Euskaraz bizi #topaketa #rencontre
Punka Euskal Herrian: ikerketa egun bat
Urte bukaeran, Punk mugimenduari buruzko egun bat antolatuko da Miarritzeko Atabal gelan. Parte hartzeko deialdia zabalik da.
2020eko Apirilaren 21a | ± 01 min 32 s
Partaidetzan antolatua
CNRS, Atabal, Miarritzeko Euskara bulegoa eta Euskal Kultur Erakundea aritu dira egun horren antolatzen, Akitania-Berriko DRAC-aren sostenguarekin.
Punka bizirik da
Tokika ondorio ugari ekarri dituen nazioarteko Punk mugimenduak hainbat belaunaldi inarrosi ditu, garai desberdinak markatu ditu eta mugimendu anitzen inspirazio iturri izan da. Euskal Herria ez da fenomeno horretarik libratu. Are hobeki, punkaren iturburuetatik bat izan zen. 1970 eta 1980ko hamarkadetan, euskaldun belaunaldi oso batek punka bizi izan zuen. Hauek izan ziren talde aitzindariak: Kortatu, Zarama, La Polla Records, Vómito Social, RIP, eta ondotik Negu Gorriak, adibidez. Publikoa letra inkonformista eta militanteen inguruan federatu eta musika indartsua sortu zuten.
PIND ikerketa proiektuaren baitan (Punk is not dead. Une histoire de la scène punk en France, 1976-2016), CNRS, Atabal eta Miarritzeko Euskara bulegoaren partaidetzarekin, eta Akitania-Berriko DRAC-aren sostenguarekin, Euskal kultur erakundeak Euskal Herriko punk eszenaren 1976tik gaur egun arteko historiari buruzko ikerketa egun bat ko-antolatuko du aurten. Mugaren bi aldeetako punk mugimenduak aztertuko eta argira emanak izanen dira, eta euskal punkaren berezitasuna eta nortasuna galdezkatuak izanen dira ere. Egunaren bukaeran, kontzertuak antolatuko dira.
Parte hartzeko deialdia: https://files.eke.eus/pdf/punka-euskal-herrian.pdf
Iturria: EKE
























