Biarritzek ere euskaraz bizi nahi du!
2014ko Urriaren 1a | MINTZALASAI | ± 02 min 08 s
Mintzalasai euskararen egunen biharamunean, Euskara Bulegoarekin batera antolatzaile diren 25 elkarteek dinamikaren bilana biziki positiboa egiten dute.
Orotara 3500 pertsonek hartu dute parte, Biarritzen proposatutako 70 aktibitate desberdinetan. Aste osoan antolatutako tailerretan, 1000 pertsonak inguru hurbildu da eta gehienak beteak ziren hasi orduko. Bestalde, eskoletako eta aisialdi zentroetako 700 haurrek aktibitate ludiko eta pedagogikoez gozatu ahal izan dute, beti ere euskara hutsean. Asteburu osoan aldiz, geroz eta pertsona gehiago bildu da besta eta kultur programa aberats baten inguruan. Osotasun ikuspegi batetik, Mintzalasai asteko aktibitateen betetze tasa %80,15ekoa izan da.
Zenbakiez haratago, bi datu deigarri agerian eman behar dira. Alde batetik, jendea geroz eta urrunagotik etortzen dela egun horietan parte hartzeko. Bestalde, egitarauaren kalitatea eta originaltasuna goraipatuak izan dira aste osoan.
Hizkuntzaren 11 aurpegiak
Aste osoan zehar Biarritzera hurbildu direnek, euskaraz gozatzeko aukerak ez dituzte eskas izan eta forma guzietan gainera.
Euskara eta plazerra uztartuz hasteko, haurrentzako tailer ludikoen bidez edo helduentzako sukaldaritza kurtsoei esker. Ezagutzaren ikuspuntutik ere, mintzaldi, eztabaida, formakuntza eta proiekzioak ere antolatuak zirelako. Ikasiz ere, nolaz ez, iniziazio eta gau eskolen izen emate kanpainek bete betean iragan baitira sartze garai honetan. Eta beste hizkuntzei ere irekiz azkenik, Euskal Herrian euskararen berreskurapenaren erronka gainditzea, mundu mailako kultur aniztasunari gure ekarpena egitea baita ere bide batez.
Dinamiken abiapuntu
Mintzalasai ez da arras bukatu; urrian zehar, erakusketa bat izango da Mediatekan eta beste hitz ordu batzuk iraganen dira urte bukaera aitzin. Beren aldetik, elkarte eta eragile desberdinek euskara biziarazten segituko dute urtean zehar Biarritzen.
Inoiz baino gehiago, dinamika bat abian da. Euskaraz bizi nahi duen jendea bada Biarritzen ere, eta aldarrikatzeko prest gainera!
























