Itsasu eta Hendaiako urratsak euskararen bidean
2021 urteko lehen zati honetan, Itsasuko eta Hendaiako Herriko Etxeek euskararen aldeko bidean aitzinatzea erabaki dute, tresna ezberdinen bidez.
2021eko Maiatzaren 4a | | ± 02min 29s
Itsasu: Hizkuntza gutxituen eta lurralde hizkuntzen Europako Ituna
Itsasuko Herriko Etxea engaiatu da Hizkuntza gutxituen eta lurralde hizkuntzen Europako Ituna sinatzera, Europako Kontseiluarekin batera.
Hitzarmen horrek, alde batetik, hizkuntza gutxituak eta lurralde hizkuntzak babesteko eta garatzeko helburua du, eta bestetik, hizkuntza horien erabilera sustatzea eremu pribatuan eta publikoan. Zazpi gai nagusi ditu: irakaskuntza, justizia, administrazioa eta zerbitzu publikoak, hedabideak, kultur jarduerak, bizi ekonomiko eta soziala, mugaz haraindiko harremanak. Ardatz bakoitzean, euskararen alde har daitezkeen neurriak zerrendatzen ditu. Ituna sinatu ahal izateko, Herriko Etxe bakoitzak 49 neurrietatik gutxienez 35 onartu behar ditu. Jarraipen talde batek engaiamendu horiek beteak direla egiaztatuko du 18 eta 24 hilabete guziz.
Itsasuko Herriko Etxeak Euskal Konfederazioa izan du bidelagun Itun honen lanketan. Orain, biek elkarlanean beste herriak gonbidatu nahi dituzte bide beretik segitzera. Momentuko, 30 herrik erakutsi dute haien interesa.
Hizkuntza gutxituen Europako Itun hau sinatuko duten Herriko Etxeek elgarrekin eginen dute 2021eko azaroan edo abenduan. Anartean, Euskal Konfederazioak laguntza eskaini die desmartxa honetan parte hartu nahi duten Herriko Etxeei, informazio gehiago emateko eta lanketa bideratzeko.
Hendaia eta Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa
Hendaiako Hiriak Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa sinatu du bete bi herrirekin batera: Uharte (Nafarroa) eta Arrigorriaga (Bizkaia).
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Donostia Europako kultur hiriburua zelarik sortu zen, 2016an. Europa osoko 30 hiztun komunitatek parte hartu zuten garaian dokumentu honen elikatzean.
2019an, dokumentu hori Hego Euskal Herriko tokiko kolektibitateekiko egokitu zen eta azaroan aurkeztu zuten Gasteizen. Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeei zuzendurikoa, berriz, Baionan aurkeztu zuten 2020ko otsailean. Bertsio hauetan, Herriko Etxeek haien eskumenen arabera plantan ezar ditzaketen hizkuntza politikak atzematen dira.
Protokolo hau ezarriko duten hiru herri pilotuak Hendaia, Uharte (Nafarroa) eta Arrigorriaga (Bizkaia) dira. Bi fasetan iraganen da: lehenik, Kontseiluko teknikariek herri horietako egoera linguistikoa aztertuko dute diagnostiko bat egiteko; eta, ondotik, hobekuntza pista batzuk zerrendatuko dituzte hautetsiak haien erabakietan laguntzeko eta hurrengo urteetako hizkuntza politikak diseinatzeko gisan.