PortretakBEA SALABERRI
Euskara, hedagailu bikaina
Hizkuntza ttikitatik bazekien arren, euskararen unibertsoa Donibane Garaziko lizeoan zabaldu zitzaion Bea Salaberriri (Donamartiri, 1979). Jakin-mina asetu nahian, Baxe Nafarroa utzi eta Baionara hurbildu zen gero, alfabetatze prozesua borobildu nahian. Lapurdiko hiriburuan kokatu da geroztik, bertan biziz, lan eginez eta idatziz.
2021eko Maiatzaren 7a | | ± 06 min 05 s
Aektik Aekra, euskara irakastetik, euskaraz lan egitera. Nondik nora doa zure lan ibilbidea?
Ni barnekaldetik jiten naiz, Donamartiritik. Familia euskalduna dut baina ez nintzen ikastolan ibili. Gero Donibane Garaziko lizeoan beste euskaldun batzuk ezagutu nituen eta bereziki euskal mundu bat deskubriarazi zigun irakasle bat eduki nuen, Antton Luku alegia. Hortik goiti uste dut euskara izan dela nire biziko hautuen ardatza.
Gero 2000 urte inguruan Baionara etorri nintzen eta garaian giro biziki euskalduna zen, elkarte eta eragile anitz ziren, hor hasi nintzen gau eskolan. Lehenik gau eskolako irakasle gisa eta gero langile gisa.
Euskara ttikitatik dakizu?
Bai, ttikitan euskaraz ari nintzen etxean eta lizeoan, antzerkian ari ginelarik euskararen menperatzen maila handiago izan genuen, nolazpait garai hartan alfabetatu nintzen...Gero Baionara heltzean euskal ikasketak segitu nituen unibertsitatean eta AEKn klaseak ematen hasi nintzen, Irakasle zarelarik, zure hiztun maila hobetzen da dudarik gabe, izan ere ikasleen zalantza guztiak erantzuteko gai izan behar duzu eta berehala ez bada ere, erantzunak bilatzen dituzu nozio berriak ikasiz.
AEKn segitzen duzu lanean, zertan?
Irakasle formakuntzaz arduratzen naiz eta denbora gehiena pasatzen dut sei hilabeteko ikastaroetan. Ikasle batzuk sei hilabeteko formakuntza jarraitzen dute gurekin. Bi talde motatan banatuak dira, langabetuen taldea batetik, bereziki harrera postuetan ari diren langileekin, haur eta gazte arloan ari direnak; horiek euskara ikasten dute gaitasun egokia izan daitekeelako lan postuari begira. Gero beste taldean, asmo profesionala duten pertsonak edo berentzat ikasi nahi duten jendeak daude, horiek, hiru eta sei hilabete artean egoten dira.
Lizeoan beste euskaldun batzuk ezagutu nituen eta bereziki euskal mundu bat deskubriarazi zigun irakasle bat eduki nuen.
Euskalgintzatik, zer neurri proposatuko zenuke euskararen alde?
Euskarak ezagupen argi bat behar du, nolazpait euskara derrigortu behar litzateke. Hori gabe, nekez ikusten dut nola egin dezakeen gora. Transmisio mailan eten handi bat izan da eta zenbakiak gora doazela interpretatzen bada ere, nik ez dut beti irakurketa hori egiten. Euskara ikastea hautuzko zerbait izan ordez, behar genuke murgiltze eredua orokortu lurralde honetako gazte guztiei.
Dena ezin da eskaera militanteen esku utzi edo lagun arteko ekintza bat balitz bezala utzi. Noizbait entzun nuen Euskal Elkargoan "euskara izanen zela transbertsala, arloz arlo, lanpostuz lanpostu erabiliko zena". Uste dut ideia on hori gauzatzeko garaia dela. Euskara borondatezko hautu gisa egonez, beti gelditzen da bigarren mailan beste hizkuntza nagusi baten ondoan, beraz orain gure hizkuntzak berar duena da estatutu bat argiki. Gero sustatu behar liratezke, komunikabideak, publikazioak, sorkuntza orokorrean euskaraz bultzatu, egiazko eskaintza bat egon dadin, gaur ez dena.
Nola jasan daiteke Korrikarik gabeko pandemia bat?
Korrikak dinamika handia dakar, aktibitate, ekintza anitz, jendea anitz gurutzatzen da mugitzen eta hori oso inportantea da. Gero, Korrikak ekarpen maila asko ditu, ekonomikoa noski eta biziki inportantea da baina horrez gain, aldarrikapen leku bat da zeinean jendeak euskararen inguruko beharrak erakusten dituen. Azkenik, hiztunen komunitatea berriz irudikatzen duen hitzordua da eta uste dut hori inoiz baino gehiago eskas dugula pandemia garai honetan, euskara alaitasunean bizitzea eta ospatzea dakar korrikak.
Baionan ikasi, bizi eta Baionaz idatzi duzu?.
Idazten dudana idazten dut ezagutzen dudan lekutik, pentsatzen baitut leku horretatik beste nehork ez duela idatzi?Argi da leku batek baldintzatzen duela eta egia da idatzi ditudan bi argitalpenetan agertzen dela Baiona baina ez dut hori bilatu. Gero Baiona aldatu da eta bertako giroa ere anitz aldatu da azken hamarkadetan, Baiona txikiko giro euskaldun hori. Ez dakit zerk ekarri duen aldaketa hori. Nostalgia puntu bat badut nik baina gero kontziente naiz ere aldaketa horiek nolazpait bilatu direla eta horrek ekarri du hainbat egituren iraunkortasuna, hori ez zen geratuko euskararen gaia ez balitz instituzionalizatu..Baina bestalde pentsatzen dut ere dena sobera delegatzen ari dela instituzioen esku uzten...Garai batean bakarrik gure gaia zena besteen esku utzi da erabat. Joko eremua lekuz aldatu da, baina xerkatu dugu.
Leku goxo bat euskaraz aritzeko?
Kalostrape errango nuke baina momentuz hetsirik dugu. Orduan leku bat baino konpainia goxoa errango nuke, edozein lekutan.
Euskara, ligatzeko edo haserretzeko?
Biak, edozertarako balio du euskarak. Arrazoiak ematen ditu haserretzeko eta bide bat plazerezko milaka gauza egiteko.
Gorroto duzun zerbait?
Utzikeria, gauzak egin gabe uztea
Maite duzun zerbait?
Transmisioa, hizkuntza bat, sentimendu bat besteari helaraztea.
Euskara borondatezko hautu gisa egonez, beti gelditzen da bigarren mailan beste hizkuntza nagusi baten ondoan, beraz orain gure hizkuntzak berar duena da estatutu bat argiki.
ï"¿Zein izango litzateke zure ametsetako euskararen herria?
Denak euskal elebakarrak gira, ez dugu kezkatzerik euskararen biziraupenaz eta orduan biziki herri sortzaile dinamiko bilakatuko ginateke. Orduan, langabezian egonen nintzateke baina denbora banuke biziki ontsa ordainduko liratekeen liburuak idazteko!

























