Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!
Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.
2022ko Urriaren 28a | | ± 05min 57s
AEKtik Mintzalasaira, euskaratik euskarara, hizkuntza duzu norabide nagusia?
Emaiten du baietz ibilbidea horrela ikustean. AEKn,hamalau urte pasanituen irakasle eta ikastaldi arduradun gisa eta orain dela sei urte Biarritzeko Herriko Etxeko Euskara zerbitzuan hasi nintzen lanean. Biarriztarra izanki, lanpostua agertu zenean,ez nuen aukera galdu Miarritzeko euskara zerbitzuan eta baita Mintzalasai dinamikan sartzeko eta euskara nire hirian gehiago mintzarazteko.
Ttikitatik dakizu euskara?
Euskara nire ama hizkuntza eta elebakarra izan naiz hiru urte bete arte, frantses eskolara sartu arte. Nire burasoak barnekaldekoak dira eta nahiz eta Biarritzen handitu,xuka mintzo nintzen heiekin beti. Eskolara sartu eta bi aste beranduago aldiz, etxera sartu nintzen burasoei erranez euskaraz ez nuela gehiago hitz egin nahi. Hor burasoen erreakzioa argia izan zen;erran zidaten nahi nuena egiten ahal nuela baina biek nirekin euskaraz mintzatzen segituko zutela. Horri esker ulermena ez dut sekulan galdu, aldiz mintzamena osoki. Gero hamabi urterekin pilotan hasi eta ohartu nintzen posible zela hirian bizitzea eta euskaraz mintzatzea. Orduan emeki berriz hasi nintzen euskaraz mintzatzen, kurtsoak hartzen hasi nintzen ere eta lagunekin lotu nintzen berriz euskarari. Garai horietan deskubritu nuen ere euskal mundua, euskalgintza. Euskal ikasketak hasi nituen Baionan eta hor ere, asko ikasi nuen nahiz eta ikasketak ez bururatu.
Lanari doakionez, banketxe batean lan egin nuen bi urtez eta aski izan zen horretan ez nuela segitu nahi ohartzeko. Ber denboran, Biarritzeko gau eskolan ari nintzen erakasle eta lehendakari gisa eta bertan egonik argi eduki nuen euskara hor nuela nonbait sakonean. Bide batez, euskararen alde lan egiteko asmoa ere baieztatu zen. AEKn postu bat libratzen zela jakitean nire burua aurkeztu nuen Baionako egoitzan eta horrela hasi nintzen.
Baiona eta Biarritze artean mugitzen zira... Euskara berdin bizi da bi auzo hirietan?
Iruditzen zait bien arteko giro ezberdintasuna emeki ttipitzen ari dela, zoritxarrez. Duela hamar bat urte egia da errexago zela euskaraz aritzea Baiona batean Biarritzen baino, ostatu, elkarte leku euskaldun gehiago zirelako orohar. Baina orain Baionan ere giroa aldatu da eta euskarak leku guttiago du. Biarritzen euskaraz aritzea zailago da aspaldi eta gero eta zailago dela errango nuke. Joateko ohitura genuen garai bateko ostatuak hetsi dira, baina badirudi leku batzuk irekitzen ari direla ere nonbait azken boladan.
Ez dut ezkorra izan nahi, gure eguneroko lana baita euskara plazan entzuteko lana bultzatzea. Baina denok, elkarrekin, elkarteekin elkarlanean lan egin behar dugu gogor, izan ere, erronka handia dugu gainditzeko.
Zer da euskarak behar duena?
Uste dut sentsibilizazio lan handia eta orokorra eraman behar dugula. Euskaldun gero eta guttiago gira eskualde huntan eta euskara gero eta guttiago entzuten da,bereziki gune urbanoetan. Ondorioz, bizitzera etortzen den jendea ez da baitezpada ohartzen beste hizkuntza bat dugula hemen eta uste dut jende hori sentsibilizatu behar dela, lurralde hori ongi ezagut dezaten, errespeta dezaten eta uler dezaten hemen gauza asko hizkuntzari lotuak direla.Guk badakigu altxor bat dugula euskararekin baina horiei erakutsi behar diegu.
Bestalde, erran zahar batek dioen bezala, euskara galtzen da ere bai dakitenek erabiltzen ez dutelako. Zentzu horretan ere euskaldunok indar gehiago egin behar genuke gurean aritzeko, adibidez lehen hitza beti euskaraz eginez, jarduerak sortuz, hots gure presentzia gehiago markatuz. Hori da Mintzalasai elkartean ditugun erronkak.
Festibala, liburuxkak, sare sozialak, zenbat ekimen egiten dira euskaraz bataz beste Biarritzen?
Mintzalasai festibalean jadanik 50 hitzordu inguru proposatzen ditugu irailean, Biarritz eta Baiona artean. Gero euskara zerbitzuarekin saiatzen gara beste hainbat jarduera proposatzen kulturarekin eta hizkuntzarekin lotuak direnak. Adibidez Olentzero edo Santa Ageda bezalako ospakizunak proposatuz, herritarrei orokorrean eta eskoletan euskara ikasten duten haurrei bereziki, ikasgelatik kanpo gure hizkuntza bizi dela erakusten diegu eta euskal kulturaren egutegia eta ondarea ezagutarazten ere bai.
Vivianek zertan pasatzen du denbora librea?
Aski epikurianoa naiz orduan, lagunekin denbora pasatzea gustuko dut; gero pilotan ari naiz aspaldidanik eta Zumba klaseak hartu ditut luzaz.
Euskarak zertarako balio du gehiago, haserretzeko eta harremantzeko?
Euskara dena egiteko baliagarri da. Harremanak lotzeko edo sakontzeko niretzat euskara errexago, naturalagoa da frantsesa baino.
Euskaraz gustura ari zaren leku bat?
Biziki maite dudan lekua Kalostrape ostatua da Baionan. Gaineko estaietan dauden Baionako AEKko eta gau eskolako jendearentzat mintzapratika leku bikaina da eta horrez gain biziki leku polita eta atsegina da, bere historia duena. Jende eta bezero mota biziki ezberdinak topatzen dira gainera Kalostrapen, nahasketa ederrak sortzen dira bertan eta biziki maite dut hori.
Amets bat?
Lurralde honi eta euskarari lotua da nire ametsa, hemen euskara askatasunez aukera izan dezagun komunikatzeko, estralurtar batzuk bezala kontsideratuak izan gabe.