Ipar Euskal Herriko osasungoa euskalduntzeko elkartea sortu da
Osasungoa euskalduntzeko elkartea jadanik existitzen zen Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian ere gisa horretako egitura bat sortu nahian, ekainaren 26an, biltzar nagusi bat antolatua zen Makean.
2021eko Uztailaren 21a | | ± 01 min 28 s
Xan Berterretxe eta Maia Lacroix medikuek abiatu dute proiektua. Hego Euskal Herriko OEEren(Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) kongresu batean topatu zuten elkar eta ondotik, haiek ere arlo horretan lan egiteko gogoa izan dute.
Hiru helburu finkatu dituzte:
Lehenik, ospitaleetan euskararen erabilera bultzatu nahi dute, bereziki Baionakoan. Azken urteetan, euskararen erabilera sustatzen zuen talde bat bazen, baina gelditua izan da. Elkarteak berriz bultzatuko du talde hori.
Bigarrenik, idatzizko materiala euskarara ekartzea nahi dute: pazienteen diagnostikoak, jendeari ematen zaizkion oharrak, osasun guneetan pazienteen eskura egoten diren esku-orriak... Ohartu dira jadanik bakoitzak horrelako lanak egin dituela bere txokoan, beraz amankomunean ezarri eta gehiago egitea da helburua.
Hirugarrenik, ikerketa bat egin nahi lukete Euskararen Erakunde Publikoarekin. Hiru ardatz izango lituzkeen diagnostikoa osatu nahi dute. Lehenik, neurtuko lukete zenbat langile euskaldun ari diren lanean osasun zerbitzuetan. Bigarrenik, galdetuko lukete profesionalok euskara erabiltzen duten lanean"€“lehen hitza euskaraz egiten duten eta abar–, eta hirugarrenik, galdetuko lukete ea zenbat pazientek eta zenbat aldiz hizkuntzagatik diskriminazio egoerak bizi izan dituzten.
Gomita luzatzen diete inplikatu nahi duten osasun arloko beste langileei. Kontaktua: oeeiparralde@ni.eus
























