Euskaraz bizi #ustebainogehiagogirelako #leuskaraavecplaisir
Zein toki euskararentzat hauteskunde hauetan?
Hizkuntzaren erronkak administrazioaren maila ezberdinak hunkitzen ditu. Beraz, Euskal Hirigune Elkargoak hizkuntza politika bat garatzen badu ere, Herriko Etxeek ere paper garrantzitsu bat dute. Zer esanik ez Baiona-Angelu-Miarritze hiri-eremuko Herriko Etxeek, bertan bizi baita Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %40a eta euskararekiko urrunen kokatzen dena.
2020eko Martxoaren 10a | ± 01 min 05 s
Ezin dugu erran hizkuntzaren gaia zentrala izan denik bukatzear den hauteskunde kanpaina honetan. Egia da gaia aipatua izan dela, batzuetan modu traketsean, bestetan modu mespretxagarrian, baina hautagai gehienek euskararen biziberritzearen arloan lan egitearen garrantzia azpimarratu dute.
Kontzientzia hartze hori (batzuetan biziki berria) txalotu beharrekoa da. Azken aste hauetan aurkezturiko proiektuak konkretizatzean datza gakoa orain. Iniziatiba interesgarriak existitzen dira, haietan inspiratu beharko dira.
Funtsezko rola
Hizkuntzaren gaia Elkargoaren esku uzteko tentazio handia dago. Alta, denok batera ekin beharko diogu euskararen berreskuratzeari: elkartegintzatik, hiztunetatik, administrazioetatik (Estatua, Eskualdea, Departamendua, Herri elkargoa eta Herrietan).
Herriko Etxe batzuk engaiatu ziren duela zenbait hamarkada. Beste batzuk gehituko zaizkie hain segur. Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak ekintza protokolo bat aurkeztu diete hautagaiei.
Bere aldetik, boz-emaileak hautua egiten ahalko du hautagaien proposamenen arabera? bere egunerokotasunean euskararen alde egiten segituz.
























