PortretakLUR RENTERIA
Bertsolari baino, bertsofriki nahiago
Lur Renteria (1996, Baiona) eskolaz eskola dabil Lapurdin gaindi, Bertso eskolarekin, haurrei hitzekin eta euskaraz nola jolasten den erakusten. Uda ate joka delarik, agenda betetzen du EHZ festibaleko laguntzaile gisa dituen hitzorduekin eta militante gisa sortzen zaizkion beste hamaika zereginekin.
2022ko Ekainaren 17a | | ± 06min 16s
Zure izena web bilatzailean idatzi eta mikro baten atzean ikusi zaitugu.
Bertsolari gisa ibili izan naiz oholtza gainean garai batean, hortik argazki horiek. Baina ez naiz gehiago mikro baten atzean ezartzen momentuz, ez dut sobera maite hori. Bertso irakasle naiz gaur egun, bertsoaren beste aurpegi bat lantzen dut eta transmisioan lan egiten dut. Horrez gain, beste proiektu anitzetan inplikatua naiz, adibidez EHZ festibalean, erasoen kontrako brigadetan ari naiz eta Kontseilu Sozialistan ere ari naiz.
Nola izan da zure ibilbidea bertso eskolan hasi aitzin?
Ni Baionan sortu eta hemen handitu naiz eta Baionako ikastolan egon nintzen ikasten. Gero Gasteizera joan nintzen irakaskuntza arloko ikasketak segitzera. Diploma eskutan, Baionara itzuli eta laster hasi nintzen Bertso eskolan. Klaseak Baiona, Angelu eta Miarritzen ematen ditut bereziki eta horrez gain, Uztaritze, Kanbo, Basusarri eta inguruko beste herri batzuetan ere ari naiz.
Kontaiguzu nola iragaten den bertso klase bat.
Bi klase mota eskaintzen ditugu, batetik ikastetxeetara goaz eta kurtso denboran bertsoak erakasten ditugu astean behin: bestalde, bertso eskolako saioak ematen dugu kurtsoetatik a parte. Bi formatuetan, bertsoak zer diren, nola osatzen diren azaltzen dugu, jokoak prestatzen eta gai ezberdinak lantzen ditugu, helburua delarik haurrak hitzekin jolastea eta bertsotan aritzea. Bertso eskola denboran, agian interes gehiago duten haurrak hurbiltzen dira, hor errimekin jolasten gira, bat-batean ari gira eta gauzak sakonago lantzen ditugu agian.
Lau irakasle gira klaseak ematen ipar Euskal Herrian, batek Xiberoa eta Baxe Nafarroaren parte batean ematen ditu klaseak, beste batek Lapurdi barnealde eta Baxe Nafarroako herri batzuetan, eta beste biak Lapurdi kostaldean ari gara.
Zer behar da bertsolari ona izateko?
Enbeia inportanteena da, dudarik gabe, enbeia baldin baduzu zernahi lor dezakezu, eta hizkuntzarekin jostatzeko gogoa ere.
Bertsotan nun duzu gehien gozatzen, jende aitzinean edo ikasleen aitzinean?
Ez dut sekulan gozatu mikroaren gibel hori, ez dut maite jende aitzinean kantatzea, nahiago dut arratsetan ostatuaren inguruan, lagunen artean kantatzea. Momentuko hasteko, gaizki pasatzen dut orduan hori aldatzen ez deno, ez naiz oholtzetan ibiliko. Ikasleen aitzinean aldiz, irakasle papera hartu eta pailazokeria eta ariketa ezberdinen bidez errazago pasatzen da eta gozatzea lortzen da, ez du ezer ikustekorik.
Bertsolari baino, bertsofriki kontsideratzen duzu zure burua omen?
Bai ez dut dudarik bertsozaleago naizela bertsolari baino. Anitz maite ditut bertsoak, bertsoez mintzatzea, bertso saioak ikustea, lagunekin bertsoak komentatzea, partekatzea maite dut; orduan, bai bertso friki naiz.
Baduzu bereziki gustatzen zaizun bertsolari bat?
Bereziki maite ditudan bi bertsolari ditut, Elixabet Etxandi da lehena, Izpurakoa, momentu huntan ez da ari txapelketetan baina espero dut berriz hastea izan ere biziki maite dut bere bertsokera zuzena da eta puntx anitz badu, bertsolari berezia da guztiz. Bigarrena Aitor Bizkarra da, Bizkaiko txapelketan parte hartu du aurten eta biziki maite ditut bere finezia eta bere bertsokera.
Bertsolariak baino, rap kantariak izaten dira gazteak erakartzen dituzten sortzaile berriak...lotura ikusten duzu zuk ere bien artean?
Bai uste dut biek elkar laguntzen ahal dutela errimarekin, neurriekin, baina bere denboran elkar oztopatzen ahal dute izan ere, bertsotan 7/6 – 7/6 ari gira beti eta rapak aldiz, askatasun handiagoa ematen duela errango nuke. Baina uste dut osagarriak direla biak, Odei Barrosok adibidez euskararekin jolasteko duen modua zinez gozatzen dugu, bere hitz jokoak, ideiak adierazteko moduak, bai sentsibilitate bat badugu raparekiko.
"Enbeia inportanteena da, dudarik gabe, enbeia baldin baduzu zernahi lor dezakezu."
Bidaiari ere bazira?
Aukera eduki nuen Erasmus programarekin Argentinara joateko sei hilabetez, baina horrez gain ez dut anitz bidaiatu. Nire agendak uzten didanean, espero dut bidaiatzeko aukera edukitzea, izan ere gustatzen zait leku berriak ezagutzea, bertako historia edo mugimendua ezagutzea.
Euskara ttikitatik dakizu?
Bai, ama hizkuntza dut euskara, gero ikastolan ibilia, lagunekin eta etxean ere euskaraz ari naiz, orduan bai, euskaraz bizi naizela erran dezaket.
EHZ festibaleko laguntzailea zara, hitzordu inportantea da zuretzat?
Irisarriko hitzordua ate joka dugu bai eta jotake ari gira azken gauzak prestatzen.
Egia da hitzordu inportantea dela, gazte anitz elkarrekin lan egiteko edo elkar ezagutzeko parada eskaintzen duelako, inguru berekoak ez diren gazteak gurutzatzea ahalbidetzen duelako. Gero gogoetak elkarrekin eramateko aukera ematen digu ere bai, erasoen inguruan, nahi dugun egitarauaren inguruan eta festibaletik at parte diren beste gaiak aipatzeko denbora badugu hiru ere egunez eta festa giroan.
Zein da euskaraz goxo ari zaren lekua?
Egia erran joaten naizen leku gehienetan euskaraz ari naiz, baina nire etxean biziki maite dut jendea, lagunak nire etxera etortzen direlarik, kalaka goxoak terrazan partekatzea.
Euskal Herriko leku kuttun bat?
Leku ainitz badira biziki ederrak gure Herrian. Bat azpimarratzekotan, Lapurdiko kostaldea, Angeluko itsas bazterreko ibilbidea egiteagustuko dut biziki. Ikasle garaiengatik agian, Bilbo zaharreko plaza biziki maite dut ere, plaza polita da eta hango giroa biziki gozatu dut. Zoriontsu izan naiz bertan.
Gorroto duzuna?
Gaixtokeria errango nuke