PortretakJON LAPLACE
Animazio + / pantaila - !
Baionako Eztitxu Robles kolegioan, txapela buruan eta baloi bat eskuan harrapatu dugu Jon Laplace (Baiona, 1987) ikastetxeko hezitzailea. Nerabe zein helduekin harremanak bultzatzeko, ulermena indartzeko animazioaren garrantziaz aritu zaigu luzaz, Baiona Futbol Club taldean bizi dituen momentu gozagarriez bezainbat...
2022ko Apirilaren 1a | | ± 05min 50s
Hezitzaile kolegioan....Filma baten protagonista izanez geroz, Misio Imposibleko Tom Cruise izango zinateke?
Ez dut batere horrela ikusten, alderantziz xantza handia dudala uste dut izan ere euskal munduan hazitakoa naiz eta nahiz eta giro horretarik urrundu naizen nerabezaroan, orain Seaskan eta euskaraz lan egin ahal izatea sekulako plazera da niretzat. Animazio arloan, formakuntza ezberdinetan ikasitakoa hemen Baionan, gazteekin eta nire irakasle izandako lankide batzuekin erabili ahal izatea, plazer handia da zinez.
Eta kirol munduko izarra bazina, Didier Deschamps Baionesa litzateke?
Nire bizian lana bada eta futbola, Baiona Futbol Club batez ere. BFCren bidez eta taldearen inguruan sortu den kopzale taldearekin, asteburu guztiz animatzen ditugu Baionako auzo batzuk, danborrak ateratzen ditugu. Bestalde festibal bat antolatzen dugu, txapelketa bat, beste talde batzuk ezagutzen ditugu, joko bat sortu dugu interneten eta sekulako giroa sortzen dugu kirolaren eta kulturaren bidez.
Benetan esperientzia ederra da ohartzen zarelako jendeen artean lotura tresnak jartzen direnean, kirola, kultura bezalakoak, harremanak sortzen dira jendeen artean, jendeak elkar ulertzen du. Nik sinisten dut arrunt horretan.
Futbola horrela maite dut, musika edo antzerkia bezala, hizkuntza unibertsala delako, emozioak sortzen ditu hitzik gabe. Gero ez naiz futbolari biziki trebea eta telebistan futbola guti ikusten dut izan ere kapitalismoaren panpina batzuk baloi baten atzean ikusteak ez nau biziki interesatzen. Nik egiazko futbola dut maite, kirol zelaiaren bazterrean, ogitartekoa eta baso bat aurkariekin partekatzen dituena.
Nolakoa izan da euskararekiko zure ibilbidea?
Ikastolan egon nintzen kolegioa bukatu arte eta euskal girotik urrundu nintzen baina euskara atxiki dut beti. Gero, Parisera joan nintzen, ikasketak segitzera eta bertan ohartu nintzen euskaldun izatearen aberastasunaz. Beranduago animazioan formatu eta Euskal Herrira itzuli nintzen, Baiona inguruko leku ezberdinetan lan egin eta Seaskan lan egiteko aukera ireki zenean, hona sartu nintzen. Geroztik biziki pozik eta harro naiz hemen lan egiteaz.
Zertan datza zure lana Eztitxu Robles Kolegioan?
Alde batetik, lan administratiboa egiten dut, hala nola jantegia kudeatu, ikasleen presentzia segurtatu, sustengua eman eta abar. Gero animazio orokorrak plantan jartzen ditut ikasle eta irakasleekin. Iruditzen zait gaur egun gizartea biziki fite aldatzen dela eta ohartzen ari gara jokoa eta animazioa erantzun egokiak izan daitezkeela gaurko publikoari egokitzeko. Egindako formakuntzei esker, baditut tresna ezberdinak nerabeekin elkar mintzatzeko, proiektuak muntatzeko, komunikazio positiboaren bidez, edo kultura eta kirol tresna ezberdinei esker. Niretzat animazioa zinez tresna baikorra da eta xantza badut hemengo lan taldeak konfiantza egiten didalako eta iniziatibak gauzatzen uzten nauelako.
Bestalde, kolegioan helburua da euskaraz bizitzea, baina nik gaineratzen dut ongi sentitu behar dugula gure bizitzan, gure hizkuntzarekin ongi bizi ahal izateko. Horretarako, gazteei galdetzen diet zein diren gustuko dituzten gauzak eta helduei zer nahi duten transmititu edo landu ikasleekin, helburua delarik egiazko trukaketa bat sortzea eta horretan euskara naturala bilatzea, ikasgelatik kanpo hizkuntzarekin harreman hurbila sor dadila.
Animazioak gazteak pantailetatik urruntzeko balio duela errango zenuke ere?
Uste dut animazioa beti izaten ahal dela problematika bati erantzuteko tresna bat, adibidez Pantailik gabeko astea antolatzen denean, animazio bat da. Eta harrigarria da animazioak egiten direnean gazteek nola parte hartzen duten. Haurrek naturalki dakite zer den on edo kaltegarri heientzat. Gaur egun alternatibak atzeman behar dira gazteak pantailetatik urruntzeko, irudien eraginetik baztertzeko, eta helduak ere bai noski.
Garai gogorrak ekarri ditu Covid krisiak, gazteek gogor pairatutakoak... Hori sentitu duzu lanean?
Egia erran biziki zaila eta akigarria izan da, neurri guztiak plantan ematea, aldatzeak, protokoloak, taldeak bereiztea, xaboia, materialaren garbiketa, zinez nekagarria izan da. Gero krisi horrek lotura sozialak arrunt moztu ditu, elkartzea, hunkitzea, irri egitea debekatu ditu, ondorioz lan gehiago eskatzen du gazteak animazio baten inguruan sentsibilizatzeak. Fobia sozialak senti ditut gazteen artean, anitzek maskara kentzeko arazoak dituzte, eragina eta beldur handiak badira, zerbait aldatu dela ohartzen gara, irakasleek ere berdin diote. Kirolean, edo emaitzetan ere eraginak hor dira. Baina ohartzen gira ere haurrak perlak direla zinez, sekulako indarra dutela egoera gogorrak gainditzeko, baikor geldi gaitezen!
Zer egin daiteke gazteek zailtasun horiek gainditzeko?
Gehien behar dutena da etorkizunaren irudi baikor bat, gogoa eman behar zaie elkarteetan edo kirol, auzo proiektuetan inplikatzeko ere. Bakean utzi behar dira ere bai, lasai bizi daitezen eta askori jarri zaien kulpabilizazio zama gainetik kentzeko.
Zure leku kuttuna euskaraz momentu goxo bat pasatzeko?
Nire aitaren familiarekin nagoenean eta Baionako ostatuetan.
Gorroto duzun zerbait?
Ez dut gorroto berezirik.
Maite duzun zerbait?
Besta egitea beti ona da.
Amets bat?
Berdintasunean bizi ahal izatea.