PortretakTEREXA MICHELENA
Lan kolektiboan sinesten dut
Terexa Mitxelenaren (1944, Biarritze) aurpegia ezagutzen du euskararen alde, festaz festa dabilen jendea. Diruzaintzan dituen gaitasunak iparraldeko elkarte ekintza edo kolektiboen zerbitzura jartzen ditu ahal duen aldiro. Azken esku kolpea, Mintzalasai festibalean eskaini du, Biarritzeko Marion aitziraren bazterrean.
2022ko Irailaren 30a | | ± 04min 46s
Euskararen aldeko lanak ez du etenik Biarritzeko euskaldunentzat?
Bai beti bada non lagundu. Hemen Biarritzen, Herriko Etxeko euskara zerbitzuak lan polita egiten du; urte osoan elkarteekin lan anitz egiten dute gure hizkuntza bultzatzeko eta Mintzalasai Festibala ere biziki hitzordu polita da. Nik gustura parte hartzen dut hemen eta bestalde aspalditik lan egiten dut ekitaldi ezberdinetan. Diruzaina izan naiz Seaskan ikastolako buraso gisa eta besta eta ekitaldi ezberdinetan ari naiz boluntario gisa.
Euskara ttikitatik dakizu?
Ni Biarritzeko auzo popular batean handitu naiz, Verdun karrika gaineko partean. Nire aita Uztaritzekoa zen eta ama Gixunekoa. Aitaren lehen hizkuntza euskara zen baina amak ez zekien, orduan ez nuen ttikitan ikasi. Aitak ostatu batean lan egiten zuen ordutegi zabalarekin, orduan amarekin gelditzen ginen denbora gehien eta frantsesez ari ginen beti. Aita tarteka euskaraz entzuten genuen apezekin ari zelarik.
Halere gaztetatik nere buruan argi nuen aitaren eta herri hunen hizkuntza ikasi behar nuela. Ateratzen ginenean, kantuak ezagutzen nituen euskaraz baina ez nituen ulertzen, orduan, 28 urterekin gutti gora behera hasi nintzen euskara ikasten. Garaian, AEKrik ez zegoen eta Angeluko ikasleak izeneko elkartearekin hasi nintzen kurtsoak hartzen. Garaian ez zen material pedagogikorik beraz nihaurrek grabatu nuen nire liburua eta salda egitean edo autoan entzuten nuen. Bestalde hilabete batez, gauero Beñat Oihartzabalekin egoten nintzen klaseak hartzen eta anitzetan erraten dut berari esker ulertzen dudala euskara; hark irri egiten du hori erraten dudanean baina zinez pertsona bikaina da eta anitz ikasi dut harekin. Orain pettoak egiten ditut oino baina mintzatzen ahal naiz jendeekin eta ulertzen ditut, irakurtzen dut edo emankizunak entzuten ditut euskaraz; orduan erran dezaket aski erreski erabiltzen dudala euskara.
Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Zaila da, gero eta jende gehiago dator kanpotik eta ikastolan ere gehienetan, familietan ez dira euskaraz ari. Orduan alde batetik ongi da haurrak ikastoletan jartzen dituztelako hemengo hizkuntza ikas dezaten, baina bestalde hizkuntza gero eta guttiago erabiltzen eta entzuten dela errango nuke.
Zer proposatuko zenuke euskararen egoera hobetzeko?
Lege bat beharrezkoa da, hemen euskara eta frantsesa ber heinean ezagutuak izan daitezen. Zerbitzu publikoetan langile guztiek behar lukete euskara jakin, herriko etxe, postetxe eta leku guztietan euskaraz aritu behar ginateke. Hori lortzeko borrokatu behar dugu.
Zein da euskaraz goxo ari zaren lekua?
Baionako txoko bat aipatuko dut, Züzülü lekua, Cordeliers karrikan, Nicolas Armendaritzek eramaten duena. Leku zoragarria da, coworking egiteko leku bat dago, serigrafia lanak egiten ditu bestalde eta kontzertuak antolatzen ditu ere bai, leku goxo bat da. Biarritzen, Plaza Berri osatua bada ere, pilota lekuaren ondoan, leku atsegina da ere bai.
Maite ditut ekintza eta borroka kolektiboak.
Anekdota berezi bat euskararen inguruan?
Euskara ikasten hasi nintzen momentutik, nire inguruko bi pertsonek sekulan ez didate gehiago frantsesez hitzik erran eta lagundu naute anitz bide batez. Horiek dira Filipe Bidart eta Gexan Alfaro.
Gorroto duzuna?
Behin, Biarritzeko Ekhi saltegiaren parean ginen lagun batekin euskaraz ari eta gure aitzinetik pasa zirenean, Ici on est en France erran ziguten sekulako gorroto aurpegiarekin. Nik erantzun nien Frantzian aski zutela egotea, hemen ez ginela Frantzian. Halako jendea ez dut soportatzen.
Maite duzuna?
Maite ditut ekintza eta borroka kolektiboak, nik talde batean egon behar dut. Ez dut pentsatzen zerbait bakarrik egin dezakedanik. Lan kolektiboa maite dut.
Amets bat?
Ion Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna iragarri dute berriki eta berri biziki ona bada ere, ezin dut erran zerbait lortu dugunik, pairatu duten kartzela zigor luzeegia ikusiz.
Beti izan naiz, presoen sustengatzeko kolektiboetan eta gai horrek biziki hunkitzen nau. Orduan ametsa lizateke preso guztiak libre izatea, eskumuturrik gabe, Euskal Herrian.