EHZ Miarritzera heldu da
Euskal Herria Zuzenean festibala kostaldera hurbilduko da aurten, martxoaren 26an ekimen bat antolatu baitu Miarritzen. Festibalaren 26. edizioa uztailaren 1, 2 eta 3an ospatuko da Irisarrin.
2022ko Martxoaren 22a | | ± 45 s
Azken bi edizioetan bezala Irisarrira itzuliko da aurten Euskal Herria Zuzenean festibala, uztailaren 1tik 3ra, eskaintza zabal batekin: musika, ikusgarriak, mintzaldiak, haurren xokoa, akanpalekua, plaza, pentzea...
Hala ere, uztailera arte goaitatu nahi ez dutenentzat, hitzordua proposatu dute Miarritzen martxoaren 26an, larunbatarekin. EHZak udaberria itzuli dela ospatuko du kultura eta musikarekin.
Hitzordua arratsaldeko 17.00etan Le Royal zineman: Amets Arzallus eta Marc Parramon-ek zuzendutako Altsasu (gau hura) dokumentala proiekzioa eta ondotik Amets Arzallusekin solastatzeko parada izanen da.
19:00etatik aitzina poteo alaitua Miarritzeko ostatuetan gaindi, Rakata'punk txarangak alaiturik. Gaualdia Mizanbu gaztetxean bukatuko da.
























