PortretakKEPA MOUESCA
Euskaraz ere, dena da posible!
Hamaika proiektu, hamaika topaketa, hamaika plazer, hamaika amets... Kepa Mouescak (1987ko abendua-Baiona) hamaika bizipen izan ditu Mintzalasai abentura hasi eta elkartearen lehendakari kargua hartu zuenetik. Aurten Mintzalasai festibalaren edizioak kutsu berezia utziko dio Baionesari, hamaika urteren buruan, bide berriak irekitzeko erabakia harturik.
2022ko Irailaren 9a | | ± 05min 25s
Aurten zer sentsaziorekin joanen zara Marion aintzirara?
Plazer handiarekin joanen naiz, plazera ahoan, hitzorduaren leloak zioen bezala. Plazera, momentu goxoa izanen delako eta gustura egindako lanarengatik ere, izan ere abentura polita izan da niretzat eta espero dut datozenentzat ere bide beretik segituko duela.
Euskaraz modu normalizatuan egin ahal izatea amesten dut noizbait.
Nola hasi zen Mintzalasai abentura zuretzat?
Hasieratik sartu nintzen Mintzalasai elkartean. Biarritzen euskararen alde zerbait antolatu asmoz, Herriko etxeak euskalgintzako eragile ezberdinak bildu zituen lehen batzordean parte hartu nuen jadanik Uda Leku elkartearen izenean. Gero bileraz bilera, zerbait hori, besta bat bilakatu zen eta egun bateko, astebeteko edo hilabete bateko topaketa bihurtu zen urteen arabera. Administrazio kontseiluan sartu nintzen bestalde eta lehendakari orde bilakatu nintzen, beste pertsona batzuekin, ardura hori asumituz hamaika urtez. Orain nire txanda bukatzen da, izan ere lan egoera aldatu dut, ez naiz gehiago Biarritzen lanean ari eta lekua uzteko garaia iritsi zait.
Eta atzera begiradarekin, zer balorazio egiten duzu?
Bertsio ugari eta mota ezberdineko edizioak izan dira baina betidanik Mintzalasaiek nahi izan du erakusleiho bat izan, Lapurdiko BAB eskualdean (Baiona, Angelu, Biarritze) euskaraz egiten diren aktibitate ezberdinen erakusleihoa, forma ezberdinak hartu dituena eta orain erran daiteke marka bat bilakatu dela. Uste dut iparralde osoan zein hegoaldean ere ezaguna den elkartea. Hasieran Biarritzen sortu zen eta gero Baiona eta Angelu hiriak batu zaizkio ekimenari. Gaur egun Biarritz eta Baionako udalek segitzen dute baina Angeluk gehiago ez parte hartzea erabaki du, gaskoiera sustengatzea lehenetsi baitu euskara baino. Domaia da Angeluko euskaldunentzat zein herriarentzat.
Errango nuke dena posible dela oroitarazi digula hitzordu honek, euskaraz denetik egin dezakegula alegia, borondatea izanez geroz. Edozer aktibitate egin daiteke euskaraz, eragile edo partaide egokiak topa daitezke gauza berriak sortzeko eta eskaintzeko. Adibidez Escape Game delako jarduera eskaini aitzin, ez nuen uste hori martxan jartzea posible izango zenik eta azkenean, bikain atera zen. Hura bezala, arno jastaketak, kirol ezberdinak, arte adierazpideak, koktel tailerrak eskaini ditugu euskarazfestibalean eta halako asko izatea espero dut! Ausartuz gauzak iristen direla errango nuke.
Zer opa diozu Mintzalasai elkarteari etorkizunera begira?
Ber ildotik segitzea opa nahi nioke, gauza berriak asmatuz, aktibitate berriak euskaraz proposatuz, eta zendako ez eremua hedatuz, Baiona Biarritzetik Lapurdi kostalde osora, euskarazko ekimen gehiago antolatuz?
Atzerritik etorri diren euskaldun berri askok aipatu didate ere Marion aintzirako topaketa.
Biarritzen lan egin eta gero, baieztatzen dizut nazioarteko herria dela, izan ere Udalekun ukan ditut zortzi hizkuntza ezberdinetan ari ziren haurrak nire taldean eta horiek batzen zituena, euskara zen. Beraz bai Mintzalasai erakusleihoaz gain ate bat da ere bai, atzerritik etorri diren biztanle berrientzat.
Zein dira buruaren txoko batean geldituko zaizkizun momentu politenak?
Nire momentu gustukoena igandeko eguna da, goizetik hasiz muntaketa lanak laguntzaileekin batera eraman eta gauean ere desmuntaketa lanak bukatzeraino. Sekulako lana izanik ere, plazer handia ekarri dit. Gero laguntzaileak eskertzeko afari bat antolatu ohi dugu eta hor ere jende horrekin biltzea sekulako plazera izan da ere bai.
Marion aintzira leku paregabea da halako topaketa baten antolatzeko, orduan momentu goxoak ditut bakarrik, txarrik ez.
Denbora nola beteko duzu orain?
Udaleku elkartea utzi dut baina animazio munduan gelditzen naiz, formakuntza zentro batean ari naiz lanean orain eta biharko animatzaileak formatzen hasiko naiz. Uztaritzera, ttikitako herrira itzultzen naiz gainera, Lapurdiko bi hiriburuen artean ibiliz, pozik.
Euskara betidanik dakizu?
Bai niretzat aita-hizkuntza da, etxean aitarekin ikasitakoa eta gero Seaskan egon naiz ikasten. Beranduago, fakultatera joateko urrundu nintzen baina ez nuen nire bidea topatu eta itzuli nintzen euskararuntz, Uda leku elkartearentzat lan eginez, baita euskaraz biziz edo irri eginez ere. Orain lanean ez dut euskaraz aritzeko aukerarik, baina lanetik kanpo, euskaraz bizi naiz.
Euskaraz gustura ari zaren leku berezi bat?
Uda lekun bizi izan dudan azken hitzorduetan, uda huntan, BAFA edo AIGA delako diploma pasatzen zuten euskal gazte andanarekin egoteko parada eduki dut. Zinez momentu polita izan da, biharko animatzaileak diren gazte euskaldun peto-peto horiekin egotea.
Amets bat?
Egun batez euskara ofiziala izateaz amesten dut. Euskaraz lan egitea, bizitzea merezi dugu, euskaraz modu normalizatuan egin ahal izatea amesten dut noizbait.