Euskaraz bizi #euskarazbizi #vivreenbasque
Mintzanet proiektua ezagutu eta parte hartu
Mintzanet euskara on line eta doan praktikatzeko aukera da.
2020eko Ekainaren 2a | ± 01 min 19 s
Bidelagunak (euskaraz ongi dakitenak) eta bidelariak (maila hobetu nahi dutenak -gutxienez B1-) elkartzen ditu Mintzanet proiektuak, Internet bidez hitz egin dezaten. Bikote bakoitzak erabakitzen du zein tresnaren bidez ariko diren (Skype, WhatsAppeko bideodeia, Zoom, Hangouts, Jitsi?).
Proiektuak ez du helburu didaktikorik: Mintzalagunean bezala, praktika librea da xedea. Hainbat arrazoirengatik euskara erabili ezin dutenentzat tresna ezin hobea da, besteak beste, ez duelako inongo mugarik: ez geografikorik, ez ordutegiaren aldetik. Erabiltzaileak 17 eta 90 urte bitartekoak dira.
Donostiako Udaletik abiatu zen egitasmo hau eta maramara* hizkuntza zerbitzuen enpresak kudeatu eta finantzatzen du. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza jasotzen du. Mintzanet 2012. urtearen amaieran sortu zen.
Proiektuaren helburu nagusia erabiltzaile-kopurua handitzea da. Ahalik eta jende gehienak ezagutzea nahiko lukete, tresna oso erabilgarria baita, bidelariek euskara mailan ematen dituzten aurrerapausoek ederki erakusten duten moduan.
Une honetan, ez dute behar adina bidelagun (laguntzaile), beraz horiei deialdia egin nahi diete parte har dezaten.
Info+ eta izena emateko: www.mintzanet.net
























