Sartze honetan euskara ikasteko 10 arrazoi (Biarritzen ere)
Sartzea heldu da, eta euskara denen eskura dago. Noiztik pentsatzen duzu euskara ikasi behar duzula /euskara maila hobetu behar duzula, baina beti gibelatzen, egiteko hoberik atzemanik? Hona hemen, zuretzat, AEKn izena emateko 10 baliozko arrazoi.
2016ko Irailaren 2a | ± 02min 28s
1) Ingurumena atsegina da: AEKk egoitza ederrean hartuko zaitu, Jules Ferry karrikan, Mediatekaren eta Rocailles lorategiaren ondoan, hiri barnetik hurbil-hurbil.
2) Giroa goxoa da: Lehentasuna praktikari ematen zaio, eta atsedenaldia topaketa-memento gisa antolatzen da, kafe, edari eta partekatzeko bertze hainbat onkeriarekin.
3) Formulak egokituak dira: Maila guziak daude, hasiberrietatik hobekuntza mailetara; klaseak goizez, arratsaldez edo arratsez iragaten dira, bakoitzaren denbora librearen arabera. Bestalde, klase bereziak badira haurrak sail elebidunean dituzten burasoentzat, baita taldeko presentzia-klaseak eta on-line klaseak uztartzen dituzten formulak ere.
4) Formatzaileek esperientzia dute: AEKk 30 urteko esperientzia du euskararen irakaskuntzan, eta milaka euskaldun berri formatu ditu Euskal Herri osoan.
5) Aperitifak merkeago pagatuko dituzu: Ez dago unibertsitate ikerketarik, ez kazetari inkestarik, datu hori zientifikoki egiaztatzen duenik; baina Donostiatik Bilbora eta Hondarribitik Iruñera, pintxoak merkeagoak dira euskaraz galdegiten direlarik.
6) Aiseago dragatuko duzu: Euskara hizkuntza afektiboa eta hurbilekoa da; psikologo guziek diote euskara faktore erabakigarria dela dragatzeko. Halaber, jarrerari buruzko zientzia inkestek berriki frogatu omen dute euskaraz ari diren dragatzaileak, euskara erdipurdi emanik ere, xarmagarri eta maitagarriago agertzen direla.
7) Kantatzen duguna ulertzeak kantuak ederrago egiten ditu: Jogurt fonetikozko kantuek xarma izanik ere, hobe da, ororen buru, euskal kantuen fintasuna eta poesia ulertzea.
8) Uste baino parada gehiago da praktikatzeko: Haurrekin, auzokoarekin, osaba zaharrarekin edo baratzezainarekin, praktikatzeko paradak denetan daude. Onddo xokoak bezalakoak dira: ez dira atzematen errazenak, baina gero, zenbat poz!
9) Euskarak ikas dezazun merezi du: Munduan baliatzen diren 6500 hizkuntzak bezalaxe, euskara aberatsa eta egungoa da. Gainera, badu alde misteriotsu bat, are ederragoa egiten duena.
10) Euskara ikasgarria da: Maiz familiako hizkuntza dela erraten da, zaila dela, konplexua, ezin harrapatua. Alta, euskara ikasten ahal da, bertze hizkuntza oro bezala. Urtero, milaka jende hasten dira. Zergatik ez zu?
Izena emateko: 2016ko irailaren 19tik 23ra, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Biarritzeko AEK - 9bis Jules Ferry karrika - 64200 BIARRITZ - 05 59 22 30 32 - biarritz@aek.eus