Euskara Herriko Etxeetan, urratsez urrats
Administrazioetan, luzaz euskara debekatua edo zokoratua izan bada ere, euskararen aldeko urratsak ematen ari dira azken denboretan. Ildo horretan aitzinatzeko, herritarren eskaera soziala gako garrantzitsua da.
2021eko Maiatzaren 3a | | ± 01 min 32 s
Herriko Etxeetan euskara luzaz baztertua izan bada, pixkanaka izpi batzuk agertzen dira. 1950eko hamarkadatik, herri mugimenduek lan handia egin dute euskararen biziberritzearen alde. Euskalgintzak, militanteek tresna batzuk sortu zituzten, programatua zen politika linguizidio bati aurre egiteko: hedabideak, ikastolak, gau eskolak, aisialdi egiturak? Urte hauetan, baliabiderik gabe eta haizeak kontra izanez, herrigintza antolatu da eta tresna horiek abiatu ditu.
Azken 50 urteetan euskara herri mugimenduaren esku izan bada ere, duela 10 urte hasi ziren instituzioak dantza horretan sartzen, besteak beste Euskararen Erakunde Publikoaren bidez, eta berriki Elkargoaren bidez ere bai.
Artikulu serie honetan, Herriko Etxeetan eman diren edo ematen ari diren aitzinamenduak aipatuko ditugu: egoera zibilean diren berritasunak, Hendaia eta Itsasuko herriko etxeen iniziatibak, euskara teknikari postu berriak eta karriken izenen euskaratzea edo zuzentzea Elkargoko teknikarien eskutik.
Kasu guzietan Herriko Etxeen aitzinamenduak aipatuko ditugun arren, gako garrantzitsua dira herritarren presioa eta eskaera soziala. Euskara presenteago ikusi nahi duten herritarrek, galdea edo kexa helarazi behar diote Herriko Etxeari, zerbitzu bat euskaraz jaso nahi duen herritarrak, lehen hitza euskaraz egin beharko du Herriko Etxean sartzean, eta horrela transmitituko ditugu gure eskaerak eta gure beharrak. Instituzioak aitzinatzeko, herritarrak beharrezkoak baitira.




























