PortretakMARILOU LAPEYRADE
Marilou, euskaraz "walking"
Marilou Lapeyrade Angeluarrak (1994 Biarritze) euskara eta ingurumena ditu bizi bidearen zutabe nagusiak. Baionako Zizpa gaztetxeko bozeramaile gaztea, euskara garatzaile da orain Euskal Elkargoan; buruan dituen proiektuez eta ametsez ere mintzatu zaigu.

2020eko Irailaren 18a | | ± 04 min 48 s
Hizkuntza garatzaile, musikari, natura maitale... Nor da Marilou ekintzaile lapurtarra?
Errango nuke gazte dinamiko bat naizela, Euskal Herriko hainbat proiektutan parte hartu nahi duena, sinpleki. Angelukoa naiz, ingurumena eta kultura alorretan egin ditut ikasketak eta Baionako gaztetxean aski inplikatua naiz azken hiru urteetan. Mundu profesionalean eta pertsonalean egiten dudana ber ildotik doa, euskararen alde, herri dinamikan eta gazte proiektuaren inguruan.
Agian, kantuz ari naizela eta musikari bilakatzeko asmoa dudala jende guttik daki. Ttipi ttipitan hasi nintzen kantuz "Haurrock" taldean eta betidanik gustoko dut kantatzea. Aspalditik idazten ditut nire kantuak eta duela urte batzuk ausartu naiz oholtza gainean kantatzen. Pixkanaka ari naiz kuraia hartzen eta gogoa nuke musika bidean aitzinatzeko.
Euskara ttikitatik dakizu?
Ez da arras etxeko hizkuntza, baina aitaren aldetik aitatxi-amatxik, otto, ttantta guztiak euskaldunak dira, ez da kasua amaren aldetik. Gero hiru urterekin ikastolan sartu nintzen beraz ttikitatik euskalduna naiz.
Eguneroko bizitzan nola estimatuko zenuke euskaraz eta frantsesez pasatzen duzun denboraren bataz bestekoa?
Errango nuke denbora gehiago ari naizela euskaraz frantsesez baino; lanean euskaraz ari naiz eta lanetik kanpo ditudan aktibitateak ere, gaztetxean, musikan edo eskolako lagunekin, euskaraz izaten dira. Aldiz nire amak ez daki euskara eta nire familaren parte batek ere ez. Orduan errango nuke denboraren %60 edo 70a euskaraz ari naizela.
Euskara abantaila edo oztopo?
Ez dut horrela ikusten, naturalki erabiltzen dudan hizkuntza da niretzat. Gero argi da erdaldun batzuekin oztopo bilakatzen ahal dela aski fite.
Zizpa gaztetxea bezalako lekuak garrantzitsuak dira Lapurdi kostaldean?
Biziki inportanteak dira gazteak biltzeko eta proiektuak sortzen ikasteko, gauza andana ikasten dugu. Elkar ezagutzeko eta besta egiteko leku bat da ere! Ni Angelukoa naiz eta Baionako gaztetxean ari naiz, horrek erran nahi du Angelun badela hutsune bat, baina biziki kontent naiz eramaten ari garen proiektuarekin. Orain"€œzahartzen" ari gara pixkanaka, orduan gazte berriak biltzen ditugu, guri dagokigu erreleboa pasatzea eta hori biziki polita da, espero dugu segida polita izanen dela.
Euskararentzat ere Zizpa bezalako lekuak biziki inportanteak dira, Baionan zein beste herrietan, dena euskaraz edo elebidunean egiten baitugu. Hemen lortu duguna ere, euskaraz ez dakiten gazteak gurekin proiektu batzuetan parte hartzea da. Horrek ere sentiberatzen ditu beste gazteak eta motibatzen ditu euskara ikasteko.
Angelun errexa da euskaldun izatea?
Egia erran aktibitate gehienak ez ditut Angelun beraz denbora gutti pasatzen dut bertan. Baina egia da komertzio edo ostatuetan zerbitzariekin trukatzeko ez dela aukera anitz. Euskaraz aritzean, behin gertatu zait zerbitzari batek erantzutea"€œdeusetaz, zuen herrian erraten den bezalaâ€, Lapurdi kosta atzerria balitz bezala! Halere, leku jakin batzuk badira non euskaraz ari diren, baina oro har konplikatua da.
Leku goxo bat euskaraz momentu goxo bat pasatzeko?
Lapurdin, gaztetxea bistan da, bestela, Baionako"€œXina" ostatuan biltzeko ohitura badugu. Harago euskararen alde egiten diren festa guztiak euskaraz aritzeko aukera onak dira.
Angeluar batek zer nahiago du: Surf taula edo mendiko zapetak?
Ni ez naiz surfalaria, baina hondartzan egotea gustatzen zait. Gero uste dut itsasoa maite duten gehienek mendia ere gustoko dutela, nire kasua da behintzat. Beraz hondartza jarriko nuke lehenik, baina biak biziki maite ditut.
Gorroto duzun zerbait?
Jendearen axolagabekeria ingurumenarentzat.
Maite duzun zerbait?
Musika.
Zein izango litateke zure ametsetako euskararen herria?
Hasteko ederra litzateke bertako jendea zein atzerrikoa, agurtzeko momentuan, naturalki egun on erratea. Beste herri batera bidaiatzen dugunean, beti entseatzen gira bertako hizkuntzan agurtzen, beraz ongi litzateke gauza berdina hemen gertatzea.
Zure amets bat?
Kantari famatu baten dantzari izatea, edo bestela musikan dudan proiektua garatzea edo gaztetxean gauzak sortzea eta proiektu berriak entseatzen segitzea.
- Argazki gehiago: https://www.instagram.com/mintzalasai/
- Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=1hjWu57YVzw
























