Euskaraz bizi, ikasgelatik at.
2013ko Agorrilaren 12a | ESKOLEN ALDETIK | ± 01 min 16 s
Ikasturtea aberatsa izan da Biarritzen euskaraz ikasten duten 400 ikasleentzat. Dispositibo egonkorrez gain (Haurra eta ozeanoa, bide heziketa, pilota, ikusgarriak'…), aurten bi proiektu berrik aberastu dute eskaintza.
Transmisioa eta topaketa
Santa Agaten txiki proiektua otsailean iragan da. 4 eta 5.eko ikasleek 6 orenez bertsoa landu ondoren, Arroka elkarteko helduekin karriketara atera dira kantuz eta bertsoka hiriaren itzulia egiteko. Euskara Biarritzen entzuteko estakurua izan bada, tradizioaren belaunaldi arteko transmisioa ere ahalbidetzen duen egitasmoa ere da.
Eskol'’arte maiatzeko azken astean Irati zonaldean iragan diren eskolarteko topaketak dira. Aste osoan zehar, euskaraz ikasten duten ikastetxeetako haur guziak bildu eta musika, lerra kirolak, zientziak edo herri jokoak deskubritzeko aukera izan dute.
Euskaran trebatzeko
Bi proiektu horiek interes pedagogiko eta hezitzaile argiak dituzte. Baina horrez gain, euskararen jabekuntzan paper inportantea jokatzen dute etxean eta denbora librean frantsesa nagusi duten haur horientzat.
Ea euskara komunean dutela ohartu diren haur horiek eskolaz kanpo ere erabiltzen ausartuko diren? Hor baita euskararen desafioa...
























