Badok 14 tailerra Baionako Biltxoko elkartean
Biltxoko elkarteak tailer berri bat abiatu du historiaren, ondarearen eta kantagintzaren inguruan: Badok 14 tailerra. Izen emateak irekiak dira.
2021eko Azaroaren 3a | | ± 02 min 47 s
Nork? Pantxix Bidart eta Mirentxu Aguerre ibiliko gira tailerren animatzen.
Noiz? Hilabetean behin, 2 oreneko saioa (egunaz hobe bestela astelehen edo ortziral arratsean).
Nun? Baionako Biltxoko elkartean.
Norentzat? Gehienez 15 euskaldunentzat.
Materiala? Bakotxak entzuteko, kantatzeko eta partekatzeko gogoa ekar dezala.
Zonbat? 15 izen emate baldin badira, 10€/hilabeteka.
Izena emateko: baionako.elkartea@gmail.com edo 06.26.34.33.46
Hona hemen Pantxix Bidart eta Mirentxu Aguerre-ek zuzenduriko tailerraren aurkezpena:
Ximun Haran aurkezterik ez da Euskal Herrian. Ibilbide oparoa izan zuen bai pilotan, baita politikan eta oro har Euskal Herriaren askatzeko bideetan. Bere hatza utzi du hainbat alorretan eta oraiko borrokak berak eta bere belaunaldikoek abiatuak dira. Bainan Ximunek euskal kantagintzarako izan zuen rola ez da baitezpada hain famatua.
Marie Hirigoien, euskal kantagintzari buruzko tesia bururatzen zuenean Ximun Haranek 60 hamarkadan egin kantu grabaketen berri izan zuen, Su Aziako fondoan entzun zuelarik berak bildutako altxorra.
Nire uste apalez, altxor hori da gaurko kantagintzaren iturri nagusia, Haranek bildutako kantu frango aurkitzen baitira Ez dok 13ko kantarien lehen diskoetan.Proposatzen dizuet kantagintza berriaren epopeiaren oinarri horretarat itzultzea, Ximun Haranen grabaketak entzunez baita Marie Hirigoienek berari egindako elkarrizketa zatiak ere (Ximun hil baino urte bat lehenago).
Ximun Haranek grabatu zituen kantuek XIX. Mende ondarrerat eramaiten gaituzte. Hots altxor honek zubia egiten du atzoko eta oraiko kantagintzaren artean, atzo eta gaurko jendeen artean. Lehengo kantak eta lehengo kantari batzuen aipatzeko parada emaiten dauku (Attuli, Lohidoi,Petti Queheille Phoi, Pette Lezarte Etxekopar, Loihato, Ganizon"€œTxistu" Bergara, Erramun Mailuket, Asun Xoribit, Bordaleku, Tzapelo, Bidegai, Robles anaiak, Michel Labéguerie, Mixel Epherre...)Kantuen atzean, jendeak baitira, heien bizia, heien garaiak; hortan guzian murgiltzea proposatzen dizuet, nola ez, aipatuko ditugun kantu horiek ikasiz eta plazerrez bizirauten lagunduz.
Ximunen bilketak bidea idekiko dauku; gero agian, Mariek egindako tesia lanerat eramanen gaitu eta hunek duela 15 urte egin elkarrizketak ere izanen ditugu aipagai eta entzungai (jadanik entzungai dituzue ondoko webgunean: https://anpersana.iker.univ-pau.fr/collections/show/3):Mirentxu Aguerre, Koldo Amestoy, Madouce Araguas, Jean-Marc Arosteguy, Michel Arotce, Johaine Barcos, Isabela Barreix, Jean-Michel Bedaxagar, Pantxix Bidart, Thierry Biscary...
Badugu zonbeit urteren programa esku eta belarripean!!
























