mintzalasai

PortretakNAIA ROBLES ARANGUIZ

Musika, hizkuntza eta emozio igorlea

Euskal artisten familia handian, Robles Aranguiz abizena da letra gorriz idazten den horietako bat. Naia Robles (1968 Baiona) txikitatik egon da musikariez eta kantariez inguratua eta etxekoekin igo da oholtza gainean. Transmisioaz, musikaz eta amodioaz hitz egin dugu Baionako baratze botanikoaren erdian.

2021eko Irailaren 10a | | ± 06min 48s

Familien karta jokoan Robles Aranguizen alabarena tokatu zaizu. Karta ona da?

Ez da dudarik, joko ona dut esku artean, baina nire familian hainbeste artista izanik, ez dakit zuzen alaba, iloba edo arrebaren karta den nirea. Izan ere kantuz ari den hirugarren belaunaldiko kantaria naiz eta egia da anitz ikasi dudala bai Eztitxurekin, aitarekin eta anaiekin ere bai. Beste sortzaile andana ere bada familian, ala nola nire aitatxi Manu Robles Aranguiz, Ugutz kontalaria, Irkus margolaria... Orduan bai giro artistikoan handitu naizela erraten ahal dut tronpatu gabe eta goxoa izan dela ere bai.

Zuk ere artea duzu ogi bide?

Bai musika munduan bizi naiz. Musikoterapia formakuntza bat segitu dut eta irakaskuntzan egon naiz 22 urtez; ondotik musikan segitu dut baina publiko ezberdinekin, adinekoekin, haurrekin eta ospitaleko hematologia zerbitzuko gaixoekin egiten dut lan orain. Niretzat musika hizkuntza unibertsala eta emozioak pasarazteko biziki tresna interesgarria da. Adibidez ospitalean lasaitasun psiko-musikal saioak proposatzen ditut. Hor lehen-lehenik, inportantea da parean duzun gaixoarekin hitz egitea, nor den ezagutzea pixka bat eta momentuan nola sentitzen den ikustea gero horren arabera musika zertarako behar duen asmatzeko, alegia musika animatzeko edo lasaitzeko behar duen. Eriek hautatzen dute musikarekiko nahi duten harremana momentuko osasun egoeraren arabera, izan ere, anitzetan biziki estresatuak izaten dira ospitalean eta erlaxatzeko musika behar dute. Horrelakoetan Jost izeneko protokoloa proposatzen diet, lasaitu daitezen musikaren bidez.

Kantagintzatik aparte, zein dira Naiaren zaletasunak?

Baratzea zaintzea, bidaiatzea, irakurketa, zinemara joatea gustatzen zait eta nire hiru haurrekin egotea, handitu diren arren, beti on da haurrekin denbora pasatzea. Gainera karta berri bat agertuko da jokoan izan ere amatxi izanen naiz laster. Bitxia egiten zait nonbait baina biziaren zikloa da eta biziki pozten gira belaunaldi berri bat etortzea laster.

Niretzat musika hizkuntza unibertsala eta emozioak pasarazteko biziki tresna interesgarria da.

Proiektuak ere familian egiten dituzue

Bai egia da familia arteko lan asko egin ditugu eta horrela segitzen dugu gainera. Momentu honetan Oihan semearekin ari gara proiektu bat muntatzen. Hura musika mailan ari da lanean eta aspalditik genuen proiektu bat elkarrekin muntatzeko gogoa. Covidaren itxialdi garai luzea ongi etorri zaigu elkarlan baten prestatzeko. Ipuin musikal bat sortuko dugu, ni kontalari gisa ariko naiz eta Oihanek musikatuko du ipuina, elkarrekin eman dezagun.

Bestalde alabarekin ere hasiko gara elkarrekin kantatzen. Ez dakit oraindik noiz hasiko garen publiko aitzinean momentuz errepikak egiten ari gara. Jada Pottokaren inguruan antolatu ikuskizun batean parte hartu dugu uda honetan Baionan. Erran behar da biziki kontent garela berriz taula gainean egonik, izan ere zaila izan da kantuz aritzeko aukera kendu diguten Covid garai hori.

Mintza Lasai Festibalean ere parte hartuko duzu

Bai musikoterapia saio batzuk eskainiko ditut kolegioko gazteentzat eta helduentzat ahotsa eta arnasa lantzeko saioak ere eskainiko ditut.

Zein da kantari gisa gehien gozatzen duzun momentua?

Errepikak, kantu berriak, ideiak trumilka sortzen diren momentu horiek gozatzen ditut. Lagun arteko giroan, plazer handi bat da errepikan egotea.

Niretzat misio bat bezala kontsideratzen nuen euskara transmititzea eta hori lortu dut, irakaskuntzan lan eginez hainbat urtez eta nire haurrekin ere.

Momenturik aspergarriena?

Kontzertu ondoko desmuntaketa momentua agian. Emanaldiaren plazera eta tentsioa bukatzen denean, jende guztia trago baten hartzera doanean eta zuk materiala biltzen egon behar duzun momentu hori.

Zein da euskaraz goxo ari zaren leku kuttuna?

Xina ostatua Baionan eta ireki berri den Züzülü izeneko toki goxoa Baiona txikian. Serigrafia lantegia eta beste hamaika animazio eta hitzordu proposatzeko asmoa dute, osasun egoerak utziko duenean.

Euskara txikitatik dakizu?

2 urte nituen Donibane Lohitzuneko ikastolan hasi nintzenean. Ondotik Seaskan, lehen mailarik ez zenez, eskola publikora joan nintzen. Etxean aita euskaraz ari da baina ama ez, orduan etxean gehienetan frantsesez ari ginen. Gero Perpinyànera joan ginen bizitzera eta Parisera. Garai hartan euskara galdu nuen erabat. Aldiz Euskal Herrira berriz itzultzean, AEKn sartu nintzen eta oraindik nire baitan zegoen euskara jalgi zen berriz. Ikastaldiak egin nituen eta lortu nuen euskaraz berriz aritzea. Egia erran, Parisen bizi nintzela biziki inportantea zen niretzat Euskal Herrira itzultzea. Ez nuen batere nire burua beste leku batean ikusten. Niretzat misio bat bezala kontsideratzen nuen euskara transmititzea eta hori lortu dut, irakaskuntzan lan eginez hainbat urtez eta nire haurrekin ere. Biziki pozik naiz orain ikusten dudalarik nire hiru haurrak euskaraz ari direla bakoitza bere arloan, lehena musikan euskaraz, bigarrena Estitxu Robles Aranguiz kolegioan dokumentalista da eta azkena irrati bat euskaraz sortzeko bidean.

Anekdota bat baduzu euskararen inguruan?

Ez da anekdota bat baina niri asko gustatzen zait haurrek hizkuntzen nahas-mahas bat egiten dutelarik, adibidez “Ama ta robe est très polite” edo horrelako esapide politak ateratzen dituztenean.

Gorroto duzun zerbait?

Injustizia gorroto dut, gezurra ere. Nortasun azkarra dut eta pentsatzen dudana erraiten dut beti, parean ez bada horrela, ez dut maite.

Maite duzun zerbait?

Haurrekin edo nire lagunarekin egotea. Amodioa maite dut biziki.

Zure ametsetako euskararen herria?

Gure hizkuntza ofiziala, onartua izango den herri bat, libre, euskara ikasteko aukera librearekin.

Eta Naiaren ametsa?

Horrela segitzea da nire ametsa. Euskararen aldeko azken manifestazioetan hainbeste gazte ikusirik pentsatzen dut orain arte egin duguna fruituak ematen dituela transmisio lana egiten dela. Orduan segi dezagun.


Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Portretak

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Portretak

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Portretak

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.

Lan kolektiboan sinesten dut

Portretak

Lan kolektiboan sinesten dut

Terexa Mitxelenaren (1944, Biarritze) aurpegia ezagutzen du euskararen alde, festaz festa dabilen jendea. Diruzaintzan dituen gaitasunak iparraldeko elkarte ekintza edo kolektiboen zerbitzura jartzen ditu ahal duen aldiro. Azken esku kolpea, Mintzalasai festibalean eskaini du, Biarritzeko Marion aitziraren bazterrean.

Euskaraz ere, dena da posible!

Portretak

Euskaraz ere, dena da posible!

Hamaika proiektu, hamaika topaketa, hamaika plazer, hamaika amets... Kepa Mouescak (1987ko abendua-Baiona) hamaika bizipen izan ditu Mintzalasai abentura hasi eta elkartearen lehendakari kargua hartu zuenetik. Aurten Mintzalasai festibalaren edizioak kutsu berezia utziko dio Baionesari, hamaika urteren buruan, bide berriak irekitzeko erabakia harturik.