mintzalasai

Elkartea

Mintzalasaieko 15. edizioa ospatuko dugu Irailaren 21etik 27era.

Aurten ere, gomita batekin heldu gira: gure hitz txikiek eragin handiak izan ditzakete okindegira sartzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan... Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen.

2026ko Agorrilaren 24a | | ± 04 min 09 s

Uste baino gehiago girelako

Aurten ere, gomita batekin heldu gira: gure hitz txikiek eragin handiak izan ditzakete okindegira sartzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan... Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen.

Irailaren 21etik 27era, Baiona eta Miarritzeko elkarte eta Herriko etxeek indarrak bilduko dituzte, auzolanetik euskararen biziberritzea modu konkretuan elikatzeko. Eskola arteko topaketa, tailer, bisita gidatu, deskubrimendu, proiekzio, besta... Urtero osagaiak aldatzen ditugu, baina errezeta berdina egon da.

Euskararen garaia da

Ipar Euskal Herrian, Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan pilatzen da biztanleriaren herena eta euskaratik gehien deskonektatua dena. Guk, orain eta hemen ekiteko hautua egin dugu. Baina datuek argi erakusten dute eremu guztietan eragin behar dugula: hirian eta barnekaldean, haurrekin eta helduekin, euskaldunekin eta etorri berriekin, transmisioan eta erabileran, erakartzean eta ahalduntzean. Bizi dugun testuinguru konplexuak begirada zabaltzera eta jokamoldeak berritzera behartzen gaitu.

Aurten ere Korrikak gure bateriak kargatu zituen eta Herri Urratsek frogatu zigun beste behin ere euskararekiko atxikimendua zein zabala den Euskal Herrian. Sartzean mundu osoko hizkuntza aktibistak Irun eta hendaia artean bidluko dira Bihar kongresuaren baitan. Eta azaroaren 21ean, euskalgintzak Baionan mobilizatzera deitzen du euskarari lege-babesa emateko. Testuinguru orokor horretan kokatzen da Mintzalasai festibalaren 15. edizioa.

Parentesietatik oasietara

Urtero, festibalak parentesi linguistiko ederrak zabaltzen ditu: euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenak elkartzen ditu, euskaldunen autoestimuan modu positiboan eragiten du, eta urte osoan frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekartzen du. Baina magikoak izanagatik, parentesiak, zabaldu bezain sarri, ixten dira.

Sinesten dugu horretan: euskara ez da ikasgelako hizkuntza soilik. Eskolan eta euskaltegian ikasten da, bai, baina lagunartean, kantuz, bestan, maitasunean, haserrean, lanean eta saltegietan bizitzen da. Euskara plazer bihurtu behar dugu, ez soilik ikasgai - eta hori da, funtsean, Mintzalasairen arima: urtean zehar hitz orduak eskaintzen dituzten hamarnaka egitura ikustaraztea, une eta gune horiek gure hiztunon oasiak baitira.

Mundu hobea eraiki

Gure historian, haizeak ez ditugu beti alde izan eta badirudi mundu zabalean giroa gogortzen ari dela. Egunero entzuten ditugu 'kanpokoa' estigmatizatzen eta 'iragana' idealizatzen duten diskurtsoak gure lantokietan, auzoetan, familia bazkarietan, hedabideetan.

Gutxiengoen eskubideak, lorpen sozialak eta kultur aniztasuna mehatxatuak diren garai hauetan, sekula baino beharrezkoagoa da euskara bezalako hizkuntzen aldeko aldarria. Argi eta ozen diogu etorkizunaz ez girela beldur. "Ez dok hamairu": fatalitaterik ez da, auzolanean geroa aldatzeko gai gira! Horretan ibili dira gure aitzineko belaunaldiak, eta gure etorkizunaren aktore izan nahi dugu guk ere.

Hizkuntzek batzen gaituzte

Euskara da munduari begiratzeko soinean ditugun betaurrekoak. Ez dira besteenak baino hobeak, ezta txarragoak zez; gureak dira! Eta hizkuntza txiki bateko hiztun izateak, munduan zehar bizi diren komunitate txiki, zaurgarri eta behardunekiko enpatia ematen digu. Euskaldun gisa, hobeki ulertzen ditugu mapuzungunaren alde borrokatzen diren maputxeak, tarifita gazteen artean hedatu nahi duten amazighak edota frisieraren irakaskuntza bultzatzen duten ekintzaileak.

Mintzalasai sarearen baitan, optimismotik, maitasunetik eta determinaziotik eraman nahi dugu gure hizkuntzaren eta kultura aniztasunaren aldeko borroka. Euskara biziberrituz, Euskal Herri hobeagoa, justuagoa, jasangarriagoa, parekideagoa eta libreagoa eraikitzen dugula konbentzituak girelako.

Sartzea da eta ikasturte berri horrek abentura handiak iragartzen ditu. Familian edo lagunartean, euskaraz gozatzeko egitarau eder eta ireki bat prestatu dizuegu aurten ere. Elkartzeko aukerak ez dira faltako. Mintza!


hari@
Olentzero 2025 Miarritzen

Elkartea

Olentzero 2025 Miarritzen

Miarritzek Olentzero ospatuko du 2025eko abenduaren 21ean, igandez, Arroka, Pinpirinak, Itsasargi Ikastola eta Ohakoarekin elkarlanean antolatutako desfile handi batekin. Hiriak dimentsio festibo biziki indartsua emanen dio ekitaldiari, musikariekin, txontxongilo handiekin eta komunikazio berezi batekin.

Abenduak hiru: Lasai Mintzatu!

Elkartea

Abenduak hiru: Lasai Mintzatu!

Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, eta Mintzalasaiko iganderako aurreikusia zen besta ezeztatu ondotik, Mintzalasaik eta Miarritzeko Hiriak erabaki dute egun eder bat antolatzea,...

ONgi etorri ON!

Euskaraz bizi

ONgi etorri ON!

Proiektu kolektibo berri bat sortu da Mintzalasai festibalaren 14. edizio garaian: on.eus plataforma. Eta data ez da kasualitatez hautatua izan.

Ondokoarekin partekatzeko hiztegitxo berria

Elkartea

Ondokoarekin partekatzeko hiztegitxo berria

Zure inguruan seguraski ikusi dituzu hainbat hiztegitxo desberdin: bestetan euskaraz aritzekoa, irainen, hitz kokinen edota ingeleskaden lexikoak, baita kutxa gorrietan biltzen den 7 familien bilduma ere... Azken urteetan hainbat hiztegitxo argitaratu dira. Aste honetan, eskuz esku pasatzeko hiztegitxo berri bat atera da.

EZEZTATUA Igandea, euskararen besta

Elkartea

EZEZTATUA Igandea, euskararen besta

Irailaren 21 huntan Marion lakuan egitekoa zen besta ezeztatua da eguraldia dela eta. Aurreikusiak ziren animazioen parte bat urte bukaera aitzin programatuko dugu euskaraz gozatzeko momentuak eskaintzen segitzeko.