mintzalasai

Elkartea

Alternatiba bat ingelesari

Mintzalasai festibalaren karietara, hiztegi txiki bat argitaratzen dugu urtero, euskara informala garatzeko helburuarekin. Orain arte, besta giroko hiztegia, sexualitateari buruzko hiztegi kokina eta irainen eta hitz larrien hiztegitxoa argitaratu dira. Aurten, ingeleskadak saihesteko hiztegia sortu da.

2021eko Urriaren 4a | | ± 01 min 20 s

Ingelesaren eragina

Hiztunak harremanetan diren heinean, zentzuzkoa da hizkuntzen artean ere interferentziak izatea. Euskaraz mintzatzean, erderazko hitzak sartzen ditugu: frantsesezkoak, ingelesezkoak. Berez, maileguak ez dira onak ala txarrak; bizi den hizkuntza baten seinale dira. Baina euskara hizkuntza hegemonikoekin ukipen egoeran izanki, transferentziak aldebakarrekoak izaten dira.

Hiztegitxoaren aurkezpenean irakur dezakegu, ingelesak, beste hizkuntzek bezala munduaren ikuskera bat transmititzen duela: kasu honetan, american way of lifearen hyper indibidualismoa, etengabeko lehia, itxurakeria obsesiboa, tekno-menpekotasuna? Horren parean, hiztegiak euskarazko alternatibak proposatzen ditu. Gehien-gehienak jadanik existitzen eta erabiltzen diren hitzak dira, eta bakan batzu, asmatuak eta sortuak. Hizkuntza bizi bat etengabe aldatzen eta berritzen baita.

Hiztegiaren nondik norakoak

Hiztegian, egunerokoan frantsesez edo euskaraz mintzatzean erabiltzen diren hitz andana atzemanen ditugu nahas-mahas alde batetik, eta bestetik lau atal berezi: zinema eta artea, teknologiak, enpresa mundua eta moda.

Adibide zenbait

  • Break: Pausa
  • Brunch: Hamaiketakoa
  • Caddie: Orgatxoa
  • Challenge: Erronka
  • Cool: Atsegina, lasaia
  • Freelance: Nor bere kontu
  • Lifestyle: Bizimodua
  • Mug: Katilua
  • Parking: Aparkalekua
  • Scoop: Kutzukeria
  • Week-end: Asteburua
  • Live: Zuzenean

Hiztegia osorik ikusi eta deskargatzen ahal duzue: https://mintzalasai.eus/lib/pdf/--ingeleskada_mintzalasai_165952.pdf


Mintzalasai festibala heldu da, ikus egitaraua

Elkartea

Mintzalasai festibala heldu da, ikus egitaraua

Aurten ere, gomita batekin heldu gira: gure hitz txikiek eragin handiak izan ditzakete okindegira sartzean, administrazioko harlekuan, parkean, ezezagunekin harremantzerakoan? Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen. Irailaren 21etik 27era, euskaraz gozatzeko egitaraua antolatu dizuegu aurten ere.

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Portretak | Ortzi Hegoas Maroteaux

Biarritzen euskaraz bizitzea helburua da, ez da ametsa

Begien urdin kolore berdina duen kasketa buruan eta irribarrea aurpegian agurtu gaitu Ortzi Hegoasek (1988 Baiona) Marion aintziraren inguruan. Xutik taldearekin musikan ari ez denean, agenda nola betetzen duen kontatu digu Biarritzeko musikariak. Publikoarekin, lagunekin, lankideekin zein familiarekin euskaraz naturaltasunez aritzea, ametsa baino helburua duela argi du bateria jole ezagunak.

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons

Haurrekin gaztetxe ttiki bat sortzen dugu asteazkenero!

Nahia Corrihons-en (1999, Donostia) burasoek ez zuten asmatzen ahal, sei urteko alabaren izena ematean Uda Lekuetan, bertan bizitako esperientziak haren bizitzan hainbeste eragin izango zuenik. Gaur egun Biarritzeko Uda Lekun lan egiten duen emazte gazteak, bere irrifar kutsakorra eta bere energia plazaz plaza partekatzen du publikoa dantzan jarriz, aita gitarra jolea ondoan duela.

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Ortzi Jauregi

Uste baino euskaldun gazte gehiago gira, kostaldean ere!

Baxoa sakelan, Baionako Etxepare lizeoa atzean utzi eta Angeluko ISA BTP ingenieritza eskolako erritmora egokitzen hasia da Ortzi Jauregi Biarriztar gaztea (2004, Baionan). Eskolan zein hirian, euskalduntasuna normaltasunez eta harrotasunez bizi nahi duen gazteriaz aritu gara Marion aintziraren bazterrean.

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Portretak

Biarritzen, euskaraz eta xuka, baietz!

Biarritzeko Herriko Etxeko bulegoetan gelditu gara Viviane Ithursarry (1976, Baiona) euskara zerbitzuko lankidearekin. Mintzalasai festibalaren bilana bukatu berria, euskararen aldeko dinamikaz eta euskaldun izateaz Lapurdi kostaldean aritu gara "etxeko" pilotazalearekin.

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Enrike Lopez

Bizitzak euskarara eraman nau beti

Iruñeatik Biarritzera, Beriainetik Marion aintzirara, Enrike Lopezek (1964, Paue) lagun artean arituz ikasi du lehenik herri hunen hizkuntza. Lapurdi kostara iristean, hitz egitetik euskara irakasteko eta besteekin partekatzeko erabakia hartu zuen. Geroztik, Biarritzeko gau eskolan, luzatuz doa Enrikerekin, herri hunen hizkuntza eta izaera deskubritzen duten ikasleen zerrenda.