mintzalasai

PortretakNAHIA CORRIHONS

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

2022ko Abenduaren 9a | | ± 05min 48s

Oporrak asko maite dituzulako Udalekun lan egitea erabaki zenuen edo?

Udalekun egonaldi bat egin nuen sei urte nituelarik eta beti geratu zait markatua. Orduan Uda Lekun lan egiteko paradaz hitz egin zidatenean, saiatzea erabaki nuen eta ikaragarri maitatu nuen haurrekin jostatzea eta haiek bezain haur izatea. Animazio lana horrela deskubritu nuen eta formatzeko erabakia hartu nuen, BPJEPS delako titulua pasaz. Animatzaile gisa hasi nintzen hemeretzi urte nituenean eta gaur egun Biarritzen lan egiten dut eta Uda Lekuko zuzendaria naiz ere bai, 2022ko urte hastapenetik. Animazio saila biziki gustuko dut, gazteekin ateraldiak antolatzea bereziki gustatzen zait. Biarritzeko Udalekun ere zinez giro bikaina dugu haurrak zoragarriak dira eta asteazken arratsaldero, haurrekin eta beste langileekin gaztetxe ttiki bat bezala muntatzen dugu.

Nondik nora ibili zara besteen oporrak prestatu aitzin?

Ni Donostian sortu nintzen eta garaian Villabonan bizi ginen. Gero Bizkaiara joan ginen bizitzera, ama bertakoa izanik eta zazpi urte nituenean Hazparnera etorri ginen. Lizeoaren ondoren, Bilboko Dantzerti izeneko antzerki eskolan sartu nintzen; denetik egiten genuen eta ikaragarri maitatu nuen ere bai; asko iksi nuen nire buruaz, gorputzaz, zinez oso interesgarria zen. Bainan momentu hartan, ez nuen nire burua horretan lanean ikusten. Ez nekien ongi zer ogibide aukeratu eta hor erabaki nuen Uda Lekun lehen lan esperientnzia ukaitea.

Nola osatzen da Udaleku elkartea gaur egun?

Uda Leku elkartea 1983 urtean sortu zen, euskarazko aisiak proposatzeko helburuarekin. Gaur, bost bilguneetan haurrak hartzen ditu asteazken eta oporraldietan eta egonaldiak antolatzen ditu udako eta neguko oporretan. Formakuntza sailan ere ari da elkartea, biharko animatzaileak formatzen ditu euskaraz gero elkartean aritzeko besteak beste. Nik Biarritzeko Udalekun zailtasun handiak ditut euskal animatzaileak aurkitzeko, oztopo handia da denean, jakinez gainera eskaera handia dagoela familien partetik.

Gure helburua ongi pasatzea baita, euskaraz bizitzea, giro onean.

Haurrak euskaraz ari dira eskolatik at?

Publikoaren araberan aldatzen da errealitatea. Asteazken arratsaldetan datozen haur gehienak adibidez ikastoletatik datoz orduan euskara maila aski ona da. Gero, badira eredu elebidunetik heldu diren familiak eta batzuen euskara biziki eskasa da, hamar arte kontatzen dakite, asteko egunak ere agian baina ez dira gai hitz egiteko. Hizkuntza maila ezberdina denean eta denek frantsesa dakitenez, haurrak errazlerratzen dira frantsesera, bereziki zazpi zortzi urteko haurrak, orduan batzuetan zaila da. Etengabe ari gira sistemak xekatzen, haurrak euskaraz ari daitezen, obligatu gabe, zigortu gabe, gure helburua ongi pasatzea baita, euskaraz bizitzea, giro onean.

Euskara ttikitatik dakizu?

Nire aita Ziburukoa da eta ttikitan frantsesa baizik ez zekien, ama Gatikakoa da, Bizkaitarra, eta etxeko hizkuntza euskara zen. Aita musikaria da, gitarra jolea eta lanean hasi zenean, Minxoriak taldean eta Alaitz eta Maiderrekin adibidez, nahi eta behar zuelako, hasi zen euskara ikasten. Orduan etxean, ttikitan, euskara espainola eta frantsesa nituen eta Bilabonan pasaturik bizitzaren lehen urteak, euskara zen nagusi. Orduan euskara da nire ama hizkuntza, espainola ere badakit eta frantsesa ikasi nuen iparraldera etorri ginenean bizitzera.

Corrihons izena maiz ikusi dut 33 itzuliko disko azalen atzealdean. Zu ere musikari/zale zira?

Bai aitak aspaldi jotzen du gitarra talde eta artista ezberdinekin eta harekin Saltoka izeneko taldea sortu dugu orain, Rémi Lonca eta Maddalena Luzzirekin batera. Mutxikoak eta plazako beste dantza ezberdinak eskaintzen ditugu. Gure helburua ongi pasatzea da, ongi dantzatzea baino. Nik mikroarekin urratsak ematen ditut eta publikoa animatzen dut. Horrez gain trikia ere jotzen badakit.

Zein da euskaraz goxo ari zaren lekua?

Haurrekin asko maite dut euskaraz aritzea eta euskaraz ongi pasatzea. Etxean ere bai asko maite dut, Bizkaiako familiarekin ere bai.

Urteko sasoirik onena zuretzat?

Uda dudarik gabe, arropa guttirekin egotea gustoko dudalako, udan, kanpoan baso bat eskuan gauean luzaz egotea, terrazan edo …uda.

Ametsetako bidairik?

Kanadara joateko asmoa dut, nire ahizpa hara joan delako eta bisitatzera joan nahi nuke.

Maite duzuna?

Nire familia asko maite dut, animaliak, musika ere ikaragarri eta estilo guztietakoa; gero eguzkia eta mojitoak ere biziki maite ditut!

Gorroto duzuna?

Jende batzuen harrokeria, handikeria.

Amets bat?

Nik nahiko nuke nerabe talde bat hartu, umezurtz edo zailtasun handiko familietan bizi direnak, eta heiekin, Kortsika edo Estatu Batuetara joan nahi nuke, edo munduko beste leku zoragarri batera, alegia beraien erosotasun espaziotik ateratzea. Behin lan egin nuen halako publiko batekin eta zinez esperientzia oso polita izan zen. Horien ohiko girotik, askotan bortizkeria dagoen gune hortatik ateratzea eta ingurumenaz aldatzeak harreman bereziak sortzen ditu, zinez talde sendo bat sortzen da, denontzat onuragarri.


Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Portretak

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Portretak

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.

Lan kolektiboan sinesten dut

Portretak

Lan kolektiboan sinesten dut

Terexa Mitxelenaren (1944, Biarritze) aurpegia ezagutzen du euskararen alde, festaz festa dabilen jendea. Diruzaintzan dituen gaitasunak iparraldeko elkarte ekintza edo kolektiboen zerbitzura jartzen ditu ahal duen aldiro. Azken esku kolpea, Mintzalasai festibalean eskaini du, Biarritzeko Marion aitziraren bazterrean.

Euskaraz ere, dena da posible!

Portretak

Euskaraz ere, dena da posible!

Hamaika proiektu, hamaika topaketa, hamaika plazer, hamaika amets... Kepa Mouescak (1987ko abendua-Baiona) hamaika bizipen izan ditu Mintzalasai abentura hasi eta elkartearen lehendakari kargua hartu zuenetik. Aurten Mintzalasai festibalaren edizioak kutsu berezia utziko dio Baionesari, hamaika urteren buruan, bide berriak irekitzeko erabakia harturik.

Euskararen uhina surfeatzen

Portretak

Euskararen uhina surfeatzen

San Ferminetan hartzen diren ezohiko erabakien artean lehiatzeko modukoa da gaurko protagonista. Délia Delanneri (Biarritz 1996) Iruñako festa giroan piztu zitzaion euskara ikasteko determinazioa: Urte bat eta bi barnetegi beranduago, Euskal Herriko laborantxa ganbarako langile berria bihurtu da, Biarritzeko surflari dinamikoa.