Durangoko azoka 2020, sarean
Liburu eta disko azokarik ezagunenak edizio berezia izanen du aurten: online. Abenduaren 4tik 8ra gozatzeko aukera izanen dela azpimarratu dute antolatzaileek.
2020eko Abenduaren 1a | ± 55 s
Online denda
Aurtengo berrikuntza nagusia hori da: erosketak webgunean bertan egiten ahalko direla. Jadanik ikusgai dira proposatzen diren 2300 produktuak (horietarik 852 berrikuntza): www.durangokoazoka.eus/eu/denda
Erosi nahi dituzuen produktuak "desioen saski" batean emateko aukera duzue, baina ordainketak abenduaren 4tik 8ra egiten ahalko dira. Ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera. Halaber, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko.
Kultur ekitaldiak
Azoka modu presentzialean eginen ez bada ere, hainbat ekimen antolatu dituzte. Adibidez, Durangon 100 kultur ekitaldi eskainiko dituzte publiko mugatuarekin: 37 musika-talderen kontzertuak, ipuinak, ikuskizunak, literatur solasaldiak eta liburu aurkezpenak. Hitzordu horiek online segitzen ahalko dira: https://www.durangokoazoka.eus/eu#
























