Izena euskalduntzea posible da, eta sinplea!
Jende anitzen kasuan, nortasun agirian agertzen den izenak eta egunerokoan erabiltzen duenak ez dute bat egiten. 2017tik, izena aldatzeko prozedura errexagoa da.
2021eko Otsailaren 3a | | ± 01min 15s
Urraspide sinple bat Herriko Etxean
2017an izena aldatzeko urraspidea sinplifikatu zen. Geroztik, ez da auzitegira jo behar, Herriko Etxera baizik (sorlekukora edo gaur egungo bizitoki den herrira).
Lehen prozedura ordainduzkoa zen, eta aski luzea zen epailearen aitzinetik pasa behar zelako. Orain aldiz, Egoera Zibileko ofiziariak beteko du prozedura, lasterra eta urririk dena. Hala ere, hainbat frogagiri aurkeztu behar dira, informazio gehiago izanen duzue zuzenean Herriko Etxean galdetuz. Adingabeen kasuan, gurasoek abiatu behar dute prozedura, eta haurrak 13 urte baino gehiago baditu, bere adostasuna behar da.
Aldaketa galdatzeko, arrazoi "legitimo" bat izan behar da: izena irrigarria edo trufagarria izatea, transexualitate egoera batean izena aldatzea… Edo eguneroko bizian beste izen bat, edo dagokion euskal izena erabiltzea, eta hori ofizializatu nahi izatea.
Gure inguruan baditugu hainbat adibide, nortasun agirietan Bernard, Pierre, Anne-Marie, Marie-Thérèse… agertu arren, errealitatean Beñat, Peio, Aña-Mari, Maite… direnak. Orain parada dute molde ofizialean izena errexki aldatzeko.