Ideiak 2023: zure botoarekin, (euskararen inguruko) proiektu ederrak sostengatu
Departamenduko Kontseiluak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak IDEIAK 2023 mugaz gaindiko aurrekontu parte hartzailearen bigarren edizioa abiatu dute. Aurten 32 proiektu aurkeztuak izan dira mugaren bi aldeetako biztanleen artean lotura sortzeko.
2023ko Irailaren 4a | | ± 02min 07s
32 proiektu hauek ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Gai ugari hunkitzen dituzte: ekonomia, gazteria, ingurumena, kirola, kultura, hizkuntzak... Hiru hautatu behar dituzu eta zure bozkarekin menturaz haien gauzatzea ahalbidetzen ahal dugu.
Hautu zaila
Mintzalasaik proiektu bat aurkeztu du gure Eusko Ikaskuntzarekin. Bistan da, gure proiektuaren alde bozkatzera gomitatzen zaituztegu (Orain hizkuntzak – Place aux langues), gure bihotz osoa horretan ezarriko dugulako. Baina artikulu hau baliatu nahi genuke hautatuak izan diren beste proiektuez ere hitz egiteko, denek merezi baitute argia ikustea (eta ez konkurentzian emanak izatea).
Hemen aurkituko dituzu. Adibidez:
- Bihar: hizkuntza aniztasunean murgiltzeko joko kooperatibo eta konektatu baten sortzea, Plazara gure lagunen eskutik.
- KULUNKA: Euskarazko kontinak, Seaskaren eta Landarbaso abesbatzaren eskutik.
- KRISEILUA, euskararen gizarteratzea eta transmisioa bultzatuz familia eremua den ezinbesteko leku batean, Topagunearen bidez.
- ELKARTASUNAREN BEGITARTEA: Ametza eta Arizmendi ikastolak.
- GARA-GIRA- Ipar Euskal Herriko euskalkien soinuak, Badihardugu eta Zabalik.
- Eta Hemendik – Aihez - Bidasoa, Oroimena – Transfrontalitateak uhinetan...
Tira! Ez bozkatu bakarrik hurbilekoek aholkatzen duten proiektu baten alde. Hartu denbora deskubritzeko. Zure klikak mendiak altxa ditzake!
Gure proiektua
Mintzalasain, maite dena egiten jarraitu nahi da, hots, hizkuntza bitartekotza dispositiboak sortu eta zabalduz, bi lurralde horietako biztanleek euskara deskubritu, bereganatu eta parteka dezaten.
1) Sakelako hiztegitxoak, gai kolokialak ere euskaraz lantzeko;
2) Eguneroko gaiak biltzen dituzten irudigile ludo-pedagogikoak;
3) Euskara deskubritzeko tailer ludikoak.
Mintzalasaik aski boz biltzen baditu, jendeengana joanen gara (euskara ikasten dutenak, gurasoak, neofitoak, publiko prekarizatuak...) gure hizkuntza haiekin partekatzera. Material hau lizentzia libreekin ekoiztua izanen da, arriskuan diren beste hizkuntza komunitateek bere egin dezaten.
Tira! Badakizu zer egin behar duzun.
Bozka ezazue, eta bozkarazi (gure alde, baina ez bakarrik).