Inkesta soziolinguistikoa
2011eko Azaroaren 30a | EEP | ± 54 s
Euskararen Erakunde Publikoa eta Eusko Jaurlaritza 5. inkesta soziolinguistikoa eramaten ari dira Euskal Herri osoan. Gizarte-ikerketa aplikatuan berezitutako SIADECO enpresak du ikerketaren lehen atala kudeatzen.
Ipar Euskal Herrian, 7 astez 15 pertsona ibiliko dira telefono deika, astean 6 egunez eta egunean 7 orduz. Helburua 2.000 galdekatzea da, euskararen egoeraren argazki eguneratu bat ekoizteko gisan.
36 galderaz osatua, galdetegiak gai desberdinak jorratzen ditu: euskara gaitasuna (ulermena, mintzatzea, irakurtzea, idaztea), ama hizkuntza, gurasoen hizkuntz gaitasuna, transmisioa, erabilera (etxean, gizarte bizian), motibazioak, euskararekiko irudia eta promozioarekiko jarrera.
2012ko uztailean eskuragarri izanen dira datuak, 4 hizkuntzatan: euskara, frantsesa, espainola eta ingelesa. Azken 5 urteetako bilakaera neurtzeaz gain, datu berri hauek hizkuntz politika publikoaren eta euskalgintzaren lanaren emaitza agerian emanen dute.
























