Euskaraz bizi #haurrekin #enfamille
Baloreak oholtzatik transmititzen
8 eta 14 urte bitarteko haurrek osatzen dute Baloreak musika talde berri eta arrakastatsua.
2020eko Urtarrilaren 23a | ± 01 min 23 s
Proiektuaren lehen urratsak
Paskal Etxepare soinu teknikariak, Pello Reparaz musikariak eta Joseba Razquin musika managerrak ekoiztetxe bat sortu zuten: Deep Soda. Haien helburua proiektu esanguratsuak eta berritzaileak sortzea da. Reparazek eta Razquinek irakaskuntza ikasketak eginak zituzten, beraz aski fite pentsatu zuten haurrekin lotura zuen proiektu bat abiatzea. Horrela sortu zen Baloreak taldea. 300 haur inguruk parte hartu zuen kastingean eta azkenean, bostek osatzen dute taldea.
Baloreak
Iradi (Bilbo), Asier (Iruñea), Kaiet (Getaria), Luna (Berriozar) eta Netsanet (Baiona) dira kantariak, eta pop, folk eta musika elektronikoa nahasten dituzte. Lehen diskoko letrak Pello Reparazek berak idatzi ditu haurrekin eta hiru elkarterekin batera egindako lanketaren ondotik (Chrysalis, transexualitate egoeran dauden haurren gurasoak, SOS Arrazakeria eta Eraikiz kolektibo feminista).
Haien kantuen bidez, balore humanoak eta unibertsalak hedatzen dituzte: elkartasuna, berdintasuna, umiltasuna, maitasuna, ardura, tolerantzia?
Arrakasta handia izan dute eta bira bat egin dute Euskal Herriko 5 hiriburuetan. Urtarrilaren 25ean, larunbatean, 17:00etan Baionako Lauga gelan izanen dira.
Sarrerak salgai dira helduentzat 15€-tan, eta haurrentzat 10€-tan hemen, edo Baionako Turismo Bulegoan. Informazio gehiagorako, deitu 05 59 46 01 43 zenbakira.