Herri Urratsen itzulera handia
Bi urteko hutsunearen ondotik, maiatzaren 8an itzuliko da Herri Urrats Senpereko aintzirara.
2022ko Apirilaren 26a | | ± 01 min 40 s
Urteko momentu azkar bat izanen da dudarik gabe. Bi urtez egin ezinik ibili ondotik, azkenean aurten maiatzaren 8an, usaian bezala, Herri Urrats ospatuko da Senperen, Seaskako ikastolen alde.
Aurtengo diru-bilketa bosgarren kolegio bat eraikitzeko baliatuko da, Senperen kokatuko dena, hain zuzen ere, aintziratik hurbil den lursail batean. 2023an irekitzea da asmoa eta 250-300 ikasle artean hartzeko prestatua izanen da.
Bestaz gain, aldarrikapena
Azpimarratzekoa da aurten antoltzaileek dei nazionala egin dutela, Euskal Herriko euskaltzale guztiak hurbiltzeko Herri Urratsera. Azken hilabeteetan, mobilizazio andana egin da azterketak (brebeta eta baxoa) euskaraz pasatzkeo eskubidea defendatzeko, baina oraindik gauzak ez dira argitu. Bordeleko errektorearekin bildu dira berriki Seaskako ordezkariak eta honek ezezkoa eman zien eskaera guziei. Horren parean, indar erakustaldi bat egin nahi da Senperen: "Sostenguaren eta itzuleraren festa izateaz gain, aurtengo edizioa berezia izanen da euskaraz bizitzeko aldarrikapena eta azterketak euskaraz egin ahal izatearena ere presente egonen direlako, eta horretarako mobilizazio egun nazionala izatea nahi dugu".
Zetak eta Erramun Martikorena, elgarrekin kantuz
Aurtengo edizioaren beste sorpresa bat Herri Urratseko kantua da. Zetak taldeko Pello Reparaz eta Erramun Martikorenak parte hartu dute musikan eta bideo-klipa ere ikustekoada: Nafarroako mendietan filmaturiko sekuentzia bakarreko bideoa da.
Egitaraua: https://herriurrats.eus/albisteak/2022-04-20-herri-urratseko-programazioa
Kantua: https://youtu.be/ZErUMnB7aMk
























