Herri Urrats 30 herritan ospatuko da
Osasun egoera dela eta, aurten ere ezinezkoa izanen litzateke Senpereko aintziraren inguruan ohiko Herri Urrats ospatzea. Ondorioz, herriz herri ospatuko da.
2021eko Apirilaren 13a | | ± 54 s
Herri Urrats handi bat antolatu ordez, 30 Herri Urrats ttiki antolatuko dira herriz herri maiatzaren 9an. Ekimenak ezberdinak izanen dira, tokiko ikastola bakoitzak antolatuko dituelako. Ibilaldi, janari salmenta edo jantzi salmentaz osaturiko egitarauak komunikatuko dituzte hurrengo asteetan.
Aste honetan argitaratu dituzte Xiberoots taldeak sortutako "Baga biga boga" kantua eta Urruña eta Ziburu arteko kostaldeko bistekin osatu bideoklipa. Bernat Etxepare lizeoko ikasleek laster koreografia bat partekatuko dute, nahi duenak bere burua dantzan graba dezan.
Aurtengo helburua, bosgarren kolegio bat eraikitzeko dirua eskuratzea da. Senpere inguruan edo Hazparneko eskualdean kokatuko litzateke eta orain arte 45000€ errezibitu dituzte, helburua 300000€ delarik. 20 eta 2.000 euro arteko ekarpena egin daiteke webgunearen bidez: https://boga.herriurrats.eus/























