Txikipedia, haurrentzako entziklopedia
Txikipedia 8-13 urte bitarteko haurrentzako entziklopedia bat da, Euskarazko Wikipediaren barruan txertatua, adin-tarte horretako umeentzako moduko lexiko eta sintaxiarekin egina. Euskara ikasten duten helduentzat ere baliagarria izan daiteke.
2021eko Urtarrilaren 12a | ± 40s
2018-2019 ikasturtean abiatu zen proiektua: 8-13 urte bitarteko umeentzako Euskarazko Wikipediaren baitako bertsio bat sortzea. Jadanik bazen beste hizkuntzetan Vikidia proiektua eta euskaraz ere sortua zen.
Txikipedia wiki proiektuan edonork parte har dezake, artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz. Asmoa da 8 eta 13 urte bitarteko euskal umeek berek ere parte hartzea Txikipedia egiten, haiek izatea interesatzen zaizkien artikuluak idazten, osatzen edo zuzentzen dituztenak, baina betiere euren irakasleen laguntzarekin; horrela, euren ekarpena egin dezakete, eskolarako baliagarriak izan daitezkeen gaietan.