2019: hizkuntza autoktonoen nazioarteko urtea
Munduko hizkuntzen %40a, guztira 6700 hizkuntza, desagertze arriskuan dira, euskara barne. Datu horrekin hasten dugu 2019. urtea.
2019ko Urtarrilaren 8a | ± 01 min 16 s
Nazioarteko urtea, jendea mundu mailako gai baten inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin antolatzen da. Gainera, nazioarteko eragileen gai horren inguruko elkarlana sustatzen da.
2019 hizkuntzen gaia mahai gainean
Aurten, hizkuntza autoktonoak lantzea erabaki zen Nazio Batuen Erakundean. Izan ere, hizkuntzek paper garrantzitsua jokatzen dute populu guztien egunerokoan, lotura zuzena baitute identitatearekin, kultur aniztasunarekin, integrazio sozialarekin, komunikazioarekin, hezkuntzarekin eta garapenarekin. Hizkuntzen bidez, populuek haien hizkuntza, ohiturak, memoria, pentsamoldea, esamoldeak transmititzen dituzte eta haien etorkizuna eraikitzen. Dudarik ez da hizkuntzek balio izugarria dutela. Haatik, horietako anitz galtzen ari dira, hainbat faktorerengatik. Horietatik zati handi bat hizkuntza autoktonoak dira.
Zer da hizkuntza autoktono edo indigena bat?
Estatu modernoak ezarri aitzin, lurralde bateko populuak mintzatzen zuen hizkuntza da. Hizkuntza autoktonoek milaka urteetako kultura, ohiturak eta baloreak gordetzen dituzte haien baitan. Desagertuko balira, munduko aniztasun kulturalaren zati handi bat galduko genuke.
























