PortretakLIBE GONI
Energia eskuetan, euskara bihotzean
Baionako Santa Espiritu auzoko apartamenduan Libe Goñiren (1947 Oteitza) aurpegi argi eta alaiak errezibitu gaitu kafearen tenorean. Iparraldeko lehen ikastolen sorreraz eta Seaskaren historiaz artikulu luzea idazteko hitzordua izan zitekeena, istorio ederrez eta energiaz betetako solasaldia bihurtu da andereño eta Reiki emaile euskaldunaren ondoan.
2022ko Otsailaren 18a | | ± 06 min 06 s
Nafarroan sortu, Gipuzkoan handitu eta Lapurdin bizi. Nondik nora doa zure ibilbidea?
Nire aitaren herrian, Nafarroako Oteitza herri txikian sortu nintzen eta ama Zarauztarra zen. Biziaren eta gerraren gora-beheren ondorioz, familia Lazkaon kokatu zen eta ama bertako errientsa izan zen erretreta hartu arte. Amatxoren urratsak jarraituz, ni ere irakasle izan naiz ogibidez. Lapurdira etorri aitzin, Gipuzkoan hasi nintzen irakasten. Francoren garaia zen eta gure asmoa zen euskaraz lan egitea, testuinguru gogorraren gainetik, euskararen etorkizuna segurtatzeko. Eskola emateaz gain, garai batez Nafarroako hiriburura joan nintzen formakuntza bat segitzera, haurrak hobeto ezagutzeko marrazkien bidez. Euskaldun izatea edo ikurrina bat edukitzea debekatua zen garai hartan eta egun batez ama etorri zitzaidan abisatzera polizia nitaz galdezka etorri zela. Polizien torturak ohizkoak ziren urte horietan, ihes egitea erabaki nuen eta muga pasatu nuen, Donibane-Lohizunera etorriz.
Garaian hemen ez zen ikastolak sortzeko girorik, baina nire ezagun batzuen lagunek norbait bilatzen zuten haurrak zaintzeko euskaraz. Horrela iritsi nintzen Argitxu Nobliaren etxera. Gero haurren anai-arreba handiagoak ere heldu ziren euskaraz kantatzera eta aritzera. Niretzat hor hasi zen Seaska.
Baionako etxe batean, gero Enbataren lokalean, Angelun egon ginen eta hortik gutxira, erran ziguten Arrangoitzeko Markesa lokal bat egiten ari zela gazteentzako eta prest zela bertan ikastola bat aterpetzeko. Erran behar da Arrangoitzeko etxe hori beti idekirik izan dela euskaldunentzat; hor egon ginen 1970etik goiti.
Nostalgiaz gogoratzen dituzu garai horiek?
Dinamika izugarri bat piztu zen garai hartako burasoen artean. Gauza asko egiten genituen euskararen eta herriaren alde. Adibidez garaian ere Olentzero ekarri genuen lehen aldiz Arrangoitzeko plazara. Buraso batzuek txokolatea, besteak bixkotxak ekarri zituzten eta Coca Cola koloredun Papa-Noelen ordez, Lazkaon nire amak jadanik plazara eraman zuen Olentzeroren pertsonaia ekarri genuen ere hemengo haurrei opariak banatzera. Denetan bezala, gure artean ere desadostasun batzuk eduki genituen, baina orokorrean biziki garai polita izan zen.
Garaian aurreikusten zenuen Seaskaren ibilbidea?
Hastapenetik batzuk argi zuten, adibidez Gallastegi jaunak berehala erran zuen ikastolak urte osoan egon behar zirela irekiak, beste batzuek lehen maila egiteko beharra argi zuten beste batzuentzat eromena zen. Nik galtzagorriak deitzen ditut garai hartako burasoak, egunero indarrak ateratzen zituztelako euskararen alde lan egiteko. Orain poz-pozik ikusten ditut horien ondorengoak bide beretik. Gaur erran dezaket harro sentitzen naizela, nire haurrak ere lekukoa hartu eta euskalgintzan ari direlako.
Euskararen gaurko egoera ikusirik, zer proposatuko zenuke gure hizkuntzaren alde?
Beti ari gira besteen jarrera behatzen, baina guk zer egiten dugu? Uste dut jendeen kontzientziak piztu behar direla. Gero, iparralde edo hegoalde bezalako kontzeptuekin gabiltza beti, guti aldiz, Gipuzkoaz, Bizkaiaz, lurraldetasunaren gaiaz, gure herriaren zentzuaz... Ni adibidez inguruko lagun zein ezagun guztiekin euskaraz ari naiz beti, egun on edo milesker, behintzat, euskaraz erraten ditut, hizkuntza ez dakitenei ere. Gure eskutan da altxor hori bizirik izatea. Agintariei gauzak eskatzea ados, baina gure eskutan dago guztia. Besteari zer eskatu galdegin ordez, nik zer egiten dut? gure buruari galdeginez geroz, gehiago lor dezakegula uste dut. Noiz lotuko ditugu euskararen alde egiten ditugun ekintzak eta hizkuntza erabilera?
Euskaratik kanpo beste zaletasunik baduzu?
Bizian denok zulo handi batean sartzen gara tarteka, ni, behintzat, infernu itxura zuen zulo batean sartu nintzen garai batean. Baina bizitzaren etapa zaila horri esker, Reikia ezagutu nuen. Reikia da eskuen bidez eskaintzen den artamendu energetikoa. Esperientzia handia eduki nuen, ikusiz zer energia, zer indarra, zer ahalak dituen arta modu horrek, haurren tripako minak kentzeko eta beste gauza askotarako. Ondorioz, Reikia emateko formakuntza egin ondoren horretan sartu nintzen buru-belarri. Urteetako esperientziaren ondorioz, Reikia pixka bat egokitu eta liburu bat argitaratu dut, Har 3 minutu zuretakoizenekoa, izan ere hiru minutuko tarte batek ekar lezakeen onura izugarria da Reikian, horretan nabil orain, energiaz beterik.
Gorroto duzun zerbait?
Ez dut gorrotorik, baina gauza batzuk ez ditut maite, adibidez, ikastolatik pasa diren haurrak frantsesez entzutea, baina halakotan gorrotoa baino tristura sendi dut.
Maite duzun zerbait?
Hiru aldiz haurdun egon naiz eta aldiro biziki maitatu dut haurra sabelean harekin eduki dudan harreman hori, kalakak eta abar? Momentu goxoenak pasa ditut haurdun.
Gero Olentzero karriketan edo Ihauteriak ikustean pozik sentitzen naiz, bizia maite dut. Batzuetan nire burua gehiago maitatu nahi nuke zoriontsu izateko.
Luzaz burasoengandik eduki dugun heziketa katoliko, apostoliko, edo nahi duzun horrek sinestarazi digu mundu huntan sufritu behar genuela. Nik orain erraten dut mundu hau zoriontsu izateko izan behar dela. Zerbait ez badut gustuko ez dut egiten eta kitto ez dut zergaitirik behar, azalpenik eman behar.
Amets bat bukatzeko?
Bai orain arte errandakoaren harira, amestuko nuke Baionako saltegi guztietan euskaraz entzutea, dantza eta hizkuntza lotzea, eta eskola guztiak hiru hizkuntzak ematea: euskara, frantsesa eta gaztelania.

























