Lasai, baina ozen!
Mintzalasai festibalaren 11. edizioa irailaren 19ik 25erako astean iraganen da. 7 egunez, 54 hitzordu proposatuko dira 31 tokitan, 51 elkarterekin elkarlanean eta 70 laguntzaile ingururi esker. Tailerrak, iniziazioak, ate irekitzeak, hitzaldiak, proiekzioak, ikusgarriak, bisita gidatuak… Euskararen inguruan elkartzeko hamaika aukera.

2022ko Irailaren 16a | ± 01min 53s
Irakurgarritasuna hobetzeko, egitaraua ardatz batzuen inguruan antolatua da. Astelehenean kirol jarduerak izanen dira, asteartean hausnarketarako momentuak, asteazkena haurren eguna izanen da, osteguna plazerarena, ostirala kulturarena eta asteburua bestarena!
Helburu berdinak
Euskara bezalako hizkuntzen etorkizuna hein handi batean hirietan jokatzen dela sinesten dugu. 2011tik Mintzalasairen sortzaileek instituzio publikoen eta elkarte munduaren arteko lankidetzan sinesten dugu. 11 urtez, osagarritasun eta konplizitate desmartxa batean garatu dugu proiektua.
Geroztik, festibalaren helburuak ez dira aldatu:
- Hizkuntza plazerarekin lotu, hitzordu original eta berritzaileak proposatuz.
- Euskara ikusgarri egin eragile ezberdin anitz inplikatuz.
- Iritzi publikoa hizkuntza gaien inguruan sentsibilizatu.
Izan ere, Mintzalasai publiko zabalarentzat antolatua da: euskaldun zaharrentzat, gau eskoletako ikasleentzat, haur elebidunen gurasoentzat, hiztun berrientzat eta hizkuntzen maitaleentzat. Egitaraua xeheki begiratuz, publiko guzientzako hitz orduak badirela.
Tresna berri-berria
Gaur egun, “Mintzalasai” izenaren gibelean proiektu anitz badira: 3 gertakari BAM eskualde mailan (Mintzalasai Euskaltegietan, Festibala eta Ikastetxeetan), eta 3 tresna Ipar Euskal Herri mailan hedatzen direnak (webgune praktiko bat,Besta Euskaraz kita eta ezohiko gaiei buruzko hiztegitxoak).
Aurtengo berrikuntza nagusia, egutegi permanente baten sorrera izango da. Erabiltzaileak egunez egun euskarazko hitz bat eta Euskal Herriari lotutako kontzeptu bat deskubritzeko aukera izanen du. EEP eta EKEren laguntzari esker argitaratua, festibala denboran materiala hori 5€ manatzen ahalko da; ondotik, 8€tan salduko da. Eguberriko giroan, lagun erdaldunei gomita luzatzeko opari ideala.
Urtez urte, euskararen biziberritze prozesuari ekarpen konkretu bat egiten dion eragile garrantzitsua bilakatu da Mintzalasai. Eta ideiak ez dira falta hurrengo urteetarako…