriz. Azkenik, diru-bilketa aukera bat zen. Korrika garrantzitsua da AEKren ekonomiarako, beraz eskasia hori nolabait konpentsatu nahi genuen.
Aurtengo lema “Hitzekin” da, nola azalduko zeniguke zentzua?
Hitzekin da Hitz eta Ekin. Hitzetatik ekintzera pasatu behar dela, parte hartzera. Deialdi berezi bat da ere instituzioentzat, harturiko engaiamenduak bete ditzaten.
Zer erranen zenieke jendeei Korrikara motibatzeko?
Korrika berezia dela, Euskal Herri osoan egiten den euskararen aldeko ekimenik handiena dela eta giro bikaina izaten dela. Eta laster egin nahi ez dutenak edo ezin dutenak ongi etorriak dira ikustera.
Baduzu Korrikari loturiko anekdotarik?
Luzaz urrundik segitu dut ez bainintzen Euskal Herrian bizi. Baina badut oroitzapen bat, 8 urterekin Baionako kontserbatoriotik behera korrika ari nintzela, erori eta galtza zilatu nuela.
Aurten aukera izanen duzu korri egiteko?
Espero dut kilometroren bat egiten ahalko dudala, baina oraindik ez dakigu nola antolatuko garen. Badakit kamoiean izanen naizela, baina taldeak oraindik ez ditugu finkatu. Gainera, formakuntza profesionaleko klaseak ez dira geldituko Korrika denboran eta irakasle batzuk ez dira libre izanen. Behar anitz izanen dira.
Zein da gaur egun Euskara ikasten dutenen perfila?
Perfil guztiak atxematen ahal ditugu, nahasia da. Gau eskoletan badira euskara ikasi nahi duten edo berreskuratu nahi duten gazteak, erretretadunak, ikasleak, langileak… Azken hauek gainera, meritu handiarekin, ez baita erraza lanaren ondotik gau eskolara joatea. Badira kanpotik etorri diren ikasleak, bertakoak… Bestalde, arlo profesionala dugu: euskara lanean erabiliko duten langileak, lanbidez aldatu nahi dutenak edo langabetuak.